Aurreko Albisteak

Espezializautako foro batek goraipatu egin ditu Enkarterrietako Museoak bere erakusketak eta jarduerak urritasuna daukien pertsonei zabaltzeko hartu dituan neurriak

Jaurnaldia

Abellanedan, 2013ko abenduaren 2an

Enkarterrietako Museoak azken urteetan, Gorabide alkarteagaz alkarlanean, bere jarduerak eta erakusketak gizarte osoari zabaltzeko, urritasuna daukien pertsonei batez be, egin dauen beharra, azpimarratu da gaur Abellanedako Batzar Etxean ospatutako "Museoak danontzat. Esperientzia inklusiboak" jardunaldian. Bertara, Bizkaiko museoakaz eta urritasunaren arloan behar egiten daben alkarteakaz erlazionautako hainbat taldetako ia ehun ordezkari hurbildu dira, eta Enkarterrietako museoak, bertako espazioak gero eta inklusiboak izan daitezan eta pertsona guztiek gozau ahal daiezan, egin dauen beharra egiaztatu ahal izan dabe.

Enkarterrietako Museoak emondako pausuak izan dira esperientziak partekatzeko foro espezializaua martxan jarteko, bertaratutako guztiek museoen eukiak eszenan jarteari buruzko gogoeta egiteko eta, batez be, urritasun arazoak daukiezan pertsonentzako zelan egokitu ikusteko, atxakia. Holan, jardunaldiaren irekiera ekitaldian, Ana Madariagak, Batzar Nagusietako presidenteak, Abellanedako museoak, bertako eukiak ahalik eta jente gehienari zabaltzeko egindako esfortzuak azpimarratu ditu. “Gaur, zailtasun kognitiboak daukiezan taldeengandik urrago gagoz, eta kultura eta dibulgazino jarduerak urritasunak daukiezan pertsonei urreratzea lortu dogu” esan dau.

Pertsona horreengana hurreratzeko Enkarterrietako Museoaren kultur eskaintzea egokitzeko prozesua egin da, bertako eukiak “danek ulertzeko modukoak izan daitezan”. Madariagak azpimarratu dauenez, etorkizunean egin beharreko lana, “pertsona guztientzako diseinua” lortzera bideratu behar da, eta “produktuak eta inguruneak erabilteko aukerak hobetzera, ahalik eta erabiltzaile gehienek erabili ahal daiezan, egokitzapen bereziak edo bertsino alternatiboak sortu behar barik”.

Hobekuntza horreen artean, Ainara Arranzek, Enkarterrietako Museoko jarduera didaktikoen arduradunak, eta Ismael Garzónek, Gorabideko arreta zuzeneko koordinatzaileak, euren hitzaldian, erakusketetan eta jarduera pedagogikoetan “danontzat” egokitutako irakurketa errazeko euskarriak jarri izana azpimarratu dabe, eta baita eukien dibulgazinoaren arloan teknologiak eskintzen dituan hobekuntzak baliatzea be, irakurtzeko zailtasunak dituen pertsonentzako bideoak eta audioak sortzeko aukera emoten daben QR kodeen bitartez.

Ganera, Natxo Martínez (Psikologian Doktorea eta irakaslea Deustuko Unibersidadean) eta Antonio Espinosa (Filosofia eta Letretan Doktorea eta Villajoyosan, Alacanten, dagoan Vilamuseu izenekoaren Zuzendaria) adituek, eurek egiten daben lana azaldu dabe, bakotxak bere arloan, museoek eta beste erakunde batzuek, gura barik izan bada be, jarri dituen oztopoak gainditu ahal izateko. Lehenengoak, artea eta erakusketetan egoten diran elementuak pertsona guztiek ulertu daiezan ingurune egokienei buruz egin dau berba. Espinosa, bere aldetik, XXI. mendeko museoek irisgarritasunari, erabilerraztasunari eta inklusinoari jagokonez izango dituen erronketan zentrau da, Mediterraneoko herrian dagoan museoko arduradun gisa izan dauen esperientziaren barri emon eta gero. Biek be goraipatu egin dabe Enkarterrietako Museoak hasitako bidea.

Jardunaldian Bizkaiko museoen ordezkaritza zabala egon da (Guggenheim Museoa, Athletic Museoa, Berreginen Museoa, La Encartada Museoa, Errekalde Aretoa, Santimamiñe, Arkeologia Museoa …) eta baita urritasuna daukien pertsonen arloan behar egiten daben alkarteena (Gorabide, Lantegi Batuak, Apnabi, ONCE…) be.

Lotutako artxiboak: