Aurreko Albisteak

Enkarterrietako Museoak, familia osoari zuzendutako hainbat jarduera didaktiko antolatu ditu Gabonetan

Abellaneda

Abellanedan, 2013ko abenduaren 18an.

"ZorionEM eta enkarterriON" izenburuagaz, Enkarterrietako Museoak (Abellaneda) familia osoak ondo pasau daian pentsautako Gabonetako hainbat jarduera antolatu ditu. Abellanedako Batzar Etxe zaharrean dagoan kulturguneak oso “menu” berezia prestau dau jai honeetarako, kultura eta dibertsinoa alkartuz. Bertara hurreratzen diran pertsonek, San Mames zaharraren 100 urteak dirala eta talde zuri gorria omentzeko antolatutako “Enkarterri, ehun urte Athletic-ekin” erakusketea bisitetako aukerea izango dabe. Baina, ganera, beste alternatiba didaktiko batzuk be badagoz museo barruan, Historiaurreari eta Erdi Aroari buruzko umeentzako tailerrak, Bizkaiko ikasleen programazino pedagogikoan ohikoak diranak.

HISTORIAURREARI BURUZKO TAILERRA
Jarduera hori familiengana hurbiltzeko eta historiaurreko sekretuak modu esperimentalean eta atseginean ezagutzeko dago pentsauta. Pigmentu naturala, ardaia, pirita, suharria edo errekarriak, beste material batzuen artean, izango dira umeek, museoko begiraleen laguntzagaz, orain milaka urteko bizimoduan murgiltzeko erabiliko dituen elementuak. Bertara, 8 eta 12 urte arteko umeak joan ahal izango dira, helduek lagunduta.

ERDI AROARI BURUZKO JARDUEREA FAMILIENTZAT
Erdi Aroa ezagutu gura izan ezkero, 6 eta 12 urte arteko bisitariek eleiza erromaniko bat eregi ahal izango dabe euren eskuakaz, idazketa gotikoaren klabeak ezagutu ahal izango ditue, puntu erdiko arku bat egingo dabe, edo Erdi Aroko armadura bat eroatearen sentsazinoa sentidu ahal izango dabe.

Jarduera bi horreek abenduaren 23an, 26an, 27an eta 30ean eta urtarrilaren 2an eta 3an egin ahal izango dira.

ATHLETIC TALDEARI BURUZKO ERAKUSKETEA IKUSTEKO AZKENENGO EGUNAK
Tailerrakaz batera, “Enkarterri, ehun urte Athletic-ekin” erakusketea be bisitau ahal izango da. Bertan, Athletic taldearen Enkarterrietako jatorria eta eskualde horretatik eta itsasadarraren ezkerraldetik eta Meategi ingurutik sortutako jokalari kopuru handia zehazten dira: Gorostiza, Bata, Venancio, Lezama, Aranguren, Uriarte, Marro, Clemente, Dani, Sarabia, Goikoetxea, Urtubi, Guerrero… euren golak, geldituak, anekdotak…! Erakusketea urtarrilaren 12era arte egongo da zabalik.

Informazinoa eta erreserbak: 94 650 44 88 edo 94 610 4815 eta www.enkarterrimuseoa.eus web gunea. Jarduera guztiak doakoak dira.