Aurreko Albisteak

Batzar Nagusiak Edesako beharginen "martxa urdinaren" alde

Bilbao

José Luis Bilbao

Bilbon, 2013ko abenduaren 3an,

Bizkaiko Batzar Nagusiek euren laguntza eta alkartasuna erakutsi deutseez Arrasaterainoko “martxa urdina” hasi daben Edesa enpresako beharginei. Martxaren helburua lanpostuak errebindiketea eta Fagor Electrodomésticos taldeak Basaurin daukan lantegiaren industria jarduereari eustea da. Laguntza erakustaldi hori Jose Luis Bilbao Aldun Nagusiaren agerraldian emon da. Aldun Nagusia Socialistas Vascos (PSE-EE) taldeak eskatuta joan da Batzarretara, Edesak, salbetako hiru milioi euroko abala jasotea ezinezko bilakatu daben errazoiak azaltzeko. Aldundiko arduradun nagusiak batzarretako taldeetako bozeroaleekin bat egin dau, behargin horreei bere “alkartasuna eta laguntzea” erakusteko eta Aldundiak, Basauriko lantegia itxieratik salbetako egin eban alkarlanerako eskaintzeak “mahai ganean jarraitzen dauela” baiezteko.

Aldundiko arduradun nagusiak, agerraldi luzean, kooperatibaren arduradunek Fagor Electrodomésticos taldearen likidazinoa iragarri ebenetik Aldundiak emon dituan pausuak azaldu ditu. Pausu horreen artean, Bizkaiko Aldundiak Edesari eskinitako 3 milioi euroko abala azpimarratu behar da. Laguntza hori ez zan gauzatu, Fagorreko Zuzendaritza Kontseiluak laguntzari ezetz esatea erabagi ebalako. Jarrera hori oso “kolpe gogorra” izan zan, Bilbaoren berbetan, enpresa itxierara eroaten ebalako, eta guk “ez gendualako horretarako errazoi objektiborik aurkitzen”.

Bilbaok adierazo dauenez, oraindino lortu daiteke Edesak bere produkzinoagaz jarraitzea, eta Aldundiak beharrean jarraitzen dau, orain hilebete, abala emoteko proposamena egin zanean, planteau ziranen “oso desbardinak izango ez diran” soluzinoen bitartez. “Edesa gaia ez da bukatu”. “Beharrean jarraituko dogu”, urtenbidea aurkitzeko eta mahai gainean “beharrezkoak diran neurriak” jarteko, esan dau.

Oposizinoko taldeek esan dabe Aldundiak, emondako pausuei buruzko informazinoa emon ebala, eta onartu dabe Aldundiak borondate ona erakutsi dauela Edesaren arazoaren aurrean, baina, Fagorreko zuzendaritza taldeko kideek ezetza emon baino 48 ordu lehenago Aldundiak Bizkaiko lantegia salbetako planteau eban soluzino iragarkiak beharginen artean sortu eban larregizko ilusinoa kritikau dabe. “Ez da diskrezinorik egon”, adierazo dau Iñaki Egaña bozeroale sozialistak, eta beharginen aurrean hori iragarteko “beharrezkoak ziran zorroztasun eta dokumentazino barik” jardun ebala aurpegiratu deutso Aldun Nagusiari.

Ildo berean, Esther Martínez PP-ko bozeroaleak, Aldundiak “itxaropen faltsoak” sortu ebazala Edesako beharginen artean adierazo dau. Aldun Nagusiaren “exhibizionismo jarduketea” eta “beroaldia” salatu ditu. Ordezkari popularrak eskaerea egin deutso Bilbaori, “gitxienez” parkamena eskatu daian, bere eretxiz “beste garai batzuetako “eszenifikazioa" izan dalako.

EH Bilduko Andoni Gezuragak eskertu egin dau Aldundiak enpresea salbetako egin dauen esfortzua, eta gai horretan inpliketako orduan bere taldearen laguntzea izango dauela adierazo dau. Aldi berean, Bizkaiko enpresen finantziazinoa hobetzeko arauak bultzatzea eskatu dau. Hori baino lehenago, bere aurretik berba egin daben beste taldeen moduan, “arduradun politiko batzuen” jarrera “populistea” kritikau dau. Eskaerea egin deutso Bilbaori, etorkizunean “diskrezinoagaz” lan egin daian.

EAJ-PNV taldeak Batzarretan daukan bozeroaleak, Lorea Bilbaok, bere aldetik, Aldundiak arduraz jokatu dauela adierazo dau. “Erabagiak hartu ditu, baina ez beroaldiaren ondorioz, oinarri sendoetan oinarrituz baino”, esan dau. Batzarkide jeltzaleak eskaerea egin deutse ganerako taldeei, Aldundiaren jardunean “atxakiak edo akatsak” bilatu ez daiezan, eta esfortzuak, “gure laguntzea eta alkartasuna” behar daben beharginengan zentrau daiezan. Aldundiak, “mahai ganean konponbiderako bidea jarteko” egin dauen iragarkia azpimarratu dau. “Akatsa egin dauena ez da Aldundia izan, Fagor baino”, erantzun dau.


ATE IREKIKO JARDUNALDIA BARRIAN

Saio berean, batzarretako taldeek aho batez onartu dabe Bizkaiko Talde Popularrak (PP) aurkeztutako proposamena. Proposamen horren bitartez eskaerea egiten jako Aldundiari, Bilboko Athletic Club taldeari eskaerea egin deion, halan gura daben herritar guztiek San Mameseko zelai barria bisitetako “ate irekiko jardunaldia” martxan jarri daian. Taldeen eretxiz, inbertsino publikoagaz egindako zelaia, kasu honetan gertatzen dan moduan, egun batean zabaldu egin behar da, herritar “guztiek” “tenplu” zurigorri barria ezagutzeko aukera euki daien.


IZEN ALDAKETEA SOPELAKO UDALERRIARENTZAT

Batzordeak, Sopelako Udalaren osoko bilkurak hartutako akordioari buruzko eretxia be emon dau. Akordio horren bitartez, udalerriak, modu ofizialean “Sopela” izena hartzeko egin beharreko izapideak hastea erabagi eban. Aldundiak, Bizkaiko Lurralde Mugaketei buruz emondako foru arauagaz bat etorriz, prestau dauen aldeko erespena EAJ-PNV eta EH Bildu taldeen aldeko botoagaz eta PSE-EE eta PP taldeen abstentzinoagaz onartu da. Osoko bilkurak emon beharko deutso behin betiko balioa izen aldaketeari. PP taldea izan da zalantzak erakutsi dituan talde bakarra, bere eretxiz “Sopelana” antxinako euskera dalako. “Akatsa” da, herri horrek izen hori eukalako orain dala “mila eta bostehun urtetik”, esan dau Arturo Aldecoak (PP).