Aurreko Albisteak

Erreforma fiskala Batzar Nagusietako osoko bilkurara heldu da, behin betiko onesteko

Gernika

Bilbon, 2013ko abenduaren 4an

Aurreikuspenen arabera, bihar Gernikan ospatuko dan Batzar Nagusietako ohiko osoko bilkurak berretsi egingo dau erreforma fiskala. Jose Maria Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako diputatuaren berbetan, erreforma horrek aldaketa sakonak sartuko ditu Bizkaiko tributu sisteman, “garrantzitsuenak Kontzertu Ekonomikoa berreskuratu zanetik”. Joan dan azaroaren 21ean EAJ-PNV, PSE-EE eta PP taldeek emondako bultzadaren ostean, Bizkaiko Batzarrak PFEZ zerga barriaren, Soziedadeen eta Ez egoiliarren gaineko zergen, Ondorengotzei eta Dohaintzei buruzko Zergaren Foru Arauaren testu baterakoaren eta Ondare Transmisinoen eta Dokumentautako Ekintza Juridikoen gaineko Zergaren diktamena bozkatuko dau, eta baita EH Bildu taldeak saio honetarako erreserbau dituan 38 zuzenketa-eskeak be. Onartzekotan, arauzko aldaketak urtarrilaren 1ean sartuko litzatekez indarrean.

Batzarretako kideek mozino bat eta Arauz Besteko Proposamen bi eztabaidetako eta bozkatzeko aukerea eukiko dabe gero. Lehenengoa urrian Gerediagan egindako osoko bilkuran aurkeztutako Itaun batetik sortzen da, eta Bizkaiko Talde Popularrak (PP), beste gauza batzuen artean, Bizkaiko Batzarrak, “Epaitegiek behin eta barriro emondako epaiaren arabera zoru babestua dan lekuan, Barrikabaso inguruak lurzoru ez eraikigarri izaerea” adierazotea gura dau, eta “Barrikako Udalari eta Bizkaiko Foru Aldundiari, Barrikabaso osoan, naturaren eta paisajearen aldetik dituan balioak kontuan izanda, ezelango eraikuntzarik ez egitea” eskatzea.

PP-k aurkeztutako beste ekimen batek, Sestaon prestakuntzarako eta enplegurako martxan jarri dan Laguntza programea, antzeko langabezia eta gizarte zaurgarritasun tasak daukiezan Bizkaiko beste udalerri batzuetara zabaltzeko gonbidapena egiten deutso Aldundiari.

Ohikoa danez, osoko bilkurea, Batzarretako taldeek egindako ahozko galderei Aldundiak emondako erantzunakaz amaituko da. Iñaki Egaña bozeroale sozialistak galderea egingo deutso Aldundiari, irabaziak euki arren, Rajoyren Gobernuaren lan erreformaz baliatuz, jentea kaleratzen ari diran enpresen edo enpresarioen kontra zer edo zelango neurririk hartzea aurreikusita dagoan argitu daian.