Bizkaiko aurrekontuak tramitazinoagaz jarraitzen dau, EH Bilduk osotasunari aurkeztutako zuzenketa-eskea atzera bota eta gero

Gaur goizean Gernikan izan dan Batzar Nagusietako osoko bilkureak atzera bota dau EH Bilduk 2014ko Bizkaiko aurrekontuen proiektuaren osotasunari aurkeztutako zuzenketa-eskea. Hori izan da eztabaidatu dan bakarra, PP-k bere zuzenketa-eskea baztertu egin dauelako, talde horrek Aldundiagaz eta EAJ-PNV-gaz aurrekontuetarako akordioa lortu ostean. Hasieran Aldundiak eta EAJ-PNV-k PSE-EE taldeagaz lortu eban akordioa. Koalizino abertzaleak aurkeztutako zuzenketa-eskeak EAJ-PNV eta PP taldeetako batzarkideen kontrako 30 boto, PSE-EE taldearen 9 abstentzino eta EH Bildu taldearen aldeko 12 boto jaso ditu.
Jose Maria Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako Diputatuak azpimarratu dauenez, aurkeztu eta Bizkaiko Batzarretan ordezkaritzea daukien lau taldeetatik hiruen artean lortutako akordioaren ostean onartu diran aurrekontuak, “hemen bizi garen pertsonak eta Bizkaiko ekoizpen sarea bultzatzera” dagoz zuzenduta. Kontuak egiteko orduan, 2014rako “hazkundearen zelanbaiteko suspertzea izan dogu kontuan, atzerako bidea erakutsi daben bi urteren ostean”, azaldu dau. Horri esker, Lurraldeko aurrekontuek %5,2ko hazkundea izan dabe. Diru-sarrerak 6.620,5 milioi eurokoak izango dira. Horreetatik, 1.502,2 milioi Aldundiaren beraren kudeaketara bideratuko dira.
EH Bilduk aurkeztu dauen osoko zuzenketa-eskea defendiduteko txandea heldu danean, Irune Soto bozeroaleak adierazo dau aurrekontu horreek, “beste erakunde batzuetan lortu dan hitzarmena jarraitu baino ez dabela egiten”, eta, ganera, bere eretxiz “antisozialak, mugatzaileak eta matxistak dira”. Ezker abertzaleko batzarkidearen eretxiz, 2014ko kontuek, beste ekitaldi batzuetakoen “errezeta oker berberak” ditue, “ez dabe enplegu publikorik sortzen eta ez dabe politika sozialetan inbertitzen”. PSE-EE taldearen laguntzea lortu dabe, sozialistek kudeatutako udaletara zuzendutako “4,5 milioi euroren truke”. “Batzuek oso merke saltzen dabe euren burua!”, adierazo dau Sotok, talde sozialistak hemendik aurrera ez dauela oposizinorik egingo salatu eta gero, akordio horreek, “gitxienez”, 2017. urtera arte luzatuko diralako.
Beste aldean, aurreikuspenen arabera, Gabonen aurretik egingo dan osoko bilkura batean aurrekontuak onartzeko aukerea emongo daben hiru taldeek, “desbardintasunen ganetik” akordioak lortzearen garrantzia azpimarratu dabe. “Garai gogorrak dira, eta argi apur bat ikusten hasi garen arren, oraindino krisi garaian gagoz, eta badakigu beharrezkoa dala akordioak lortzea”, Lorea Bilbao bozeroale jeltzaleak adierazo dauenez. “Herritarrek akordioak lortzea eskatzen deuskue, baliabideak urriak diralako eta beharrak biderkatu egiten diralako”, gehitu dau Esther Martínezek (PP). “Bizkaiak egonkortasuna behar eban”. “Danok egin behar dogu ahal doguna krisiak eragindako noraeza ekonomikoari aurre egiteko”, amaitu dau Iñaki Egaña sozialisteak, bere botoa azaltzeko txandan.
Hiru taldeek EH Bilduk aurrekontuak negozietako prozesu horretan erakutsi dauen jarrerea kritikau dabe. Talde hori “norabide barik” dabilela eta planteamendu “maximalistetan” bakarrik geratzen ari dala adierazo dabe. “Danokaz batera alkartzeko eta egun argira urtetako erabagia hartu behar dozue”, eskatu deutse Lorea Bilbaok. Batzarkide jeltzaleak, “ea” akordio hori beste arlo batzuetako akordio gehiagoren aurrekaria dan, adierazo dau, “bakean eta alkarbizitzan, enpleguan, gizarte politiketan, hezkuntzan edo hizkuntz politikan, adibidez”.
Aurrekontuak onartzeko izapideak datorren astearen hasieran jarraituko dau, zuzenketa-eske parzialak Ekonomia eta Ogasuneko batzordean eztabaidatzen diranean. Lurraldearen 2014ko kontuek Batzarretan egin behar daben ibilbidea Gabon aurretik Gernikako Batzar Etxean ospatuko dan azkeneko osoko bilkuragaz amaituko da behin betiko.