Aurreko Albisteak

Bizkaikoak "gogobetete maila altuko" kultur kudeaketa eredua gauzatzea lortu dau

Batzordea

Kultura eta Euskerako Batzordea

Bilbon, 2013ko abenduaren 12an

Josune Ariztondo Kultura diputatua Batzar Nagusietara joan da gaur, EH Bildu eta PP taldeek eskatuta, Bizkaikoa izeneko erakundea martxan jarri zanetik hiru urte igaro eta gero izandako lorpenen balantzea egiteko. Foru erakundea 2010eko abenduan sortu zan, Bizkaian dagozan 5 museoren eta 8 ondare espazioren ekintza koordinetako. Diputatuaren berbetan, lehenengo hiru urte horreen emaitzeak “gogobetete maila altua” erakusten dau. Bizkaikoak “kultur eta administrazino kudeaketa eredu positiboa indarrean jarteko eta kudeaketa horren lehenengo emaitzak ikusteko” balio izan dau, “hobetzen jarraitzeko” aukerak dituan arren. “Gure ustez, Batzar Nagusiak zuzen ibili ziran proiektua bultzatzea erabagi ebenean”, adierazo dau.

Kultur arduradunak, denpora tarte horretan egin diran egiturazko aldaketa eta ekimen nagusiak aztertu ditu. Aritztondoren berbetan, Bizkaikoak 78 erakusketa antolatu ditu, 25 argitalpen kaleratu ditu, eta ehun tailer eta jarduera didaktiko baino gehiago ekoiztu ditu, 54 hitzaldiz gain. Erakusketen artean, diputatuak honeek azpimarratu ditu: Arkeologia Museoan egindako zeramikari buruzkoa, Euskal Herriko Museoan egindako Olaeta Balletei buruzkoa, Arkeologia Museoko historiaurreko faunari buruzkoa, edo Errekalde Aretoan antolatu diran Ramon Carrerari eta Rufo Criadori buruzko monografikoak eta Barriek programa.

Bere parte hartzean, diputatuak Ondareari buruzko Jardunaldi Europarrak aitatu ditu. Europar Kontseiluak 2001ean dibulgazinoko proiektu hori onartu ebanetik, Bizkaiak sentsibilizazino jardunaldi horreek programetan dituan “lurralde bakarra” izaten jarraitzen dau. Joan dan udazkenean Bizkaiko 65 udalerrik eta 80 erakunde pribaduk hartu eben parte programautako 150 jardueretan.

Kudeaketaren atalean, zerbitzu batzuen zentralizazinoak aurrezpen garrantzitsua ekarri dau. Ariztondok adierazo dauenez, Bizkaikoari esker, eraikinen garbiketa gastuak %16 murriztu dira eta zainketa gastuak %15. Ganera, azpiegituren mantentze lanetan be asko aurreztea lortu da. Adibide moduan, Europa parkearen azpiegituren mantentze lanetako faktureak “%45eko murrizketea” izan dau. Ganera, erakundeak 14 egunetara laburtu dau hornitzaileei ordaintzeko denporea, “eta garai honeetan enpresek asko eskertzen dabe hori”.

Baliabideen eraginkortasunari esker, teknikariak “kultur eukietan” zentrau ahal izan dira, eta horrek eragin handia izan dau eskaintzaren kalidadean, lehen beharginak “beste betebehar batzuk egiten” ibili behar ziralako, adierazo dau. Arlo horretan, Ariztondok adierazo dauenez 3 kontratazino barri egin dira; 6 behargin muga bako kontratua izatera pasau dira; eta beste 3 pertsonaren ordainketak hobetu egin dira, egin behar dituen betebehar barrietara egokitzeko.

Erronkei jagokenez, Kulturako foru arduradunak, 2014ko lehenengo hilebeteetan Bizkaiko museoei buruzko web gunea jarriko dala martxan adierazo dau. Gaur egun Bizkaikoak daukan web guneak izaera profesionala hartuko dau, alkartzeko eta trukatzeko leku bilakatuz. Ganera, Bizkaikoak, datorren ikasturtean museo batzuetara bisitak trenez egiteko aukerea aztertuko dau ikastetxeakaz (Arkeologia Museora, Euskal Herria Museora eta Arrantzalearen Museora).

Foru Erakundeak bere esku hartuko dau 2014an Boinas La Encartada museoaren eta Txakolinaren museoaren kudeaketea, eta Arrantzalearen Museoko lanak amaitzea aurreikusten dau. Diputatuaren ustez hobekuntzarako tartea dago oraindino erakundea gizarteari ezagutarazoteari eta zentroen sare propioaren artean erakusketa ibiltariak bultzatzeari jagokenez. Horrez gain, Ariztondok uste dau Bizkaikoaren Aholkularitza Kontseilua martxan jarteko “unea dala”. Adituz osatutako kontsultarako erakunde horretara Batzarretako lau taldeek izentautako profesionalak gehitzea gurako leuke.

Holan, Batzarretako taldeek onartu dabe, orokorrean, Bizkaikoa albiste ona izan dala. “Kudeaketa arloko barrikuntza horrek denporea eta dirua aurreztea dakar”, onartu dau Irene Edesa EAJ-PNV-ko batzarkideak. “Behar ona egiten ari da”, gehitu dau Juan Otermin sozialisteak. Goraipamenen artean eskari batzuetarako lekua be egon da. PP taldeak hainbat eskari egin ditu: argitalpenak web gunera igotea, euki garrantzitsuenen ingeleseko laburpenakaz; Bizkaikoan egindako esfortzua kanpoan egiten diran azoketara eroatea, Ficobara, adibidez; edo Ondareari buruzko jardunaldiak urtean birritan errepiketea. EH Bilduk galdetu dau ea beharrezkoa zan erakunde hori sortzea eraginkorrak izateko.


CABO VILLANOKO BATERIA MILITARRA

Saio berean, Ariztondok, Gorlizen dagoan Cabo Villanoko bateria militarra berreskuratzeari buruz erantzun deutso PP taldeari. Diputatuak gogoratu dau barriro 40ko hamarkadako defentsarako gotorleku horren jaubetza Defentsa Ministerioarena dala, eta Espainiako Gobernuari jagokola hori berreskuratzea, bera dalako titularra. Ez dau baztertu etorkizunean gazteei zuzendutako historiaren interpretazinorako lekua izatea, baina “lehenengo pausua Espainiako Gobernuak emon behar dau”. Puntu horretan ados agertu da EH Bildugaz.


ERAIKIN INTERESGARRIAK

Kultura eta Euskerako batzordeak aho batez onartu dau PP-k aurkeztutako Arauz Besteko Proposamena, Batzar Nagusiek agindua emon deioen Foru Aldundiari, obraren bat dala eta antxinako eraikinak bota behar diranean, “eraikin horreek legez babestuta egon ez arren edo babes maila txikia euki arren”, ordezko aukerak kontuan hartu daitezan, ahal dan neurrian gure ondarea babestu ahal izateko. PP taldeak, bost mende eukazan “Asteinza” baserri-etxea bota izana jarri dau adibide moduan. Baserri-etxe hori orain denpora gitxi bota da, Plentzia eta Mungia arteko errepidea zabaltzeko. PP taldeak jarritako beste adibide bat, Gipuzkoan dagozan 50eko hamarkadako beharginen herrixkak kontserbau izana izan da.

Gainerako taldeek be, lurreratze bakotxa aztertzea positiboa dala esan dabe. EAJ-PNV-ren ustez, hori dagoaneko egiten da. Kasu horreetarako “Aldundiak jarduketa protokoloa dauka ezarrita”. Jon Sánchez batzordekide jeltzaleak gehitu dauenez, gatxa izan daiteke “interes nabarmeneko” eraikina zer dan interpretetea. “Hoberena araudiari jarraitzea da, zalantzarik ez sortzeko”, esan dau. Gogoratu dauenez, Ondareari buruzko Legeak, Administrazino bakotxaren erantzukizun eremuak, babestu beharreko eraikinak eta babes mailak zehazten ditu.


BAZTERTUTAKO PROPOSAMENAK

Beste alde batetik, batzordeak ez ditu onartu EH Bilduk aurkeztutako arauz besteko proposamen bi. Horreetako batean, koalizino abertzaleak eskaerea egin dau, Aldundiak Bizkaiko baseleizen –500 inguru– jaubetzea aztertu daian, Udalek, une honetan jaube barik dagozan jaubetzak erregistrau ahal daiezan. Koalizino abertzaleak adierazo dauenez, gaur egun horreetako askoren jaubetzea “ez dago bat be argi”, eta hori dala eta, Bizkaiko Gotzaindegiak edo norbanako “argiek”, erlijinoko tenplu txiki horreek euren izenean erregistretan ditue.

Ganerako taldeek ez dabe argi ikusten foru erakundea izan behar danik azterketa lan hori egin behar dauena. Esan dabenez, behar hori udalek edo Unibersidadea edo Eusko Ikaskuntza moduko beste erakunde batzuek egin beharko leukie. Ekimena ez da onartu. Aldeko 5 boto (EH Bildu eta PSE-EE), kontrako 6 (EAJ-PNV) eta abstentzino 2 (PP) jaso ditu.

Bukatzeko, batzordeak baztertu egin dau EH Bilduk aurkeztutako beste ekimen bat. Ekimen horren bitartez, eskaerea egiten jakon Aldundiari, Eskola-kiroleko prestakuntza arautua normalizetako plan estrategikoa aurrera eroateko eta “begirale ziurtagiri ofiziala” martxan jarteko. Ganerako taldeek esan dabe, oraingoan be, ez jagokola Bizkaiko Aldundiari hori egitea, Eusko Jaurlaritzari baino, Kirolene kirol irakaskuntzen zentro publikoaren bitartez. Ekimena ez da onartu EAJ-PNV eta PP taldeen kontrako botoakaz. PSE-EE abstenidu egin da.