Aurreko Albisteak

Batzar Nagusiek 2014ko Bizkaiko Aurrekontuak onetsi ditue

Panel

Gernikan, 2013ko abenduaren 20an

2014ko Bizkaiko Lurralde Historikoko Aurrekontu Orokorrak gaur goizean onetsi dira, Gernikako Batzar Etxean egindako osoko bilkuran, Euzko Abertzaleak (EAJ-PNV) taldearen aldeko botoei eta Socialistas Vascos (PSE-EE) eta Bizkaiko Popularrak (PP) taldeen abstentzinoari esker. EH Bildu izan da kontu publikoek kontra agertu dan bakarra. Kontuek 6.919 milioi euroko zenbatekoa daukie –aurtengo ekitaldian baino %5,2 gehiago–, eta horietatik 1.502 barne kudeaketara bideratuko dira.

Bozketea, ordubete eta erdiko eztabaidaren ostean egin da. Eztabaidan, Batzarretako talde bakotxak bere jarrerak defendidu ditu, esku hartzeko hainbat txandatan. Aurrekontuei buruzko Foru Arauak Bizkaiko Batzarren behin betiko onespena jaso dau bederatzi bozketa egin ostean, bat Sail bakotxerako, eta beste bozketa bat Testu Artikulaua berresteko. Bozketa guztiek emaitza bera izan dabe: aldeko 22 boto (EAJ-PNV), 16 abstentzino (PSE-EE eta PP) eta kontrako 11 boto (EH Bildu).

Kontuen kontrako boto bakarra eta bere taldeak 2013ko azkenengo osoko bilkurarako erreserbautako 64 zuzenketa-eske parzialak defendidu dituan Joseba Gezuraga EH Bilduko ordezko bozeroaleak adierazo dauenez, Bizkaiko aurrekontuak “antisozialak, mugatzaileak eta matxistak dira”, interes “partidistei” erantzuten deutsie eta EAJ-PNV, PP eta PSE-EE taldeen artean adostutako “kontra-erreforma fiskalaren seme-alabak dira”. Krisi garaietan, aurrekontuak “betikoei estutuz” egitea kritikau dau. Bere taldearen zuzenketa-eskeak defendidu ditu, zuzenketa horreekaz koalizino abertzaleak bultzada handiagoa emon gura izan deutseelako gizarte arloko gastuei, eta ekonomia bultzatzeko proposamenak jasoten ebezalako, ondoko lurraldean jeltzaleakaz adostutakoak gogoratuz. “Gipuzkoarako onak badira, zergatik ez dira onak Bizkairako?”, galdetu deutso jeltzaleen taldeari.

Euzko Abertzaleak taldearen aldetik, Jon Andoni Atutxak, sozialistek eta popularrek adostasunak lortzeko erakutsi daben “jarrerea” eskertu dau, taldeen artean desbardintasunak dagozan arren. Bere eretxiz, onartutako kontuen helburua “gizarte zerbitzuei eustea, enpleguari eusten laguntzea eta lanpostu barriak sortzea eta jarduera ekonomikoa eragingo daben proiektuetan eta azpiegituretan inbertsinoagaz jarraitzea da”. Bere parte hartzean, batzarkide jeltzaleak, EH Bilduk kontuen negoziazinoari jagokonez erakutsi dauen jarrerea kritikau dau. “Ezinezko planteamenduak egiten ditue, bilatzen daben erantzun bakarra ezezkoa dalako”. Koalizino abertzalearen jarrera “maximalistak” kritikau ditu, bere alderdiak Gipuzkoan erakutsi dauen jarrera “konstruktiboagaz eta arduratsuagaz” alderatuta. Talde horren jarrera “burugogorraren eta itxiaren” ondorioz, “Gipuzkoan posible izan dana, hemen –Bizkaian–, ezinezkoa izan da”.

PSE-EE eta PP taldeak, astearen hasieran euren zuzenketa-eskeak onartzen zirala ikusi eta gero heldu dira Batzarretako azkenengo izapide honetara, kontuak negozietako fasean Aldundiagaz eta EAJ-PNV taldeagaz lortutako akordioei esker. Alderdi biek “desbardinen arteko akordioen” garrantzia azpimarratu dabe, horri esker lurraldeko kontuak “hobetu” ahal izan diralako, bizkaitar guztien mesederako. “Danok arindu behar izan doguz geure jarrerak”, adierazo dau Gonzalo Zorrila-Lequerica batzarkide popularrak. Popularrek gogoratu dabenez, adostu diran euren zuzenketa-eskeen helburua Aldundiko sail bi hobetzea da, Gizarte Ekintza eta Ekonomia Sustatzeko Saila, gizarteko hainbat talderi laguntzeko eta enplegua sortzeko eta ekonomia bultzatzeko, merkataritzaren arloan zentratuz.

Ildo berari jarraituz, Iñaki Egaña talde sozialistako bozeroaleak, akordioa “konfiantza sortzen dauen” tresna dala adierazo dau. “Ez dira gure aurrekontuak”, azpimarratu dau, baina “enplegua sortzeko, gizarte arloko gastua berreskuratzeko eta itxaropena itzultzeko” balioko daben kontuak dira. Azpimarratu dauenez, talde sozialistak emondako laguntzaren zergaitia, berrikuspen fiskal “progresiboa eta progresista” gauzatu dala, eskualde mailako enplegu planak bultzatu dirala eta azpiegituren aldeko apustua egin dala izan da. Azpiegitura horreen artean Ermuko saihesbidea edo Ansioko Lantegi arteko errepidea dagoz, “aberastasuna sortuko daben” elementu moduan.


JASOTAKO ZUZENKETA-ESKE PARZIALAK

Sail bakotxak onartu dituan aurrekontuetako zenbatekoak aste honen hasieran egituratu ziran, zuzenketa-eske parzialei buruzko eztabaidetan. Bizkaiak 2014rako izango dauen aurrekontuak aldaketak jaso ditu Gizarte Ekintza, Kultura, Herri Lan eta Garraio, Ekonomiaren Sustapen eta Ingurumen sailen programetan eta Testu Artikulauan eragina izango daben 23 zuzenketa-eske parzial sartu ostean.

Azkenean, Bizkaiko Foru Aldundiak bere kudeaketarako eukiko dauen zenbateko ekonomikoa holan banatuko da bere zortzi sailen artean:

- Gizarte Ekintza Sailak 488.150.548 euro izango ditu.
- Herri Lan eta Garraio Saila, 321.169.595 euro.
- Ogasuna eta Finantzak, 125.389.143 euro.
- Ekonomia Sustatzeko Saila, 83.556.103 euro.
- Ingurumena, 76.497.937 euro.
- Lehendakaritza, 73.361.460 euro.
- Kultura, 61.447.588 euro.
- Nekazaritza, 46.396.108 euro.

Lotutako artxiboak: