Aurreko Albisteak

Erakusketa barria Batzar Nagusietan: "Kilkerraren gillotina"

Bilbon, 2013ko azaroaren 13an

Bizkaiko Batzar Nagusien Erakusketa-Aretoak erakusketa barria zabaldu dau, “Kilkerraren gillotina” izenekoa, Augusto Aliseda eta Mikel del Río artista gazte biren lanaren ondorio. Leioako Arte Eder Fakultateko lizenziatuen talentua plazaratzeko Bizkaiko Batzar Nagusien eta UPV/EHUren Arte Eder Fakultatearen artean sinatutako akordioaren emaitza da erakusketea. Bizkaiko legebatzarrak lagunduta, Alfonso Gortázar irakasle eta margolari ezagunak izan dau erakusketearen ardurea.

Artista bion azken urteko lanaren eta ahaleginaren emaitza biltzen da erakusketan. Bederatzi oleo, non bisitariei helduerazoten jaken sortzaile baten ekoizpen artistikoaren eta horrek dauen oihartzun txikiaren arteko kontraesana, eta hori metaforea da, kritikea artearen munduari. Kuadro batzuen estiloan Van Gogh edo Diego Rivera lako genioen eragina ikusi leiteke.

Mikel del Río 1988an jaio zan Arrasaten. Bere lehenengo erakusketea da. Curriculuma oraindik egin barik dau, marrazketarako eta pinturarako zaletasuna eta trebetasuna gazte-gazterik izan zituan arren, hasieran injeniaritzara jo eban, eta bertan behera itxi. Arte Ederretako lizenziaduna, pintura espezialitatean, 2013. urtean.

Augusto Aliseda 1987an jaio zan eta Badajozekoa da izatez. Arte Ederretako lizenziaduna 2012an EHUn, Teknika Grafikoetako espezialitatean. Alisedak pintore gazteei zuzendutako zenbait sari irabazi ditu eta pintura eta xerigrafiako bekak izan ditu, horri esker beste artista batzurekin batera erakustetak egin ditualarik Euskadin, Extremaduran eta Galizian.

Erakusketea zabalik izango da abenduaren 13ra arte, astelehenetik barikura, goizeko 9etatik iluntzeko 9etara arte, eta zapatuetan eguerdiko ordu 13.00ak arte.

ETBko bideoa
http://www.eitb.com/es/videos/detalle/1747142/guillotina-grillo-union-augusto-aliseda-mikel-del-rio/