Aurreko Albisteak

Bizkaiak eutsi egingo deutso urritasuna daukien pertsonentzako eta nagusientzako zentroetako, erresidentzietako eta ardurapeko etxebizitzetako plaza kopuruari

Batzordea

Bilbon, 2013ko azaroaren 13an.

Pilar Ardanzak, Bizkaiko Gizarte Ekintzako Diputatuak, lurralde historikoan urritasuna daukien pertsonentzako eta nagusientzako zentroetan, erresidentzietan eta ardurapeko etxebizitzetan dagozan pertsonentzako plaza kopuruak beste urteetakoak izaten jarraitzen dauela erakusten daben datuak aurkeztu ditu gaur batzordearen aurrean.

Aldundiko arduradunak, hirugarren adinerako egoitza sozio-sanitarioen, eguneko arreta zentroen, zentro okupazionalen eta urritasuna daukien pertsonentzako egoitzen eta nagusientzako ardurapeko etxebizitzen 2011ko eta 2012ko okupazino datuak eta datu horreek aurtengoakaz alderatzeko datuak emon ditu, EH Bildu taldeak egindako galderei erantzunez.

Holan, adibidez, Aldundiak, Bizkaian hirugarren adinerako egoitza sozio-sanitarioetan daukazan 110 plazakaz jarraitzen dau. Plaza horreek Portugaleteko Aspaldiko (27), Amorebieta-Etxanoko Orue (27) eta Txurdinagako Birjinetxe (56) egoitzetan dagoz banatuta. Kasu honetan, Eduardo Andrések, Bizkaiko Talde Popularreko bozeroaleak, eskaerea egin deutso Gizarte Ekintzako Diputatuari, Eusko Jaurlaritzaren aurrean gure lurralde historikoko arreta sozio-sanitarioko plaza kopurua handitzea planteatu daian.

Ardanzak adierazo dauenez, eguneko arretako zentro okupazionalak eta urritasuna daukien pertsonentzako errendimendu txikiko enpleguko zentroak bezalako kasuetan “kontrol eta kudeaketa sistemea eguneratu eta hobetu egin da, eta aldaketa prozesu horretan, dagozan plazak zenbatzeko modua be sartu da. Esan behar da, kasu gehienetan 2011ko plaza kopuru berberagaz jarraitzen dogula”. Ganera, esan dau 2014ko aurrekontuen barruan, Bizkaiko eguneko arreetako zentro okupazionaletan 10 plaza barri sortzea dagoala aurreikusita.


GIZARTE EKINTZAKO BATZORDEAK PERTSONA ZELIAKOEI LAGUNTZEA EMOTEARI BURUZKO PROPOSAMENA BAZTERTU DAU

Saio berean, ez da onartu Bizkaiko Talde Popularrak aurkeztutako Arauz Besteko Proposamena. Proposamenak, pertsona zeliakoak bizi diran familientzako laguntzak emotea eskatzen eutsan Foru Aldundiari, “pertsona horreek dieta berezia behar dabelako eta jateko orduan ohikoak baino gastu gehiago izaten dabelako, ezaugarri bereziak daukiezan produktuak erosi behar dituelako”. Holan, proposamena aurkeztu dauen taldeak pertsona bakotxeko urtean 250 euroko diru-laguntzea emotea eskatu dau, “glutenik bako produktuak erosi behar dituen familien kostu gehigarria konpentsetako”.

Proposamena ez da onartu, EAJ-PNV taldeak kontrako botoa emon dauelako eta EH Bildu eta Socialistas Vascos taldeak abstenidu egin diralako. Juan Oterminek, azken talde horretako bozeroaleak, abstentzinoa justifikatu dau, “proposamen hori lantzeko eta onartzeko erakunde egokia ez diralako Batzar Nagusiak”, eta proposatzen dan 250 euroko laguntzeak “ez daukalako progresibidaderik, ez dauelako pertsonen errenta mailaren araberako bereizketarik egiten”. Ganera, PP taldea kritikau dau, ekimen hori batzordera eroateagaitik, “Gobernu zentrala danean mozketen bultzatzaile nagusia, baita arlo sozio-sanitarioan be”. Ildo berean, Jon Larreak, EAJ-PNV-ko bozeroaleak, Madrilgo Gobernuaren esku itxi dau “pertsona zeliakoei eta ez ohiko gastuak dituen beste batzuei laguntzeko ardurea, gaixo kronikoei edo pertsona nagusiei, adibidez”. “Ez dogu uste gai hau laguntza ekonomikoen bidez landu behar danik, glutenik bako elikagaien prezioa merketu behar da, eta arlo horretako eskumenak gobernu zentralarenak dira”, adierazo dau Larreak.