Aurreko Albisteak

Batzar Nagusiek, PFEZ-aren, Soziedadeen, Ez egoiliarren eta Ondorengotzen eta Dohaintzen gaineko zerga barriei buruzko eztabaidea hasiko dabe

Batzordea

Bilbon, 2013ko azaroaren 20an

Bizkaiko Batzar Nagusietako Ekonomia eta Ogasuneko Batzordeak, Aldundiak aurkeztu dauen Errentaren, Soziedadeen eta Ez egoiliarren gaineko zergei, Ondorengotzei eta Dohaintzei buruzko testu baterakoari eta Ondare Transmisinoen eta Dokumentautako Ekintza Juridikoen tributuari buruzko erreforma fiskalaren eztabaidea hasiko dau eguen honetan. Erreforma hori EAJ-PNV, PSE-EE eta PP taldeen artean adostu da aurretik.

Tributuen erreforma preminazko bidetik tramitau da, zerga barriak 2014ko urtarrilaren 1ean sar daitezan indarrean. Batzordeak emondako erespena Bizkaiko Batzarretako osoko bilkureak berretsi beharko dau ostean, behin betiko onetsita geratu daiten.

Kontzertu Ekonomikoa indarrean jarri zanetik egindako erreforma fiskal “sakonena eta garrantzitsuena” da, eta bertan jasoten diran neurrien bitartez, datorren ekitaldian Bizkaian 153 milioi euro gehiago jaso gura dira, arauen aurreproiektuak onetsi ebazan urriaren 22ko Gobernu Kontseilua egin ostean Aldundiak iragarri ebanez.


51 ZUZENKETA-ESKE

Foru Arau proiektuek, Batzarretako taldeek aurkeztutako 51 zuzenketa-eske jaso ditue guztira. Euren bolumena dala eta, azpimarragarriak dira PFEZ aldatzen dauen arauzko testuaren aurrean aurkeztutako 18ak eta Soziedadeen zergari jarri jakozan 26ak.

Batzarretako EAJ-PNV, PSE-EE eta PP taldeek, PFEZ proiektuaren aurreko 6 zuzenketa-eske, Ez egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren aurreko 3 eta Soziedadeen zergaren aurreko beste 3 aurkeztu ditue, alkarren artean.

Batzarretako EH Bildu taldeak, bere aldetik, 39 zuzenketa-eske aurkeztu ditu Bizkaiko batzarretan. Horreetatik 12 PFEZ zergari buruzkoak dira, 3 Ondorengotzei eta Dohaintzei buruzko testu baterakoaren eta Ondare Transmisinoen eta Dokumentautako Ekintza Juridikoen tributuaren gainekoak, eta 23, enpresek ordaindu behar daben tributua aldatzera dagoz zuzenduta.