Batzar Nagusiek onartu egin dabe Aldundiak PFEZ-n eta Soziedadeen Zergan proponidu dauen erreforma fiskala

Bizkaiko Batzar Nagusietako Ekonomia eta Ogasuneko Batzordeak, aurretik Batzarretako EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek adostu eben, eta gero PP taldearen bat egitea jaso eban eta Aldundiak aurkeztu dauen erreforma fiskala onartu dau. Hiru talde politiko horreetako kideek Errentaren eta Soziedadeen zergen Foru Arau proiektuen artikulu guztien aldeko botoa emon dabe. Lurraldeko tributu sistemako zerga bi handi horreen aldaketeari buruzko eztabaideari, Ondorengotzei eta Dohaintzei buruzko testu baterakoari eta Ondare Transmisinoen eta Dokumentautako Ekintza Juridikoen tributuari buruzko erreforma fiskalaren onarpena eta Ez egoiliarren gaineko Zergaren egokitzapena gehitu jakoz. Talde horreek, Bizkaiko fiskaltasun barriari argi berdea emoteko alkarren artean aurkeztutako 12 zuzenketa-eskeak onartu egin dira batzordean, eta EH Bilduk erregistrautako 39 zuzenketa-eskeak, barriz, ez dira onartu.
Aurreikusi zitekean moduan, 150 bozketa egin eta gero, batzordeak, EAJ-PNV, PSE-EE eta PP taldeen 12 zuzenketa-eske horreek, batzorde berean jeltzaleek erregistrautako beste 4 zuzenketa-eske eta datorren ekitaldian, aurreikusi dauenaren arabera, 150 milioi eurotik gora gehiago jasotzeko Aldundiak proponidutako arauzko lau proiektu horreen artikulu guztiak onartu ditu. Jose Maria Iruarrizaga Ogasuneko diputatuak erreforma fiskal horren garrantzia azpimarratu gura izan dau, Kontzertu Ekonomikoa berreskuratu zanetik egindako erreforma fiskalik “sakonena eta garrantzitsuena” dala esanez.
PFEZ-ri buruzko Foru Arau proiektua aldaketa gitxigaz helduko da osoko bilkurara, onartutako zuzenketak aldaketa teknikoak edo testuak idazteko orduan egindako akatsen zuzenketak diralako. Halanda be, Errentaren gaineko zergaren aldaketen artean azpimarratzekoa da ekintzailetzari jarri jakon bost urteko denpora mugea. Horren bitartez, zergadunak errendimendu garbi positiboaren %10 gitxiagotu ahal izango dau urte bitan, irabazi horreek jardueraren lehenengo bost urteetan izaten badira.
Beste zuzenketa-eske baten bitartez, hiru alderdi politikoek, sindikatuei eta alderdi politikoei ordaindutako kuoten edo egindako ekarpenen ondoriozko kenkaria hamar puntutan murriztea onartu dabe. Zergadunek ekarpen horren %20ko kenkaria egin ahal izango dabe –aurreproiektuan ehuneko hori %30ekoa zan–, “irabazi asmo bako erakundeei egindako ekarpenetarako eta dohaintzetarako ezarri dan kenkariaren ehunekoagaz bat etorriz”, adierazo dabenez.
Soziedadeen Zergari jagokonez, EAJ-PNV, PSE-EE eta PP taldeek aurre-proiektuari egindako hiru aldaketa tekniko adostu ditue, eta hiruek batzordearen on ikusia jaso dabe azkenean. Ez egoiliarren Errentaren gaineko Zergea aldatzen dauen Foru Arau proiektuak be beste hiru aldaketa jasoko ditu, oraingo honetan, araubide komuneko lurralderako sartutako ingurumen fiskaltasun arloko neurri jakin batzuetara egokitu ahal izateko.
Ekonomia eta Ogasuneko Batzordeak, Aldundiak aurkeztutako Foru Arau proiektu bakotxerako emondako erespenek, Batzarretako azkeneko izapidea gainditu beharko dabe oraindino, abenduan ospatuko dan Batzar Nagusien osoko Bilkuran, tributuen erreformea 2014ko urtarrilaren 1ean sartu daiten indarrean. EH Bilduk osoko bilkura horretarako gorde ditu bere zuzenketa-eske guztiak, EAJ-PNV, PSE-EE eta PP taldeek danak baztertu eta gero. Horreetatik 12 PFEZ zergari buruzkoak dira, 3 Ondorengotzei eta Dohaintzei buruzko testu baterakoaren eta Ondare Transmisinoen eta Dokumentautako Ekintza Juridikoen tributuaren gainekoak, eta 23, enpresek ordaindu behar daben tributua aldatzera dagoz zuzenduta.