Bizkaiko kontuen aurreko zuzenketa-eske parzialen eztabaidarako lehenengo jardunaldia, 2,62 milioi euroko balioa daukien lau aurrekontu eskariren onespenagaz itxi da
2014ko Bizkaiko Aurrekontuen Proiektuak izapide barria gainditu dau gaur Bizkaiko Batzar Nagusietan. 2014ko Bizkaiko kontu publikoen aurrean aurkeztutako 35 zuzenketa eske parzial eztabaidatu dira. Zuzenketa-eske horreek Lehendakaritza, Kultura, Nekazaritza eta Ingurumen Foru sailen aurrekontuei aurkeztu jakez. Bizkaiko Batzar Nagusiek Bilbon daukien egoitzan egindako Ekonomia eta Ogasuneko lau komisinoak bukatu eta gero, departamentu horreetako aurrekontu programak onartu dira. Bozketa guztiek emaitza berbera izan dabe: Euzko Abertzaleak (EAJ-PNV) taldeko ordezkarien aldeko 6 boto; 4 abstentzino (PSE-EE-ren bi eta PP-ren beste bi); eta kontrako 3 boto (EH Bildu). Azken erespenak hiru aldaketa sartuko ditu Kulturako kontuetan eta bat Ingurumenekoan. Guztien kopurua 2,62 milioi eurokoa izango da. Aldaketa horreetako bi EAJ-PNV taldeak proponidutako aldaketak dira, PP taldeagaz adostutako zuzenketa-eske transakzionalen bitartez, eta beste bi PSE-EE taldeak proponidutakoak, jeltzaleakaz adostu eta gero. Azken bi horreek Portugaleteko udalerriari buruzkoak dira. Hiru talde horreek EH Bilduk aurkeztutako 31 zuzenketa-eskeak baztertu ditue.
Aldaketa gehien –hiru– Kultura sailaren programen aurrekontuetan gertatu dira. Sail horretan, taldeek, 19 zuzenketa-eskeri buruzko eretxia emon dabe. Azkenean, batzordeak EAJ-PNV taldeak, popularrek hasieran aurkeztu dituen zuzenketa biren aurrean aurkeztutako zuzenketa-eske transakzional bi onartu ditu. Horreetako bati esker, beharginen gastuak 20.000 euro ingurutan handituko dira, Foru Liburutegiko ikasketa gelaren ordutegia zabaldu ahal izateko. Bestearen bitartez, 100.000 eurotan igongo da Algortako Portu Zaharra barriztetako azterlanak egitera bideratuta egoan 10.000 euroko hasierako partidea.
Halanda be, aldaketa garrantzitsuenak, diru-kopuruari jagokonez, Portugaleteko udalerriaren aldekoak izango dira. PSE-EE-k aurkeztu dauen zuzenketa-eskea EAJ-PNV eta PP taldeen laguntzagaz eta EH Bilduren kontrako botoagaz onartu da. Zuzenketa-eske horren bitartez, 500.000 euroko diru-laguntzea gehituko jake Kultura Sailaren Aurrekontuei, Pando Aisiako kirol eremu barrira zuzentzeko. Ingurumen saileko kontuetan be egon dira aldaketak. Batzordeak argi berdea emon deutso Ezkerraldeko udalerri horretara zuzendutako 2 milioi euroko beste diru-laguntza bati, ingurumen azpiegituretan inbertsinoak egin ahal izateko. Kasu horretan EH Bildu abstenidu egin da. Sozialistek adierazo dabenez, ekimen bien helburua Portugaleten ekonomia eta enplegua indartzeko jarduketak bultzatzea da.
ALDAKETA BARIK LEHENDAKARITZAN ETA NEKAZARITZAN
Batzarretako jardunaldia, Lehendakaritzako foru sailaren aurrekontuari aurkeztutako zuzenketa-eskeak eztabaidatu dituan batzordeagaz hasi da. Saio horretan, koalizino abertzaleak aurkeztutako 7 zuzenketa-eske eztabaidatu dira. Horreetako batak be ez dau Batzarretako “filtroa” gainditu. Gauza bera gertatu da Nekazaritzako foru sailaren aurrekontuei aurkeztutako zuzenketa-eskeak eztabaidatu dituan batzordean. EH Bildu taldeak planteautako zuzenketa biek emaitza berbera jaso dabe: EAJ-PNV, PSE-EE eta PP taldeen kontrako eretxia.
BIHAR, BESTE LAU SAIO
Aurrekontuaren aurrean jarritako zuzenketa-eske parzialen Batzarretako izapidea bihar amaituko da. Bihar egingo diran lau saioetan, sail honeen aurrekontuen aurrean aurkeztutako zuzenketak eztabaidatuko dira: Gizarte Ekintza (goizeko 09:00etan), Herri Lanak eta Garraioak (11:00etan), Ekonomia Sustatzeko Saila (12:00etan), eta Ogasuna eta Finantzak eta Foru Arauaren Testu Artikulatua (13:00etan).
Lurraldeko kontu publikoak 6.919 milioi eurokoak dira, aurtengo ekitaldian baino ehuneko 5,2 gehiago. Kontuen behin betiko onespena bariku honetan, abenduaren 20an, bukatuko da, seguruenez, Gernikako Batzar Etxean egingo dan osoko bilkuran. Bertan, Batzarretako taldeek Ekonomia eta Ogasuneko batzorde horreetan erreserbautako zuzenketa-eskeak aztertuko dira. Momentuz, EH Bilduk, batzordean onartu ez diran zuzenketa-eske guztiak erreserbau ditu.