Aurreko Albisteak

Gizarte Ekintzako Sailak kontzentretan dau Aldundiak 2014rako erabilgarri daukan gastuaren %43

Batzordea

Bilbon, 2013ko azaroaren 11n.

2014. urterako Bizkaiko Aurrekontuen proiektuak aurrera jarraitu dau gaur Batzar Nagusien aurrean burutu beharreko informazino prozesuagaz. Pilar Ardanzak, Gizarte Ekintzako diputatuak, zabaldu dau Ekonomia eta Ogasuneko Batzordearen aurrean egin beharreko agerraldien txandea, aurreikuspenen arabera bere departamentuak, gure lurraldeko gizarte zerbitzu sareari eutsi ahal izateko, 2014an izango dauen 465 milioi euroko aurrekontua zehazteko. Kopuru hori, Aldundiak datorren urterako daukan gastu erabilgarriaren %43a da eta diputatuaren berbetan, Foru gobernuak pertsonen aurrean daukan “gizarte mailako konpromiso handia” erakusten dau, beti be “egoera larriagoan dagozanei arreta berezia eskiniz”. Hamar eurotik zazpi pertsona nagusiei bideratutako programetan, mendekotasunerako prestazinoetan eta diru-laguntzetan eta ezintasunaren aurreko arretan gastauko dira.

Gastuaren parte handiena jasoko dauan atala pertsona nagusiei jagokena izango da. Alor horretara bideratuko dau Gizarte Ekintzako sailak bere aurrekontuaren herena baino gehiago –163 milioi euro–. 2.543 plaza kontzertau eskiniko ditu Bizkaiko egoitzetan, eta horrek 77,5 milioi euroko inbertsinoa eskatuko dau (4,5 milioi gehiago). Barrikuntzen artean, Aldundiak autonomia pertsonalaren sustapenerako zentroa zabaltzea aurreikusten dau datorren urterako.

Azpiegituraken barruan sartuta dagozan foru sareko egoitzek eta eguneko zentroek beste 58 milioi euro eroango ditue. Eta Udalek eta lekuko administrazinoek, hitzartutako 536 plaza eskiniko ditue, Foru Aldundiak Aurrekontuen proiektuan konprometidu dituan 14,8 milioi euroei esker.

Ardanzak zuzentzen dauen departamentuaren beste esfortzu handienetako bat, mendekotasunerako prestazinoetara eta diru-laguntzetara bideratutakoa izango da. Atal horretarako 90,7 milioi euro erreserbauko dira. Arlo horretan, Foru Aldundiak Euskadiko Gizarte Zerbitzuen Legea garatzearen eta II. eta III. graduetan mendekoak diran pertsonentzako esfortzuakaz jarraitzearen aldeko apustua egiten dau.

Administrazino Orokorreko programan dago aurrekontuaren beste parte handienetako bat, Gizarte Laguntzarako Foru Institutua (GLFI-IFAS) finantzetara bideratutakoa. Arlo horrek 97,2 milioi euro jasoko ditu, aurreko urteko kopuru berbera. Egoitzetan 36 plaza barri egongo dira. Horrek enpleguan izango dau eragina, 15 pertsona kontratauko diralako.

Horrez gain, Aldundiak, urritasuna daukien pertsonei arretea eskintzeko dagozan zerbitzuakaz jarraituko dau. Pertsona horreei arretea eskintzeko zentroen sarea –bertan bizitzekoak eta ez bizitzekoak–, 2.608 plazagaz osotuko da (40 plaza gehiago), eta 60,9 milioi euroko aurrekontua jasoko dau. Arlo honetan azpimarragarria da datorren abendu honetan Ondarroan egoitza zabalduko dala. Ganera, Ardanzak adierazo dauenez, Durangon eguneko zentroa zabalduko da, eta “lehenengo hiruhilekoan” autismo zentro bat be zabalduko da.

Batzarretako taldeen aurrean aurkeztutako txostenaren barruan, diputatuak, umeei zuzendutako programak %2,7ko igoerea eukiko dauela, eta bertara 5,8 milioi euro bideratuko dirala azpimarratu dau. Programa horren barruan, lagunik ez daukien atzerriko adinbakoei laguntzeko programara bideratutako kopuruak %20 inguruko jatsierea izango dau, aurreikuspenak kontuan izanda, 2014an Aldundiak 200 adinbako inguru hartuko ditualako bere gain, eta aurreko urteetan kopuru hori 350ekoa izan da, batzarretako taldeen galderei erantzuteko txandan alor horretako zuzendariak argitu dauenez.

Diputatuak azpimarratu dau, baita be, Emakumeari eta Familiari zuzendutako programak %5,1eko igoerea izango dauela, eta 5,5 milioi euro jasoko dituala, eta droga-mendekotasuna daukienei, GIB-ak kaltetutakoei, buruko gaixotasunak dituenei edo baztertutako pertsonei arretea eskintzeko atalak %13ko igoerea izango dauela, 7,6 milioi eurotara helduz.

Ganera, Gizarte Ekintzak 5,3 milioi euro bideratuko ditu Uritarren Eskubideetarako eta Alkarlanerako programara. Aurreikusitakoa kontuan hartuta, diputatuak esan dau 2014. urtea igaro eta gero, Bizkaiak kanpoko alkartasun proiektuetara bideratu beharreko %0,7ra heltzea aurreikusten dauela, oraindino “beste lehentasun batzuk dagozalako”. Bukatzeko, Aldundiak 815.000 euroko partidea eukiko dau Bizkaian emakumeen eta gizonen arteko bardintasuna sustetako.


INGURUMENEKO SAILAK ALDUNDIAREN AURREKONTU OSOAREN %6,4AGAZ JARRAITUKO DAU

Ingurumeneko Sailak 74,5 milioi euroko aurrekontua eukiko dau datorren urtean, hau da, 2013koa baino %3,76 altuagoa. Kopuru garbietan, Iosu Madariagak zuzentzen dauen sailak 2,7 milioi gehiago izango ditu, bere kontuak osatzen dituen lau programak aurrera eroan ahal izateko.

Aldundiko arduradunak esan dauenez, barrikuntza nagusia, energiaren aurrezpenerako eta eraginkortasunerako politika eraginkorrak martxan jartea izango da. EEE-EVE-gaz alkarlanean, Bizkairako Energia Iraunkorrerako Estrategiari amaierea emongo deutso. Jarduketa horren helburua energiaren aurrezpena eta eraginkortasuna bultzatzea eta energia barriztagarriak sustetea da. 3,5 milioi euroko inbertsinoagaz, Aldundiak bi laguntza lerro nagusi aktibauko ditu: biztanleei zuzendutako diru-laguntza programa bat, eraginkortasun, energiaren aurrezpen eta auzokideen erkidegoetan energia barriztagarrien sustapen proiektuak finantzetako; eta udalakaz batera martxan jarriko dan beste bat, garapen iraunkorraren alde burrukatzeko.

Hondakinen kudeaketari jagokonez, Aldundiak 33,7 milioi euro gastauko ditu Garbiker soziedade publikoaren bitartez. Kopuru horretatik, 2,7 milioi euro TMB plantan egin beharreko inbertsinoak bukatzeko inbertiduko dira. Inbertsino orokorra 43 milioi eurokoa da.

Beste alde batetik, 400.000 euroko partidea aurreikusi da lurraldeko udalei laguntzeko, konpostaje plantara zuzendutako hondakin organikoak batzeko, pertsonalizautako 5. edukiontziaren bitartez. Partida hori osatzeko, beste 400.000 euro bideratuko dira, udalek eta mankomunidadeek edukiontzi marroiaren erabileraren aurreko sentsibilizazino kanpainea egin daien.

Azpiegitura hidraulikoei jagokenez, Aldundiak ur hornidura eta saneamendu lan barriak egiten jarraituko dau Bizkaian. Urtero 40 milioi euroko inbertsinoa egiteko konpromisoa dago, Bilbo-Bizkaiko Ur Partzuergoagaz sinatutako Hitzarmenaren barruan, eta beste 4,7 milioi euroko partidea dago aurreikusita Busturialdeko Ur Partzuergora bideratzeko, Gernika-Bermeo kolektorea eregiteko beharrak hasteko.

Madariagak Ekonomia eta Ogasuneko Batzordean azaldu dituan inbertsinoen artean, honango honeek be azpimarratu behar dira: 800.000 euro Karrantzan dagoan San Estebango ETAP-eko beharrak aztertzeko eta likidetako eta 600.000 euro Karrantza Haraneko ETAP barrirako beharko diran loturak egiteko; 3,7 milioi euro ondare naturala kontserbetako politika aktiboak bultzatzeko; 2,2 milioi euro Bizkaiko parke naturalen (Urkiola, Gorbeia eta Armañon) kudeaketea bultzatzeko; milioi bat Ordunteko mendietarako, Ordunte Iraunkorra Proiektuaren barruan; eta 5,9 milioi hondartzen kudeaketarako.


NEKAZARITZAKO SAILAK BASERRITAR GAZTEEN ALDEKO APUSTUA EGINGO DAU

Nekazaritzako Foru Departamentuari jagokonez, 30,6 milioi euro izango ditu 2014ko ekitaldiari aurre egin ahal izateko, aurreko urtean baino %3 gehiago. Irene Pardo Diputatua izan da gaur azkeneko txandan parte hartu dauena, bere sailaren kontuak azaltzeko. Kontu horreek, Bizkaiko nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza sektoreei laguntza “zuzenagoa” emoten deutseen kredituak bultzatzen ditue.

Jarduketa horren ardatza hiru helbururen inguruan egituratuko da: nekazaritzako eta ingurumeneko neurriak, 2,06 milioi euroko inbertsinoagaz; gazteei zuzendutako laguntzea, lehenengo instalazinoaren eta inbertsino barrien sustapenaren edo Lurren Bankuaren bitartez; eta nekazaritzako lurraren bitartekaritzaren hobekuntzea, Nekazaritzako Lurraren Bitartekaritzarako Bulegoaren bitartez.

Orokorrean, Nekazaritzako Sailak sendotu egingo ditu Bizkaiko nekazaritzako ustiapenek jasoten dituen laguntzak, 11,7 milioi eurogaz; nekazaritzako egituretan, basoetako beharretan eta mendietan egiten diran inbertsinoen bitartez, 8,9 milioi euro erabiliz; edo lehen aitatu doguzan nekazaritzako eta ingurumeneko neurrien bidez, 2,06 milioi euro, %8ko igoereagaz.

Ustiapenen errazionalizazinoa eta nekazaritzako gaikuntzea izango dira, barriro be, Nekazaritzako Sailak 2014an izango dituan programa garrantzitsuenetakoak. Programa horreen kreditua aurreko urteko berbera izango da –14,29 milioi eurokoa– eta horreetatik partida garrantzitsuena Nekazaritzako Egituretan egin beharreko Inbertsinoei Laguntzeko Planera bideratuko da, 4,64 milioi eurogaz.

Basoko baliabide naturalen kontserbazinoak eta antolamenduak 6,16 milioi euro jasoko dabe, eta horreetatik 1,67 milioi Bizkaiko aisia guneen mantentze eta kontserbazino beharretara bideratuko dira, eta baita izurriteen eta gaixotasunen kontrako tratamendu selektiboetara be. Eta beste 2,66 milioi euro, bere txanda gainditu dauen egurra moztea sustetako lerroagaz jarraitzera bideratuko da, mozketa horregaz batera barriro be zugatzak landatzen badira.


BATZORDEEN AMAIEREA ETA ZUZENKETA-ESKEEN EPEAREN IREKIEREA

2014ko Bizkaiko aurrekontuei buruzko informazino batzordeak bihar, martitzenean, bukatuko dira, Kulturako (goizeko 09:30etan) eta Herri Lan eta Garraioetako (11:30etan) departamentuen jarduketaren ildo nagusien azalpenagaz. Azalpenok, sail horreetako arduradunek emongo ditue, Josune Ariztondok eta Itziar Garamendik, hurrenez hurren. Horren ostean, Bizkaiko Batzarretako mahaiak zuzenketa-eskeak aurkezteko epea zabalduko dau. Batzarretako taldeek 15 eguneko epea eukiko dabe euren zuzenketa-eskeak aurkezteko.