Batzar Nagusietako Osoko Bilkurak, 2013ko inbertsino gehigarriaren 27 milioi euroak nora bideratuko diran erabagiko dau bihar

Bizkaiko 51 ordezkariak bihar, martitzena, Gernikako Batzarretxera deituta dagoz, eguneko gai zerrendan hamaika puntu dituan ohiko bilera egiteko. Landuko diran gaien artean, 2013ko inbertsinoetara zuzendutako kreditu gehigarriak onartzeko preminazko neurriei buruzko Foru Arau Proiektuaren behin behineko onespena azpimarratu behar da. Osoko bilkureak argi berdea emon beharko deutse 27 milioi euroren jomugeari eta zorduntzearen arloan egin beharko diran aldaketei, defizit publikoa malgutzetik sortu dan inbertsino hori posible egiteko. Azaroaren 7an, batzordean, Euzko Abertzaleak (EAJ-PNV), Socialistas Vascos (PSE-EE) eta Bizkaiko Popularrak (PP) taldeek, Aldundiaren zorra 1.227 milioi eurora arte igotearen aldeko botoa emon eben, inbertsino horri aurre egin ahal izateko. Inbertsino horren kontra dagoan Batzarretako EH Bildu taldeak 7 zuzenketa-eske erreserbau ditu inbertsinoaren jomugea aldatzeko.
Puntu horren ostean, osoko bilkureak PP taldearen Arauzko Proposamen bat eztabaidatuko dau, Bizkaiko Lurralde Mugaketei buruzko 9/2012 Foru Araua aldatzeko. Talde horrek proponiduten dauenez, Bizkaiko armarrietan edo banderetan egiten diran aldaketak, “aditu edo erakunde eskudunak egin beharreko txosten heraldikoaren edo vexilologikoaren bitartez” egiaztautako errazoietan oinarritu beharko dira.
Horren ostean, Batzarretako taldeek mozino bat eta Arauz Besteko bost Proposamen eztabaidetako eta bozkatzeko aukerea eukiko dabe. Gerediagan egindako aurreko osoko bilkuran egindako interpelazinotik sortutako lehenengoan, PP taldeak, beste gauza batzuen artean, Bizkaiko Batzarrak, “Epaitegiek behin eta barriro emondako epaiaren arabera zoru babestua dan lekuan, Barrikabaso inguruak lurzoru ez eraikigarri izaerea” adierazotea gura dau, eta Barrikako Udalari eta Bizkaiko Foru Aldundiari, Barrikabaso osoan, naturaren eta paisajearen aldetik dituan balioak kontuan izanda, ezelango eraikuntzarik ez egitea” eskatzea.
Horren ostean, EH Bildu taldeak, proposamen ez lotarazlearen bitartez, eskaerea egiten deutse Batzar Nagusiei, “deia” egin deioen Bilboko Portuko Agintaritzari, Punta Lucero ingurunetik 50 milioi metro kubiko harea aterateko eta portuko azpiegitura barriak beteteko beharretan erabilteko proiektua “baztertu” daian. Koalizino abertzalearen eretxiz, mobimendu horreek “atzeratuezinezko eta betirako” kalteak eragingo leukiez korronteetan, olatuetan, inguruko hondartzetan, itsas inguruko faunan eta landaredian eta arrantzan, Azti enpresak egin dauen eta Batzarretako ekimenean jaso dan txostenak erakusten dauen moduan.
Horrez gain, batzarretako eskaereak, BBK-k Sukarrietan daukan Begoñako Andra Mariaren Udalekuko lorategietara eta eraikinera zabalduko dira. PP taldearen ekimenak, Ricardo Bastidak diseinau eban eraikina babestea bilatzen dau. Horretarako, Batzar Nagusiek eskaerea egin beharko deutsie Eusko Jaurlaritzari, Euskal Ondareko “Kultur Ondasun” izentau daian, kultur espazio kategoriagaz.
Eztabaideak aurrera jarraituko dau EH Bildu taldeak aurkeztutako Arauz Besteko Proposamenagaz. Proposamen horretan eskaerea egiten da 2014ko ekitaldi fiskalerako Foru Ogasunak, zergadun batzuek “errenta adierazpen sekretuak” aurkezteko daukien aukerea kendu daian. Koalizino abertzalearen eretxiz, “ezin daiteke justifikau” errenta altuko “500 zergadun ingururen” tributuen informazinoa Bizkaiko Ogasunaren sistema orokorrean ez agertzea, eta gehiago oraindino, ETA-ren indarkeria desagertu danetik ingurune soziala eta politikoa goitik behera aldatu danean. Koalizino Abertzaleak esan dauenez, hori Bizkaian eta Araban baino ez da gertatzen.
Gorrek dituen beharrek be euren lekua eukiko dabe Gernikan ospatuko dan saioan, PP taldeak zeinuen hizkuntzearen eta pertsona gorren, entzuteko urritasuna daukienen, eta gor-itsuen ahozko komunikazinoa bultzatzeko baliabideen erabilerea bultzatzeko eskaerea egingo deutsalako Aldundiari, ekitaldi instituzionaletan zein uritarrei emondako zerbitzu guztietan, talde horren benetako integrazinoari laguntzeko. Ganera, Eusko Jaurlaritzak, zeinuen hizkuntzaren erabilerea arautuko dauen Lege Proiektua Legebiltzarraren aurrean aurkeztea gura dau, bertan eztabaidetako eta onartzeko.
San Mames Barriko beharginen lan egoerea Bizkaiko Batzarretara itzuliko da, oraingo honetan PSE-EE taldeak aurkeztutako Arauz Besteko Proposamenaren bitartez. Batzarretako talde horren asmoa, Bizkaiko Batzarrek Foru Aldundiari eskaerea egitea da, San Mames Barriko Administrazino Kontseiluaren aurrean, Athletic-eko zelai barriaren eraikuntzan kontratauta edo azpi-kontratauta dagozan enpresa guztien jarduerea zein baldintzatan egiten ari dan aztertuko dauen auditoretzea eskatu daian. Ganera, obren jarraipenerako batzordea eratzeko eskaerea be egiten dau, arauak ez betetea barriro gertatu ez daiten. Ordainketa “irregularrei” buruz komunikabideetan argitaratu dan salaketea Aldundiak aztertzea be gura dabe sozialistek.
Ohikoa danez, osoko bilkurari amaierea emoteko, Aldundiak, Batzarretako taldeek egindako ahozko galderei erantzungo deutse. Iñaki Egañak galderea egingo deutso Aldundiari, irabaziak euki arren, Rajoyren Gobernuaren lan erreformaz baliatuz, jendea kaleratzen ari diran enpresen edo enpresarioen kontra zer edo zelango neurririk hartzea aurreikusita dagoan argitu daian. Beste alde batetik, PP taldeak, Bizkaibusek UPV/EHU-ko Leioako campusera eskintzen dauan zerbitzuari buruzko informazinoa eskatuko dau. Azaldu dauenez, ez da logikoa unibersidadeko ikasleek “latan sartutako sardinen” moduan bidaiatzea. Hori dala eta, popularrek konponbidea eskatu dabe. Amaitzeko, EH Bilduk, aurreikuspenen arabera Batzar Nagusiek hurrengo osoko bilkuran onartuko daben erreforma fiskala dala eta hurrengo ekitaldietarako egongo dan diru-bilketearen estimazinoa eskatu dau.