Aurreko Albisteak

Abenduaren 2an. Gure museoen esperientzia inklusiboak ezagutzeko jardunaldia

INFORMAZIOA

Abellanedan, 2013ko azaroaren 27an

Enkarterrietako Museoak eta Bizkaiko Batzar Nagusiek antolaturik, datorren astelehenean, abenduaren 2an, “Guztientzako Museoak. Esperientzia inklusiboak” izeneko jardunaldia egingo da Abellanedako Batzarretxean. Jardunaldi horren bitartez, jakitera emon gura da Enkarterrietako Museoak Gorabide alkartearen alkarlanagaz egiten dauen lana, museoko erakusketak eta heziketa-ekintzak erabat irisgarri izan daitezan guztientzako; beste alde batetik, arlo horretan egiten diran beste esperientzia batzuen barri euki ahal izango da jardunaldiaren bitartez. Ana Madariaga Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak emongo deutso hasierea jardunaldiari.

Ainara Arranz Enkarterrietako Museoaren hezkuntza arloko arduradunak eta Ismael Garzón Gorabideren Zuzeneko arretako koordinatzaileak edegiko ditue hitzaldiak, eta jakitera emongo deuskue Abellanedan ze esperientzia izan dan eta ze konpromiso garatu diran beren-beregi museo horretarako. Alkarlanean zenbait urtetan zehar egindako lana izan da, Museoko ekimenak eta erakusketak arian-arian egokitu dira-ta gero eta ikuslego zabalago baten beharrizanetara.

Hurrengo, Natxo Martínezek —Psikologian Doktorea eta Deustuko Unibertsitateko irakaslea— hitzaldia izango dau artea eta erakusketak pertsona guztientzat ulergarri izateko behar diran inguruabar egokiez.

Azkenik, Antonio Espinosa —Filosofia eta Letretan Doktorea eta Villajoyosako (Alacant) Udaleko Vilamuseu-aren Zuzendaria— museoek irisgarritasunaren eta inklusinoaren arloan XXI. menderako dituen erronkei buruz arituko da.

Jardunaldian parte hartu ahal izateko, aurretiaz emon behar da izena (enkarterrimuseoa@bizkaia.eus helbidean edo 94 610 48 15 eta 94 650 44 88 telefonoetan). Parte hartzaileek autobusa izango dabe Bilbo erdialdetik Enkarterrietako Museora (Sopuerta) joateko. Antolatzaileek gonbita luzatu deutse Bizkaiko museorik garrantzitsuenetako arduradunei eta desgaitasundunen alde lan egiten daben alkarteei.

Lotutako artxiboak: