Metro Bilbaok "une oro" euki ebazan operatibo segurtasun sistemak, 2. lineako "lau" nasa argi barik itxi ebazan Urbinagako azpi-estazinoko matxuran

Batzarretako talde batzuk behin eta barriro egindako galderei erantzunez, Itziar Garamendi Herri Lan eta Garraioetako diputatuak hiru bider adierazo behar izan dau Metro Bilbaoko larrialdi sistema “guztiek” behar bezala funtzionau ebela joan dan urriaren 29an, 2. lineako “lau” geltokitako nasetako larrialdietako argiztapenean detektau zan “arazo” bat izan ezik, Urbinagako azpi-estazinoan egondako matxura baten ondorioz hornidura elektrikoaren erorketea zala eta. Gertakari hori dala eta, lur azpiko trenaren Aginte Postuak, jarduketa protokoloari jarraituz, une horretan geltokietan eta trenetan egozan erabiltzaileak ebakuetako erabagia hartu eban. Garamendik adierazo dauenez, arazoa ordubete baino apur bat gehiagotan konpondu zan.
Bizkaiko Talde Popularrak (PP) eskatutako agerpenean, Aldundiko arduradunak guzurtau egin dau “jazoera” horrek metroren segurtasuna zalantzan jarten dauenik, PP-k esan dauen moduan, beste errazoi batzuen artean, metroko larrialdi sistemak bikoiztuta dagozalako. Geltokietako elikadura iturri nagusiak funtzionetan ez badau, sistema alternatibo bati esker oinarrizko zerbitzuek funtzionetan jarraitzen dabe, hau da “segurtasunagaz erlazionautako ekipoek eta ebakuazino beharrak betetan dituenek”, argitu dau. Eta horreek funtzionetan ez badabe, geltoki bakotxerako independentea dan bateria bidezko elikadura sistemeak “ekipo kritikoei energia bermatzen deutsie ordubetez”. Diputatuaren berbetan, sistema biak “martxan egon ziran arazoa gertatu zan bitartean”. Guzurtau egin dau, baita, metroa segurtasunean aurrezten ari danik, Jesús Isasi batzordekide popularrak aitatu dauen moduan. “Segurtasunean ez dago aurrezpenik”. “Segurtasunagaz ez dogu jolasten”, erantzun dau.
Bere agerraldian, Garamendik adierazo dau 2014an Kabiezeseko geltokia zerbitzua emoten hasten danean, Ezkerralde osoa zeharketan dauen energia hornidura sistema osoak hobekuntza nabarmena izango dauela, batez be, une honetan eregiten dagoan “potentzia handiagoko” azpi-estazinoa martxan jarriko dalako. Dana dala, diputatuak adierazo dauenez, Barakaldo eta Santurtzi arteko lau geltokitako nasetako argiztapenean hautemandako “akatsagaz” metroak egingo dauen txosten teknikoaren ondorioak dituanean emongo ditu azalpenak. Arazo hori dala eta jentea ebakuetea erabagi zan.
Jesus Isasi (PP) batzordekidearen ustez, barriz, matxura horrek “agerian itxi eban” Metro Bilbaoko segurtasun sistemea. Bere eretxiz, “bigarren mailako beste sistema bat” beharrezkoa da, gitxienez igongailuen eta eskilaren zerbitzua bermatzeko. Urriaren bukaerako matxuran erabiltzaileentzako arriskurik ez zala egon onartu arren, esan dau beste egoera batzuetan “arazo larria” izan daitekeala argi falta dala eta geltokia ebakuau ezin izatea. Batzordekide popularrak esan dauenez, sistema laguntzaileen “bata bestearen atzeko akatsak” egon ziran.
Aldundiak esandakoagaz bat etorriz, Euzko Abertzaleak (EAJ-PNV) taldearen eretxiz, segurtasun sistemeak funtzionau eban, eta Metro Bilbaok “arin eta ondo” jardun eban. Lur azpiko trenaren protokoloek be adierazoten dabe igongailuak eta eskilarak ez dirala segurtasun elementuak. Larrialdi kasuetan “ez dabe funtzionau behar”, Jon Larrea batzordekideak gogoratu dauenez.
AP-8 AUTOPISTEA ZABALTZEKO LANEN EGOEREA
Beste alde batetik, PP taldearen galderei erantzunez, Aldundiko arduradunak adierazo dau AP-8 autopistea zabaltzeko lanek, Amorebieta-Muxika zatiak, Bermeoko saihesbideak eta Gerediaga-Elorrio zatiak, hain zuzen be, zerbitzua emoten hasteko “epe guztiak” beteko dituela, eguraldi txarra dala eta, beharren “erritmoan aldaketak” egon diran arren.
Azkeneko neguan eta aurtengo udabarrian izandako etenbako euriak dirala eta, “beharren erritmoan aldaketa batzuk egon dira, baina geroago horreek konpentsau egin dira”. Hori dala eta, ez dau eraginik izan obra horreen “aurrerapen orokorrean”. Garamendik onartu dauenez, Gerediaga-Elorrio zatian atzerapen “txiki” bat dago, baina “datozan hilebeteetan atzerapen hori berreskuratzeko” itxaropena dauka.
Hiru obren martxari jagokonez, Garamendik zati bakoitzean zabalik dagozan puntuak azaldu ditu. Holan, Bermeoko saihesbidearen kasuan, lan gehienak saihesbidearen trazauan ari dira egiten. Bertako desmonteak oso aurreratuta dagoz, eta San Andreseko bide-zubiaren euskarrien oinarria eginda dago. Amorebieta-Muxika zatiari jagokonez, Aldundiak Autzaganeko tuneleko 370 metro hondeauta ditu dagoaneko. Gerediaga-Elorrio zatian, 2016an funtzionetan hasiko dan errepideak dituan tunel bietako ahoen hondeaketa lanak egiten ari dira.
EZEZKOA BARIK TXARTELA DOAKOA IZATEARI
Beste alde batetik, batzordeak, PP taldeak aurkeztutako Arauz Besteko Proposamen bat baztertu dau. Proposamen horren bitartez, eskaerea egin gura izan jako Bizkaiko Garraio Partzuergoari (BGP-CTB), Barik txartela erosteko ordaindu behar diran 3 euroak erabiltzaileei itzultzeko. Ekimena ez da onartu, aldeko 5 boto (PP eta Bildu), kontrako 6 boto (EAJ-PNV) eta 2 abstentzino (PSE-EE) izan ditualako.
Zehatzago esanez, PP taldearen proposamenean eskaerea egiten jakon Foru Aldundiari, Herri Lan eta Garraioetako Sailak egin beharreko gestinoak egin daizan Bizkaiko Garraio Partzuergoaren aurrean, Barik txartela uritarrengan kosturik eukiko ez dauen ordainketa sistemea izan daiten. Jesús Isasi batzordekide popularrak uste dau Bizkaiak, garraio publiko sistema “gehienen” joerea jarraitu beharko leukela. Sistema horreetan, txartel horreen prezioa itzuli egiten da, erabiltzaileak txartela itzultzen dauenean. Neurriak eragin positiboa eukiko leuke taldeetan bidaiatzen daben pertsonengan.
Proposamenak Bilduren aldeko eretxia baino ez dau jaso. Talde horrek esan dauenez, PP taldearen ekimenak, Bildu taldeak, “beste tarifikazino bat” eta gizarte egoera txarragoan dagozan taldeentzako “beherapen gehiago” ezarteko bultzatzen dauen ildoa jarraitzen dau. Asier Sanz batzordekideak aurreratu dauenez, bihar Bizkaiko Batzar Nagusietan martxan jarriko dan Bizkaiko Garraioaren Agintaritza Bakarra Sortzeari buruzko Lantaldean eztabaidatu ahal izango da.
EAJ-PNV taldearen eretxiz, oso erreza da PP-ren “idearen alde agertzea, baina neurri hori azalekoa baino ez da”. Edorta Rodrigok, neurri hori martxan jarteak izango leukezan “kontrako aldeak” aitatu ditu. Horreen artean, sistema informatiko barriak garatu beharra, software aldaketak eta itzulitako txartelak jasotzeko, biltzeko eta kudeatzeko prozedurak sortu beharra aitatu ditu, eta horrek Garraio Partzuergoarentzat “kostu gehiago” eragingo leukezala esan dau. Batzordekide jeltzaleak bere erantzunean adierazo dauenez, Barik txartel bakotxa egiteko kostua “0,88 eurokoa” da (BEZ aparte), eta biltegiratze gastuak “hilean 4.400 eurokoak dira”. Une honetan “846.000 Barik txartel dagoz”.
PSE-EE taldeak, bere aldetik, abstenitzeko erabagia hartu dau. Gurago dau Bilbao Bizkaia Card txartela martxan jarri arte itxarotea. Turistarentzat pentsauta dagoan garraio titulu hori “berehala” jarriko da martxan, Rodrigok (EAJ-PNV) esan dauenez.