Batzar Nagusiek Metroaren 3. lineako lanakaz jarraitzeko erakundeen arteko hitzarmena onartu dabe batzordean

Batzar Nagusiek beste pausu bat emon dabe Eusko Jaurlaritzaren eta Foru Aldundiaren arteko alkarlanerako hitzarmena onartzeko, Etxebarri eta Matiko arteko Bilboko Trenbide Metropolitarraren 3. lineako eraikuntza lanakaz eta finantziazinoagaz jarraitu ahal izateko. Finantza akordioak konpromisoa ekarten deutso Aldundiari, obra amaitzeko 95 milioi euro inbertitu daizan. Diru kopuru hori lau urtetan banatuko da: 26,9 milioi euro 2013an (11,5 milioi martxoan konprometiduta eta beste 15,4 milioi ekonomia bizibarritzeko akordioaren ostean esleituta), 21 milioi 2014an; 23 milioi 2015ean eta 24,4 milioi 2016an. Amaitzen danean, 3. linearen inbertsino osoa 279 milioi eurokoa izango da. Kopuru hori erdibana ordainduko dabe bi erakundeek.
EAJ-PNV, PSE-EE eta PP taldeen aldeko botoagaz eta EH Bilduren abstentzinoagaz Herri Lan eta Garraioetako Batzordeak Batzarretan gaur abalau dauen hitzarmena baliagarria izango da Bilbo iparraldeko auzoei zerbitzua eskiniko deutsen eta Etxebarrigaz lotura ezarriko dauen lur azpiko trenbidea egiteko eta amaitzeko. Akordioa osoko bilkurak berretsi behar izango dau, behin betiko onartuta geratu daiten.
Itziar Garamendi Herri Lan eta Garraioetako diputatuak adierazo dauenez, proiektuen eta amaitu barik dagozan obren artean, Bilboko Metroaren 1. eta 2. lineakaz lotura ezarriko dauen Zazpi Kaleetako geltokia, eta beste geltokietako sarbide mekanizauen, instalazino elektrikoen, komunikazinoen, seinaleztapenaren, seinaleen eta altzarien… kontratuak dagoz, beste batzuen artean.
Aldundiko arduradunak azpimarratu dauenez, erakundeen arteko akordioak “3. lineagaz daukagun konpromisoa erakusten dau”. “Obra honeek finantziazinoa eukiko ebela esan genduan, eta eukiko dabe”. “Obra hau ez dala geldituko esan genduan eta, ikusten dozuenez, ez da gelditu, eta ez da geldituko”. “Hitzarmen honegaz Bizkaiko herritarrei emondako berbea beteten dogu”, adierazo dau Garamendik.
Talde guztiak agertu dira 3. linearen eraikuntzaren alde, baina ñabardura batzuekaz. PP ez da ados agertu finantziazino ereduagaz, talde horren eretxiz lana Eusko Jaurlaritzak ordaindu beharko leukelako osorik, bera dalako linearen jaubea. EH Bilduk linea horren milioi askoko “gainkostua” aitatu dau, aurrekontuaren igoera horren “egokitasuna” justifikau barik.
OINEZKOENTZAKO PASABIDEA ERANDION
Batzorde berean Socialistas Vascos (PSE-EE) taldeak aurkeztutako Arauz Besteko Proposamena be onartu da. Proposamen horretan eskaerea egiten jako Aldundiko Herri Lan eta Garraioetako Sailari, Erandion BI-637 errepidean, oinezkoentzako pasabide semaforoduna egin daian, itsasadarreko errepideagaz (BI-711) lotura dagoan lekuan, eta dagoaneko eregita dagoan tunelean hartu beharreko segurtasun neurriak hartu daizan, leku horrek “emakumeen segurtasunerako puntu baltza izaten jarraitu ez daian”. Proposamenak PSE-EE, PP eta EH Bildu taldeetako batzordekideen aldeko botoa jaso dau, euren ustez konponbide tekniko hori posible dalako, eta oinezkoek modu “seguruan” gurutzetako balioko leukelako. Proposamena aurkeztu dauen taldeak PP-ren zuzenketa-eskea onartu dau, tuneletan “bideo kamarak eta disuazinozko argiztapen sistemea” be instalau daitezan.
EAJ-PNV taldea abstenidu egin da bozketan. Jeltzaleek gogoratu dabe 2005. urtean bidekurutze horretarako hainbat konponbide aztertu zirala, eta orduan lortutako ondorioa “ikuspegi teknikotik bideragarria zan” alternatiba bakarra lur azpiko pasabidea zala izan zala. Erandioko osoko bilkurak hori onartu eban gero, EAJ-PNV, PP eta PSE taldeetako zinegotzien aldeko botoakaz. Jon Larrea (EAJ-PNV) batzordekideak azaldu dauenez, inguru horretan, erabagia Aldundiak planteautako konponbidera bideratu eben hainbat baldintza dagoz. Hobekuntza horreetan “600.000 euro” gastau dira. Baldintza horreen artean, Larreak itsasadarraren eta metroaren trazauaren gertutasuna, trafiko handia eta errepidearen alde bietan burutzapen unidade bi aurreikusten dituan udalaren urigintza plangintza dagoz. Batzordekide jeltzalearen eretxiz, oinezkoentzako tunela zan “alternatiba posible bakarra”.