Batzar Nagusiek amaiera emon deutsie 2014ko aurrekontu proiektuaren informazino prozesuari, Kulturako eta Herri Lan eta Garraioetako diputatuen agerraldiaren ostean

Bizkaiko Batzar Nagusiek azken informazino saio biak ospatu ditue gaur, eta Kulturako eta Herri Lan eta Garraioetako diputatuek, Miren Josune Ariztondok eta Itziar Garamendik, hurrenez hurren, euren departamentuetako jarduketa ildo nagusiak azaldu ditue batzarretako taldeen aurrean, 2014. urterako Bizkaiko Aurrekontuen proiektuan oinarrituta. Saio horreek amaitu eta gero, Batzarretako mahaiak zuzenketa-eskeak aurkezteko ostirala zabalduko dau, eguen honetatik aurrera seguruenez. Batzarretako taldeek 15 egun baliodun izango ditue departamentuek aurkeztutako aurrekontuen aurreko zuzenketak aurkezteko edo kontuak osorik itzultzea eskatzeko.
GUGGENHEIM MUSEOAK HARTUKO DAU, IA OSORIK, KULTURAKO DEPARTAMENTUAREN AURREKONTUAREN IGOEREA
Kulturako Sailak 48,7 milioi euroko aurrekontua eukiko dau 2014. urterako, hau da, aurreko urtean baino %5,64 gehiago. Miren Josune Ariztondok zuzentzen dauen sailak 2013. urtean baino 2,6 milioi gehiago izango ditu. Aurrekontu igoera horren zati nagusia Bilboko Guggenheim Museora bideratuko da, Batzar Nagusietako Ekonomia eta Ogasuneko batzordean foru arduradunak gaur azaldu dauenez. Guztira, Bilboko museoak 5,7 euro jasoko ditu Aldunditik.
Azkeneko hiru urteetan “%56ko” jatsierea jasan eta gero, batez be artelan gitxiago eskuratu diralako eta “lehen mailakoak” ez ziran aldi baterako erakusketak programau diralako, Aldundiak aurrekontu honeek aprobetxau ditu egoereari bueltea emoteko eta Bilboko museoaren Fundazinora aurreko urtean baino “2 milioi gehiago” bideratzeko, Ariztondok azaldu dauenez. Esfortzu horregaz, Foru Aldundiak “eragin ekonomikoa” lortu gura dau, museoaren kutxarako, bisitari gehiago erakarriz, zein Bizkaiko uriburuko ostalaritza eta merkataritza sektoreetarako.
Batzar Nagusietako Ekonomia eta Ogasuneko batzordearen aurrean, Kulturako foru arduraduna pozik agertu da, hainbat ekitalditan “beherantz hazi eta gero”, hornidura ekonomikoek gora egin dabelako sailaren hiru zuzendaritzetan eta programa gehienetan. Dana dala, igoera garrantzitsuena Kulturako zuzendaritzak eroango dau, %9ko igoereagaz, hau da, 2,2 milioi euro gehiago, 27 milioi eurora heltzeko.
Zuzendaritza horren bitartez, Foru Aldundiak, 4,5 milioi euro bideratuko ditu Bizkaikoak soziedadeak kudeatzen dituan museoetara. Kopuru horren parte bat Bermeoko Arrantzalearen Museoko obrak esleitzera eta Bakioko Txakolinaren museoa martxan jartera zuzenduko dira, Ariztondok adierazo dauenez.
Foru erakundeak, dagoaneko ohikoak diran arte diziplinak laguntzeko programak be bultzatuko ditu (pintura, musika, dantza, antzerkia, etab.), eta baita Bizkaiko udalerrietan programautako kultur jarduerak be. Ganera, “garrantzi bereziko” programetara zuzendutako laguntzeagaz jarraituko dau. Horreen artean dagoz ABAO edo BOS, besteak beste. Bilboko Orkestra Sinfonikoak 4,8 milioi euro eroango ditu.
Zuzendaritza horrek 20.000 €-ko partidea aurreikusi dau ikerketarako, Omako basoko pinturak barriztetako beharrak egiteko, eta 222.000 euroko beste bat, 2014an Nazinoarteko Kantu Lehiaketea antolatzeko.
Baina aurrekontu guztiek ez dabe gora egingo. Aldundiak %7,6 murriztuko dau 5.000 biztanle baino gehiagoko Udalakaz batera kultur jarduerak finantzetara zuzendutako aurrekontua, 2013. urtean ez zalako egon aurrekontuetan sartutako guztia beteteko “behar beste eskaerarik”. Aurton 325.000 euro gordeko dira horretarako. Foru Artxibategiko aurrekontuak be gora egingo dau, %30, 344.605 eurora heldu arte, aurton funts dokumentalen katalogazinoa amaituko dalako, diputatuak azaldu dauenez.
Euskerako zuzendaritza nagusiaren aurrekontuari jagokonez, %2,74ko igoerea dauka aurreko ekitaldiagaz alderatuta. 6,2 milioi euroko aurrekontua izango dau. Planteautako helburuen artean, Euskeraren erabilerearen V. Normalizazino Plana jarriko da martxan Administrazino eta Erakunde Publikoetan. Eta, amaitzeko, Kirol eta Gazteriako Zuzendaritzaren aurrekontuak %2,79ko igoerea izango dau. Guztira, Bizkaiko kirol politiken kudeaketarako datorren urtean egongo dan aurrekontua 7,4 milioi eurokoa izango da.
FORU ALDUNDIAK 2014AN HASIKO DITU ERMUKO SAIHESBIDEKO BEHARRAK, 10 MILIOI EURO BIDERATUZ, ETA 3. LINEAKO BEHARRAK BIZKORTUKO DITU, BESTE 21 MILIOIGAZ.
Herri Lan eta Garraioetako Departamentuak, Aldundiko aurrekontuetan pisu handiena daukan sailak, Gizarte Ekintzaren ostean, 306,2 milioi euroko aurrekontua eukiko dau datorren urtean (aurton baino %5,63 gehiago). Diru horren hamarren bat Ermuko saihesbideko obrak hastera eta Bilboko metroaren 3. linearen eraikuntza bizkortzera bideratuko da. Guztira, azpiegitura bi horreen artean 31 milioi euro jasoko ditue. Hamar milioi, Bizkaiko azken herritik igarotean ganezka dagoan N-634 errepidea erabili beharrean beste bat erabilteko aukerea izateko, 32 hilebeteko burutzapenerako epea aurreikusita daukan proiektuaren 1. faseko beharrak hasiz. Eta beste 21 milioiak, Bilbo iparraldea kurutzatzen dauen lur azpiko linearen gaur egungo obrak bultzatzeko.
Itziar Garamendik, Herri Lan eta Garraioetako diputatuak, azpimarratu dauenez, inbertsinoen atalean, aurrekontu horreek Autzaganeko eta Bermeoko Saihesbideko beharrakaz jarraitzeko kopuruak be jasoten ditu. Bilboko Irala auzotik igaroten diran Feveko trenbideak lur azpian sartzeko beharrakaz jarraitzeko 3,4 milioi euroko partidea aurreikusi da. Interbiak soziedadeari urtero emoten jakon kopurua 21 milioi eurokoa izango da.
Kontu horreen barruan, errepide sarea egokitzeko eta hobetzeko esfortzua be jasoten da (45 milioi), eta beste 18 milioi euro gehiago Bizkaiko errepide sarea modernizetako eta bere ahalmenari eta segurtasunari eusteko aukerea emongo daben beharrak egiteko. Behar horreen artean dagoz Arrigorriagan dagoan AP-68 loturaren eta Zaratamoko loturaren artekoak, Bedia eta Lemoa artean N-240 errepideko segurtasuna hobetzekoak, edo Galbarriatun BI-3715 errepidea egokitzeko eta zabaltzeko obrak, beste batzuen artean.
Garraio publikoari jagokonez, datorren urtean hasiko dira funtzionetan Bizkaibuseko emakida barriak. Horreetarako 79 milioi euro gorde dira. Kopuru hori txikiagoa izan daiteke Aldundiak zabaldu dauen lehiaketa publikoa irabazten daben eskaintzen arabera.
Itziar Garamendik zuzentzen dauen Departamentuaren aurrekontuaren barruan Bizkaiko Garraio Partzuergorako ekarpena be jasoten da: 8 milioi euro ohiko gastuetarako eta beste 22 milioi Metroaren 1. eta 2. lineen mantentze lanetarako eta ustiapenerako. Horri jagokonez, Bilduk egindako galderari erantzunez, diputatuak guzurtatu egin dau txartel bakarra martxan jarteko partida berezirik dagoanik.
Garamendik azpimarratu dituan ekarpenen artean, Aparcabisa soziedade publikoaren 1,2 milioi euroko kapital handitzea be azpimarratu behar da. Diputatuak esan dauenez, soziedade horren aparkaleku azpiegiturek “oso okupazino maila altua, ia %100ekoa” daukie, baina ez da gauza bera gertatzen “bulegoakaz eta lonjakaz”.
2014. urtea ez da izango Bilbao Ría 2000 soziedadea desagertuko dan urtea, Aldundiko aurrekontuei jagokenez, behintzat. Diputatuak esan dauenez, soziedade horretara zuzendutako partidea ez da azkena izango, datorren urtetik aurrerako konpromisoa daukien beharrak dagozalako, Iralan FEVEren trenbideak lur azpian sartzeko obrak, adibidez.
Beste barrikuntza batzuen artean, Aldundiko arduradunak beste 500.000 euro iragarri ditu bidegorri sarerako, 800.000 euro Santo Domingoko oinezkoentzako igarobiderako edo 500.000 euro motozaleendako bide babeseko elementuak instaletako.