Aurreko Albisteak

Ogasuna eta Finantza, Presidentzia eta Ekonomiaren Sustapeneko sailek hasiko ditue Batzar Nagusietako 2014ko Bizkaiko Aurrekontuen Proiekturako informazino batzordeak

Batzordea

Bilbon, 2013ko azaroaren 8an.

2014ko Bizkaiko Aurrekontuen proiektuak bere informazino prozesua hasi dau gaur Batzar Nagusietan, sail batzuetako arduradun nagusien agerpenagaz: José María Iruarrizaga, Ogasun eta Finantzetako Diputatua; Unai Rementeria, Presidentziako Diputatua; eta Imanol Pradales, Ekonomiaren Sustapeneko Diputatua. Diputatuek, euren sailen kontuen ardatz nagusiak azaldu ditue. Saioek datorren astean –astelehenean eta martitzenean– jarraituko dabe, ganerako diputatuen presentziagaz Ekonomia eta Ogasuneko Batzordearen aurrean.

2014ko Bizkaiko Aurrekontuen proiektua argitzeko informazino batzordeak zabaldu dituan lehenengo diputatua Jose Maria Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako foru arduraduna izan da. Bere azalpenaren hasieran, Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrekontuak aztertu ditu, joan dan urriaren 31n Bizkaiko Batzarretan erregistrautako proiektuan oinarrituta. Jose Luis Bilbao Aldun Nagusiak aurrekontu horreek aurkeztean esandako berbak gogoratu ditu, 2014ko kontuen lehentasunak “pertsonak, enplegua eta ekonomiaren suspertzea” izango zirala adierazo ebanean. Horretarako, Foru Aldundiak 1.502 milioi euro izango ditu kudeaketa propiorako, 6.919 milioi euroko diru-sarrera osoetatik, hau da, 2013ko ekitaldian baino %5,2 gehiago.

Bigarren partean, Iruarrizagak Ogasun eta Finantzetako Sailaren esku geratu dan aurrekontua 129 milioi eurokoa dala baieztu dau, hau da, aurtengo aurrekontua baino %7,08 gehiago. Berak zuzentzen dauen sailak, aurreikuspenen arabera Aldundiak datorren urtean gastauko dauen diruaren %5,7 jasoko dau.

Ogasunaren kontuek izango daben igoereak 4 zergaiti izango ditu, diputatuak azaldu dauenez: langileen gastuen igoerea, iruzur fiskalaren kontra burruketako lantalde handiagoaren ondorioz (10 azpi-ikuskatzaileren eta 6 agente fiskalen kontratazinoa); ekarpen handiagoa –2 milioi euro gehiago– San Mames Barria soziedadeari, Athletic taldearen zelai barria amaitzeko; La Casillako Ingeniaritza Eskolako eraikina botatzea, 1,5 milioi euro; eta, batez be, kreditu orokorrei zuzendutako V. kapituluak izango dauen 3,6 milioi euroko igoerea.


PRESIDENTZIAKO AURREKONTUEK %4KO IGOEREA IZANGO DABE

Aldundiko Presidentzia Sailari jagokonez, 2014. ekitaldian 24,4 milioi euroko aurrekontua eukiko dau, aurton baino %4,11 gehiago, bertako arduradunak, Unai Rementeriak, geroago egin dan batzordean argitu dauenez. Sailaren kudeaketaren ardatz nagusiak hiru izango dira: Udalen ekonomia eta finantza arloak saneetea; barrikuntza publikoa, Administrazinoaren, Aldundiaren zein udalen eta lekuko erakundeen, modernizazinoari emon beharreko bultzadaren bitartez, Biskaytiken bidez; eta biztanleei emon beharreko zerbitzuak, batez be Suteen itzalketa eta salbamendu zerbitzuari jagokona.

Holan, Presidentzia Sailaren aurrekontuaren igoeraren zergaiti nagusietako bat Biskaytiken gero eta jarduera handiagoa da. Fundazino publiko horren helburua udalak eta mankomunidadeak modernizetea da, teknologia barrien erabileraren bitartez. Aldundiak 900.000 euro gehiago bideratuko ditu fundazinoaren betebeharretara, horreen artean, fundazinoaren barruan dagozan 102 udalei eta 8 mankomunidadeei aholkularitzea emotea. Diputatuak iragarri dauenez, “denpora gitxi barru” hitzarmena sinatuko da Erandioko udalagaz, udalerri horrek bat egin daian foru erakundeak bultzatzen dauen plataforma informatiko publikoagaz.

Rementeriak aitatu dau, baita be, Aldundiko langileen gastuek %2,84ko igoerea eukiko dabela. Bere berbetan, hazkunde horren errazoia, Aldundiak datorren urterako 30 edo 35 aurretiko erretiro aurreikusten dituala da, eta, horrez gain, Gizarte Segurantzako ekarpenek gora egingo dabela, neurri handi batean langile kopuruaren igoerea dala eta, azkenengo enplegu eskaintzaren lanpostu guztiak, 43, bete egingo diralako. Lanpostu horietako askok euren bulegotik kanpo egin ahal izango dabe beharra, 2014an bere sailak tele-lanaren esperientzia hasiko dauelako, proba pilotua amaitu eta gero.

Udalen finantzaketari jagokonez, Rementeriak zehaztu dauenez, udalek 773,5 milioi euro jasoko ditue Udalkutxaren bitartez, hau da, 2013ko ekitaldian baino %6,2 gehiago, eta beste 12,4 milioi euro Gizartekutxa funtsaren bidez (+%4,58).


77,1 MILIOI EKONOMIAREN SUSTAPENERAKO

Imanol Pradalesek, Ekonomiaren Sustapeneko Foru Diputatuak itxi ditu Ekonomia eta Ogasuneko Batzordean, 2014ko aurrekontuen proiektua azaltzeko, gaurko programautako saioak. Hasteko, Aldundiko arduradunak adierazo dau bere sailaren kontuen xedea, legealdi honetan markautako 5 helburuak izango dirala aurton be: enplegua bultzatzea, enpresa txikien eta ertainen lehiakortasuna, enpresa barrien sorkuntzea, azpiegitura ekonomikoen garapena eta turismo industriaren eta Bizkaiak kanpora begira daukan irudiaren sustapena. Horretarako, Ekonomiaren Sustapeneko Sailak 77,1 milioi euroko aurrekontua eukiko dau, 2013an baino 4,4 milioi gehiago.

Datorren ekitaldiaren “erabateko lehentasuna” enpleguari emon beharreko laguntza izango da, Pradalesek azpimarratu dauenez. Langabezia murrizteko programetara 17,6 milioi euro bideratuko dira, eta “arreta berezia” jasoko dabe gazteak eta iraupen luzeko langabetuak lan merkaduan sartzen laguntzera zuzendutakoak. Arlo horretan, barrikuntza nagusia, 4 milioi euro izango dituen Enplegurako Ez Ohiko Funtsa martxan jartea izango da. Plan horregaz 850 lanpostu sortzea aurreikusten da.

Ez ohiko funts hori lau ekimenen bitartez gauzatuko da: enplegurako eta eskualdeak suspertzeko plana, 450 auto-enplegu eta mikro-finantzaketa ekimen sor daitezan; iraupen luzeko langabetuen enplegu aukerak hobetzeko Lan Berri programa, 150 pertsonari zuzendua; 30 urte arteko gazteen muga bako kontratazinoa bultzatzeko programa, 200 onuradun izango dituana; eta, azkenik, unibersidadeko 50 gazteri lan munduko aukerak eta bikaintasunean oinarritutako prestakuntzea eskiniko deutsien Talentia bekak.

Ekintzailetza digitalaren eta enpresa sustapenaren arloan, Ekonomiaren Sustapeneko Sailak laguntza programa barria jarriko dau martxan, ekonomia digitalaren arloko enpresa proiektu barriak bultzatzeko. Programa horretara 400.000 euro bideratuko dira. Arlo horretan azpimarratzekoa da, baita be, Seed Capitalera zuzendu dan 600.000 euroko funts barria, enpresa txikiei mikro-kredituak emoteko. Horrez gain, Bizkaiko Teknologia Alkartegian oinarri teknologikoa daukien enpresen haztegi izateko azpiegiturea martxan jarriko da, 6.000 metro karratuko eraikin batean.

Barrikuntza arloari jagokonez, gauza barrien artean, Aldundiak enpresen arteko barrikuntza sustatzeko programa jarriko dau martxan, eta horretara 300.000 euro bideratuko ditu. Nazioartekotzeari jagokonez, sailaren aurrekontuak %8,2ko igoerea eukiko dau. Eta kanpo sustapenak be igoerea eukiko dau, Bizkaiko turismo industria indartzeko 5,9 milioi euro gastauko dira.


BATZORDEEK ASTELEHENEAN JARRAITUKO DABE

Datorren martitzenera arte, azaroaren 12ra arte, foru diputatuek batzordearen aurrean agertzen jarraituko dabe, bakotxa bere aldetik, batzarretako taldeei euren sailen jarduketa ildo orokorrak azaltzeko. Saio horreek dira Bizkaiko Batzarretako Mahaiak, ostean zuzenketa-eskeak aurkezteko epealdia zabaldu daian, emon beharreko aurretiko pausua. Datorren asteko agerpenen ordena honango hau izango da:

Astelehena, azaroak 11
- 09:30etan. Gizarte Ekintza
- 11:00etan. Ingurumena
- 13:00etan. Nekazaritza

Martitzena, azaroak 12
- 09:30etan. Kultura
- 11:30etan. Herri Lanak eta Garraioa