Batzar Nagusiek EAJ-PNV, PSE eta PP taldeen artean adostutako erreforma fiskala onartu dabe

Gaur goizean Gernikan izan dan Batzar Nagusien ohiko osoko bilkurak behin betiko onartu dau “Kontzertu Ekonomikoa berreskuratu zanetik garrantzitsuena” dan erreforma fiskala, Jose Maria Iruarrizaga, Ogasun eta Finantzetako diputatuaren berbetan. PFEZ, Soziedadeen, Ez egoiliarren Errentaren, Ondorengotzei eta Dohaintzei buruzko Zergaren eta Ondare Transmisinoen eta Dokumentautako Ekintza Juridikoen gaineko Zergen arauzko aldaketak behin betiko berretsi dira, EAJ-PNV, PSE-EE eta PP taldeek emondako aldeko botoagaz. EH Bilduk aurkeztu dituan zuzenketa-eskeak ez dira onartu, eta taldeak kontrako botoa emon dau. Tributu aldaketak datorren urtarrilaren 1ean sartuko dira indarrean.
Proiektuek jasoten dituen neurrien bitartez, Bizkaiko Ogasunak 150 milioi eurotik gora gehiago jasoko ditu datorren ekitaldian. Osoko bilkuran, erreforma fiskala, laguntza emon daben eta 38 bozketa egin ostean lau Foru Arauei argi berdea emon deutsien hiru alderdien arteko “akordioaren frutua” dala azpimarratu dau Ogasun diputatuak. Aldundiko arduradunak adierazo dau erreforma horren helburu nagusia Bizkaiari sistema fiskal “zuzenagoa, aurrerakorragoa, eraginkorragoa eta garai barrietarako egokiagoa” emotea dala, “ekonomia bizibarritzen eta enplegua sortzen laguntzeko eta gastu eta inbertsino publikoari eusteko”. Horrez gain, erreforma horregaz Aldundiak “segurtasun handiagoa” emon gura deutse Bizkaiko zergadunei eta enpresei.
Batzarretako talde bakotxak aurretik batzordean defendidutakoa baieztu dauen eztabaidaren ostean, lau Foru Arau proiektuak banan-banan bozkatu dira. Azkenean, aitatutako hiru taldeen aldeko botoakaz onartu dira. EH Bilduk saio honetarako eukazan erreserbauta bere zuzenketa-eske guztiak, eta, batzordean gertatu zan moduan, oso-osorik baztertu dira. Horreetatik 12, PFEZ zergari buruzkoak ziran (7. eta 8. zuzenketa-eskeak baztertu egin ditu taldeak), 3 Ondorengotzei eta Dohaintzei buruzko testu baterakoaren eta Ondare Transmisinoen eta Dokumentautako Ekintza Juridikoen tributuaren gainekoak, eta 23, enpresek ordaindu behar daben tributua aldatzera egozan zuzenduta.
PFEZ-ren kasuan, zerga horretan egiten dan erreformak, Aldundiaren berbetan, bardintasun, aurrerakotasun, neutraltasun, gardentasun eta sinplifikazino printzipioak indartzea bilatzen dau, eta baita gaitasun ekonomiko handiagoa daukienei esfortzu handiagoa eskatzea be, kontu publikoen orekari laguntzeko. Barrikuntzen artean, Errentaren gaineko zerga barriak hiru tarte barri sartuko ditu taularen goikaldean, 92.310, 123.070 eta 179.460 eurotik gorako oinarri zergagarrietarako. Hemendik aurrera %46, 47 eta 49ko kotizazinoa izango dabe, eta orain arteko gehieneko tipo marjinala %45ekoa izan da. Aurrezkiari jagokonez, lehenengo 2.500 euroek %20ko tributazinoa eukiko dabe, eta tributazino hori %25era helduko da 30.000 eurotik gorako irabazien kasuan.
Soziedadeen Zergari jagokonez, Foru Aldundiak, Europar Batasuneko joerakaz bat etorriko dan tributua proponiduten dau, enpresen lehiakortasuna, aberastasunaren sorrera eta enplegu maila bultzatuko dituana, eta kontu publikoen orekaren ikuspegitik iraunkorra eta jasangarria izango dana. Aldaketen artean, azpimarragarria da Bizkaiko Ogasunak tratamendu berezia emongo deutsela mikro-enpresei (hamar langile baino gitxiago eta bi milioi eurotik beherako eragiketa bolumena daukienei). Horreentzat kostu fiskal zuzenak eta zeharkakoak murriztea aurreikusten da, kostu hori %19ko edo 20ko tipoan geratu daiten.
Ondorengotzei eta Dohaintzei buruzko zerga eta Ondare Transmisinoen eta Dokumentautako Ekintza Juridikoen Zerga aldatzen dituan Arauari jagokenez, Ondorengotzen eta Dohaintzen gaineko zergan %1,5eko tributazinoa onartu da “mortis causa”-ren ondoriozko oinordekotzaz jasotakoentzat, senar-emazteen, egitatezko bikoteen eta zuzeneko asaben edo ondorengoen kasuan. Oinordeko bakotxak 400.000 euroko salbuespena izango dau. Ganera, %1,5eko tributazino iraunkorra ezarriko da “bizien arteko” irabazpideko eskuraketentzat. Ondare Transmisinoen eta Dokumentautako Ekintza Juridikoen Zergari jagokonez, higiezinen kostu handiko trasmisinoen tipo orokorra %6tik %7ra igongo da.
BARRIKOBASOREN BABESA
Beste alde batetik, osoko bilkurak, Bizkaiko Talde Popularrak (PP) aurkeztutako proposamenari jarraituz, Bizkaiko Batzarrak, “Epaitegiek behin eta barriro emondako epaiaren arabera zoru babestua dan lekuan, Barrikabaso inguruak lurzoru ez eraikigarri izaerea” adierazotea onartu dau. Horren bitartez, Barrikako Udalari eta Bizkaiko Foru Aldundiari, Barrikabaso osoan, naturaren eta paisajearen aldetik dituan balioak kontuan izanda, ezelango eraikuntzarik ez egitea eskatzen jake.
Ekimena bultzatu daben taldeen (PP, PSE-EE eta EH Bildu) helburua, Aldundiak Barrikako udalaren, Barrikabason dagozan 14 etxebizitzen jaubeen eta Txipio Bai elkarte ekologistaren artean adostutako “Urigintza Hitzarmena” onartzea da, lurzorua “ez urbanizagarri” legez kalifikau daiten eta, ganera, eregita dagozan eraikinak lurreratu ez daitezan, “urigintza planteamenduagaz bat ez datozan” eraikinen araubide juridikoa aplikauz.
Proposamena aurkeztu dauen taldeak PSE-EE taldearen zuzenketa-eskea onartu dau. Zuzenketa-eske horretan eskaerea egiten jako, ganera, Foru Aldundiari, datorren urtean Barrikako kostaldeko inguru hori Bilbo Metropolitarreko Lurraldeen Plan Partzialean sartu daian. Halaber, osoko bilkureak eskaerea egin dau, datorren urtean Eusko Jaurlaritzak inguru hori “Babes Bereziko” gune izendatu daian, Lurraldeko Sektore Planaren barruan.
EAJ-PNV taldea izan da ekimenaren kontra agertu dan bakarra. Bizkaiko Batzarretan nagusi dan taldearen eretxiz, inguru hori babesteko eta etxebizitzak ez lurreratzeko bilatu dan formulea ez da egokiena. “Ez dauka zentzurik eta, parte bat eregita dagoanean, Barrikobaso osoa babestea eskatzeak segurtasun eza juridikoa sortzen dau”. “Juxtu alderantzizkoa lortu daiteke”, adierazo dau Nerea Ahedo jeltzaleak. Bere eretxiz ez dago argi hitzarmena konponbiderik hoberena danik, eta garbi itxi dau bere alderdiak ez dauala gura Barrikobason “beste etxebizitza bat be” eregiterik.
LAGUNTZAK ZAURGARRITASUN EGOERAN DAGOZAN LANGABETUENTZAT
Bere ordezkarien eta EAJ-PNV eta PP taldeetako batzarkideen aldeko botoagaz eta EH Bilduren abstentzinoagaz, PSE-EE taldeak Arauz Besteko Proposamena aurrera ateratea lortu dau. Proposamen horretan eskaerea egiten jako Aldundiari, Sestaon prestakuntzarako eta enplegurako martxan jarri dan Laguntza programea, antzeko langabezia eta gizarte zaurgarritasun tasak daukiezan Bizkaiko beste udalerri batzuetara zabaltzeko. Begoña Gil batzarkide sozialistak azaldu dauenez, Aldundiaren eta Ezkerraldeko udalaren artean sinatutako hitzarmenari esker, langabezian dagozan 13 pertsona kontratauko dira, Ekonomiaren Sustapeneko Sailaren 250.000 euroko aurrekontu partida daukan programa martxan jarteari esker.
Beste alde batetik, osoko bilkurak EH Bilduren Arauz Besteko Proposamena baztertu dau. Proposamen horretan jarduera eta proiektu barriak gehitu gura ziran Aldundiaren lehentasunezko ardatzen barruan, 2014ko bizkarri fiskalen eremua zabaldu ahal izateko, gizarte politiken, euskeraren hedapenaren eta nekazaritza inguruaren sustapenaren eta ingurumenaren babesaren arloetan. Koalizino abertzaleko ordezkariak izan dira proposamenaren alde agertu diran bakarrak, EAJ-PNV eta PSE-EE kontra agertu dira eta PP taldea abstenidu egin da.
Osoko Bilkureari amaierea emoteko, Jose Luis Bilbao Aldun Nagusiak PSE-EE taldeak egindako galderari erantzun deutso. Sozialistek, irabaziak euki arren, Rajoyren Gobernuaren lan erreformaz baliatuz, jentea kaleratzen ari diran enpresen edo enpresarioen kontra zer edo zelango neurririk hartzea aurreikusita dagoan argitu daian eskatu dau. Bilbaok erantzun dauenez, Bizkaian, indarrean dagoan legedia betez kaleratzeak baldin badagoz, Aldundiak “gitxi edo ezer ezin dau egin”.