Aurreko Albisteak

Batzar Nagusiek 2013ko inbertsino gehigarriaren 27 milioi euroen jomugea onartu dabe

Gernika

Gernikan, 2013ko azaroaren 26an.

Argi berdea emon jako Bizkaiko ekonomia bizibarritzera bideratutako 27 milioi euroko inbertsinoari. Gaur goizean Gernikan ospatu dan Batzar Nagusietako osoko bilkurak, Euzko Abertzaleak (EAJ-PNV), Socialistas Vascos (PSE-EE) eta Bizkaiko Popularrak (PP) taldeen aldeko botoagaz eta EH Bilduren abstentzinoagaz, onartu egin dau 2013. urtean inbertsino proiektuak hastera bideratzeko behar diran maileguak baimentzeko preminazko neurriei buruzko Foru Arau Proiektua. Defizit publikoaren malgutzeagaz bat etorriz, Bizkaiko Batzarrek onartu egin dabe Aldundiak diru hori inbertsino honeetara zuzentzea: Metroaren 3. lineara (15,4 milioi), Teknologia Parkean egin behar diran inbertsinoetara (4 milioi), Ur Partzuergoagaz batera egin behar diran beste lan hidrauliko batzuetara (4,6 milioi) eta Gernikan enpresa eta barrikuntza zentro bat egitera (3 milioi). Gaur onartu dan aurrekontuen aldaketea dala eta, Bizkaiaren zorra 1.227 milioi euroraino igongo da.

Batzarretako taldeak pozik agertu dira “ideologia desbardinetako” gobernuen arteko akordioen ondoriozko ekarpen ekonomiko barri hori dala eta. Holan, Eusko Jaurlaritzaren eta hiru foru aldundien arteko akordioa dala eta, Bizkaiak 90 milioi euroko kopurua jasoko dau. Diru horretatik 63 milioi Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuen bitartez kudeatuko dira zuzenean, eta beste 27 milioi euroak Bizkaiko Foru Aldundiak, Batzar Nagusiek euren on eretxia emon ostean.

Onartutako foru arauagaz ados egon arren inbertsinoen jomugeagaz adostasun osoa erakutsi ez dauen talde bakarra EH Bildu izan da. Joseba Gezuraga ordezkariak taldea abstenidu egingo dala adierazo dau, 27 milioi horreen banaketeagaz ados ez dagoalako. Bere berbetan, banaketa hori “ez da egokia”. Batzordean defendidu eban moduan, koalizino abertzalearen eretxiz diru horretarako “beste lehentasun batzuk” dagoz, Udalei laguntza gehiago emotea, eskualdeetako enplegua bultzatzea, etxerik ez daukien pertsonen beharrak betetea (aterpetxe baten eraikuntza planteau dau), eta Busturialdeko Ur Partzuergoaren lan hidraulikoak bultzatzea, beste batzuen artean.

Ganera, Gezuragak kritikau egin dau inbertsinoak nora bideratu batzarretako taldeen artean negoziau ez izana, “beste lurralde batzuetan” egin dan moduan. “Aldundiak ez dau inor kontuan hartu bere lehentasunak zehazteko orduan”, gehitu dau. EH Bilduk inbertsino handi hori beste gauza batzuetara bideratzeko aurkeztu dituan zazpi zuzenketa-eskeak baztertu egin dira, EAJ-PNV eta PP taldeen kontrako botoakaz eta PSE-EE-ren abstentzinoagaz horreetako seietan.

EAJ-PNV taldeari jagokonez, inbertsinoetarako ezarri dan jomugea “egokia” dala defendidu dau. EH Bildu taldeari erantzunez, alderdi jeltzaleak adierazo dau euren ustez ez dala beharrezkoa beste aterpetxe bat eregitea, “leku horretatik metro gitxitara beste bat dagoanean”. Josu Arteta talde horren ordezkariak Zamudioko eta Gernikako proiektu barriek, azpiegitura fisikoak egiteaz gain, eskualdeko enplegua indartzen lagunduko dabela adierazo dau, eta esan dau hori dala koalizino abertzaleak eskatzen ebana.

PP taldeak azpimarratu dau oso garrantzitsua dala “zeinu desbardinetako” gobernuen artean akordioa lortu izana. Gonzalo Zorrilla-Lequerica batzarkideak azaldu dauenez, proiektuen alde agertu dira, euren ustez “interesgarriak” eta “errazoizkoak” diralako. 3. linearen eraikuntzara bideratu diran 15 milioi euroei esker “gain-kostu eta atzerapen gehiago” ez egotea itxaroten dabela adierazo dau.

PSE taldea be ezarritako banaketeagaz ados agertu da, Ermuko saihesbidearen eraikuntzaren hasierea 2014ko aurrekontuetan sartzea erabagi ostean, eta adierazo dau “beti dala ona desbardinen artean akordioak lortzea”. Ganera, PP taldeak esan dauen moduan, Metroaren 3. lineari jagokon partidea “ahalbait eta arinen ailegetea” gura dauela adierazo dau. Hori dala eta, ezezko botoa emon deutso EH Bilduk proiektu horretara bideratutako inbertsinoa txikitzea bultzatzen eban zuzenketa-eskeari.


ARMARRIEN ETA BANDEREN ALDAKETAK

Ostean, osoko bilkureak, abenduaren 5eko Bizkaiko Lurralde Mugaketei buruzko 9/2012 Foru Araua aldatzeko PP taldeak aurkeztutako Arauzko Proposamen bat bozkatu dau. Talde horrek planteau dauenez, Bizkaiko armarrietan edo banderetan egiten diran aldaketak, “aditu edo erakunde eskudunak egin beharreko txosten heraldikoaren edo vexilologikoaren” ostean egin beharko dira. EAJ-PNV, PSE-EE eta PP taldeek aldeko botoa emon dabe, eta EH Bildu abstenidu egin da.

Udalerrien izenen aldaketei jagokenez, Arturo Aldecoak (PP), aldaketearen oinarriak Euskaltzaindiak emotea proponidu dau. Armarrien edo banderen aldaketei jagokenez, barriz, azterketea Eusko Ikaskuntzaren esku geratu beharko litzateke. EH Bildu taldeak abstenidu egingo dala adierazo dau, bere eretxiz garrantzitsuagoa dalako Usansoloko herritarrei euren etorkizuna erabagiteko aukerea emotea “oso garrantzitsuak ez diran” aldaketa batzuez arduratzea baino.


PROPOSAMEN EZ LOTUGARRIAK

Horren ostean, Bizkaiko Aldundiarentzat edo beste erakunde publiko batzuentzat derrigortasunik ez daukien ekimenen txandea heldu da. Batzarretako Osoko Bilkurak ez dau onartu Bilboko Portuko Agintaritzari, Punta Lucero ingurunetik 50 milioi metro kubiko harea aterateko eta portuko azpiegitura barriak beteteko beharretan erabilteko proiektua “baztertu” daian Batzar Nagusiek “deia” egitea proponiduten eban Arauz Besteko Proposamena.

Asier Vega batzarkide abertzalearen eretxiz, mobimendu horreek “atzeratuezinezko eta betirako” kalteak eragingo leukiez korronteetan, olatuetan, inguruko hondartzetan, itsas inguruko faunan eta landaredian eta arrantzan, Azti enpresak egin dauen eta Batzarretako ekimenean jaso dan txostenak erakusten dauen moduan. Txosten horretan oinarrituta, ordezkari abertzaleak, Bilboko portua betetako beharrak “euskal kostaldearen kontra inoiz egindako erasorik handiena” dirala esan dau, eta adierazo dauenez, teknikariek aztertutako laginetan “metal astunak, merkurioa eta lindanoa” aurkitu dira.

Ganerako taldeek esan dabenez, erakunde horrek egindako txostenetik eta orain denpora gitxi Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak onartu dauen Ingurumen Eragin Azterlanetik ondorio “desbardinak” ateraten dira. Dokumentu horreek aholku batzuk emoten ditue ikuskapen beharrak egiteko, eta inguruetako hondartzak zaintzeko neurriak ezarten ditue. Horreetan oinarrituta, PP-ren eretxiz harea aterate hori “onargarria” eta “itzulgarria” da, beharrak egiteko orduan prebentzinozko aholkuak beteten badira. “Ez da ezelango arlo handirik deuseztatu behar Abraren inguruan”, erantzun dau Arturo Aldecoak, eta, aldi berean, EH Bilduk txosten zientifiko horreen eukiaz egiten dauen erabilera okerra salatu dau. Ur azpian egindako “113” laginen eta “29” zundaketen ostean, emaitzek erakusten dabe itsasoko hondoan “ez dagoala toxikotasun indizerik”, adierazo dau.

EAJ-PNV taldeak “zorroztasun” gehiago eskatu deutso koalizino abertzaleari. Bilboko Portua zabaltzeko beharrak defendidu ostean “enplegua sortzen dabelako eta Bizkaiarentzat estrategikoak diralako”, María Presa batzarkide jeltzaleak azpimarratu dau Aztiren txostenean zein Ministerioak ingurumen eraginari buruz emondako “aldeko” txostenean erakusten dala ingurunean harea ateratearen ondorioak “oso txikiak izango dirala”. Aurretik egindako azterlanak kontuan izanda, itsasoko hondoan dagozan hareak eta lurrak kutsadura “maila txikia” erakusten dabe, baina esan dau ez dala egia kutsadura hori ingurumenerako toxikoa danik.

PSE taldeak, bere aldetik, zalantzan jarri ditu koalizino abertzaleak emondako datuak. Eskaerea egin deutso EH Bildu taldeari, bere proposamena baztertu daian eta batzarretako taldeen eta Portuko Agintaritzaren artean bilera eskatu daian, “hiru urte barru” egingo dan proiektua argitzeko.


SUKARRIETAKO BASTIDAREN ERAIKINA BABESTEAREN ALDE

Beste alde batetik, Batzar Nagusiek aho batez onartu dabe BBK-k Sukarrietan daukan Begoñako Andra Mariaren Udalekuko lorategien eta eraikinaren babesa bultzatzea. PP taldeak aurkeztutako ekimenaren bitartez, Batzar Nagusiek eskaerea egin deutsie Eusko Jaurlaritzari, Ricardo Bastidak diseinautako eraikina “ahalbait arinen” Euskal Ondareko “Kultur Ondasun”, “kultur espazio” kategoriagaz, izendatzeko zabaldu behar dan espedientea zabaldu daian. Eskaereak bat egin dau Aldundiak berak eta Busturiko eta Sukarrietako udalek egindakoakaz, azkenean kontuan hartu dan EAJ-PNV-ren zuzenketa-eskeak gogoratu dauenez.


ERRENTA AITORPENAK ERREGISTRATZEKO PROZEDURA “BEREZIA” KENTZEA

Jose Maria Iruarrizaga Ogasun eta Finantza diputatuak adierazo dau 2014ko tributu ekitaldia amaitzean desagertu egingo dala Bizkaiko Ogasunak ETAk mehatxatuta egozan pertsonak babesteko ezarri eban erregistro prozedura “berezia”. “Azken urte bietan gure Lurraldean gizartearen eta politikaren aldetik bizi dogun testuinguru barria kontuan izanda, tributu adierazpenak aurkezteko eta erregistretako prozedura berezi hori kentzeko beharrean ari gara”. “Prozedura hori –gehitu dau– guztiz desagertuta egongo da 2014. ekitaldiari jagokozan tributuak kitetan diranean”.

Iragarkia, EH Bildu taldeak aurkeztutako Arauz Besteko Proposamenaren eztabaidaren barruan egin da. Proposamen horretan talde abertzaleak eskaerea egin dau Foru Ogasunak, zergadun batzuek errenta aitorpen “sekretuak” aurkezteko daukien aukerea kendu daian. Koalizino abertzalearen proposamena ez da onartu, EAJ-PNV, PSE-EE eta PP taldeen kontrako botoakaz.

Koalizino abertzalearen eretxiz, “ezin daiteke justifikau” errenta altuko “500 zergadun ingururen” tributuen informazinoa Bizkaiko Ogasunaren sistema orokorrean ez agertzea. Koalizino Abertzaleak esan dauenez, hori Bizkaian eta Araban baino ez da gertatzen. Erabateko gardentasunaren aldeko apustua egiten dau taldeak, ETAren indarkeria desagertu danetik ingurune soziala eta politikoa goitik behera aldatu dalako.

Ogasuneko diputatuak mahaitik argitu dauenez, Ogasunean aurkezten diran aitorpen guztiak isilpekoak dira, eta danai indarrean dagoan araudia apliketan jake, eta eskubide eta betebehar berberak ditue. Desbardintasun bakarra, “isilpekoak” izenekoei erespide mugatzaileagoak apliketan jakezala eta urtero berrikusten dirala da.

Gai beragaz jarraituz, Batzarretako EAJ-PNV taldeak azpimarratu dau Ogasuneko edozein ikuskatzaile, ETAk mehatxatuta egon diralako euren datuak babestea eskatu eben pertsona horreen datu fiskaletara sartu daitekeala. Esan dau, zoritxarrez, koalizino abertzaleak ez dauela ezelango autokritikarik egin.

PSE-EE eta PP taldeen eretxiz “lotsagarria” da EH Bildu taldeak “orban” bat jarri gura izatea bere egunean, euren erabagiz, terroristen mehatxuez defendiduteko prozeduragaz bat egitea erabagi eben Bizkaiko zergadunen ganean.


BALIABIDE GEHIAGO GORREN KOMUNIKAZINOA HOBETZEKO

Bizkaiko Batzarrek, EH Bildu, PSE-EE eta proposamena aurkeztu dauen PP taldearen aldeko botoakaz, onartu egin dabe zeinuen hizkuntzearen eta pertsona gorren, entzuteko urritasuna daukienen, eta gor-itsuen ahozko komunikazinoa bultzatzeko baliabideen erabilerea bultzatzeko eskaerea, ekitaldi instituzionaletan zein herritarrei emondako zerbitzu guztietan, talde horren benetako integrazinoari laguntzeko. Proposamenean gonbidapena egiten jako Eusko Jaurlaritzari, zeinuen hizkuntzaren erabilerea arautuko dauen Lege Proiektua Legebiltzarraren aurrean aurkeztu daian, bertan eztabaidetako eta onartzeko. Azken puntu horrek eragin dau EAJ-PNV taldearen abstentzinoa, bere ustez Eusko Legebiltzarrean egin beharreko eztabaidaren errepikapena dalako. EH Bildu taldeak be gauza bera esan dau.


SAN MAMES BARRIKO BEHARGINAK

San Mames Barriko beharginen lan egoerea Bizkaiko Batzarretara itzuli da, oraingo honetan PSE-EE taldeak aurkeztutako Arauz Besteko Proposamenaren bitartez. Gerediagako juntetxean egin zan azken osoko bilkuran izandako oso antzeko eztabaidan, Bizkaiko Batzarrek onartu egin dabe Foru Aldundiari eskaerea egitea, San Mames Barriko Administrazino Kontseiluaren aurrean, Athletic-eko zelai barriaren eraikuntzan kontratauta edo azpi-kontratauta dagozan enpresa guztien jarduerea zein baldintzatan egiten ari dan aztertuko dauen auditoretzea eskatu daian. Ganera, obren jarraipenerako batzordea eratzeko eskaerea be egin da, arauak ez betete hori barriro gertatu ez daiten. Ordainketa “irregularrei” buruz komunikabideetan argitaratu dan salaketea be Aldundiak aztertzea gura dabe sozialistek. Proposamena EH Bildu, PSE-EE eta PP taldeen aldeko botoakaz eta EAJ-PNV-ren abstentzinoagaz onartu da.


ALDUNDIAREN ERANTZUNAK

Ohikoa danez, osoko bilkurari amaierea emoteko, Aldundiak, Batzarretako taldeek egindako ahozko galderei erantzun deutse. EH Bilduk, aurreikuspenen arabera Batzar Nagusiek abenduan egingo dan hurrengo osoko bilkuran onartuko daben erreforma fiskala dala eta hurrengo ekitaldietarako egongo dan diru-bilketearen estimazinoa eskatu dau. Jose Maria Iruarrizaga Ogasuneko diputatuak adierazo dauenez, 2016. urtera arte Aldundiak 750 milioi euro batzea aurreikusten dau (EAJ-PNV eta PSE-EE taldeen artean sinatutako akordioan aurreikusitako kopuruaren erdia) “erreforma fiskalari, iruzur fiskalaren kontrako burrukeari eta tributuei buruzko beste neurri batzuei” esker, Aldundiko arduradunak “gaur egun” erabilten dituan aurreikuspenak kontuan izanda.

PP taldeak, Bizkaibusek UPV/EHU-ko Leioako campusera eskintzen dauan zerbitzuari buruzko informazinoa eskatu dau. Azaldu dauenez, ez da logikoa unibersidadeko ikasleek “latan sartutako sardinen” moduan bidaiatzea. Hori dala eta, popularrek konponbidea eskatu dabe. Itziar Garamendi Herri Lan eta Garraioetako diputatuak erantzun dauenez, Aldundiak honango erespideen arabera egokitzen ditu autobus zerbitzuak: “zerbitzuaren eguneroko jarraipena, eskaintzea eskaerara egokitzea eta indartze zerbitzuak ezartea –Unibersidadeagaz koordinauta– geralekuetan ez daiten erabiltzailerik geratu”. Bere erantzunean, diputatuak zifra batzuk be emon ditu: UPV/EHU–ko campusean lan egiten daben Bizkaibuseko “19 lineek” egunero “500 bidaia” egiten ditue, eta urtean “2 milioi erabiltzaile” garraiatzen ditue.