Batzar Nagusiek, 2013ko defizitaren malgutzearen ondoriozko Aldundiaren inbertsino gehigarriaren 27 milioi euroen jomugea babestu dabe

Batzar nagusiek argi berdea emon deutsie Bizkaiko Foru Aldundiak 2013ko aurrekontuetan sartu gura dituan 27 milioi euroen jomugari, diru ekonomia suspertzeko inbertsino egitasmoetara bideratu ahal izateko. Bizkaiko Batzar Nagusietako Ekonomia eta Ogasuneko Batzordeak, Euzko Abertzaleak (EAJ-PNV), Socialistas Vascos (PSE-EE) eta Bizkaiko Popularrak (PP) taldeen aldeko botoakaz, defizit publikoa malgutu ostean ekonomia suspertzeko jarduerak zein inbertsino-proiektuak garatzeko kreditu gehigarriak baimentzeko aurrekontu arloko preminazko neurriak onartzen dituan foru arauaren proiektua onartu dau. EH Bildu abstenidu egin da, inbertsino horren jomuga aldatzeko aurkeztu dituan zazpi zuzenketa-eskeak atzera bota diralako.
Proiektuak, 2013ko aurrekontu araudia eta horren gastu partidak aldatzeko beharrezkoak diran aldaketak sartzen ditu, Aldundiaren zorpetze-mugea 1.227 milioira igon dalako, aurtengo aurrekontuari beste 27 milioi gehitu jakozalako. Kopuru hori, geroago egingo dan osoko bilkuran onartu ezkero, hurrengoetarako erabiliko da: Metroaren 3. linearako (15,4 milioi), Teknologia Parkean egin behar diran inbertsinoetarako (4 milioi), lan hidraulikoetarako (4,6 milioi) eta Gernikan enpresa eta barrikuntza zentro bat egiteko (3 milioi).
Arau proiektuaren aurrean aurkeztutako zuzenketa-eskeak defendiduteko txandan, Iñaki Egañak, PSE-EE taldeak Batzarretan daukan bozeroaleak, bere taldeak aurkeztutako zuzenketa-eskeak baztertu egiten dituala adierazo dau. Hasiera batean, zuzenketa-eske horreek, 2013an Ermuko saihesbideko beharrak hastera egozan bideratuta. Zuzenketa-eskeak baztertu egin dira obra hori datorren urteko Bizkaiko aurrekontu proiektuan sartu dalako.
EH Bilduk, bere aldetik, beste jomuga bat defendidu dau 27 milioi euro horreentzat, bere ustez, Aldundiak egindako banaketea “ez dalako egokia”, Andoni Gezuraga batzarkideak adierazo dauenez. Taldeak “gabeziak” aurkitu ditu, ez dagoalako “gizarte politiketara, udaletara eta enplegua eta eskualde garapena bultzatzera” zuzendutako partidarik.
Zehatzago esanez, koalizino abertzaleak 3. lineara eta Teknologia Parkera bideratutako kopuruak %10 murriztea eta lan hidraulikoetarako bideratutakoan 3 milioi kentzea eskatu dau, lurralde enplegua bultzatzeko proiektuetara (milioi 1 euro), udal programetara (1,5 milioi euro), etxebako personentzako aterpetxea eregitera (890.000 euro) eta Urdaibain saneamendua garatzera (2 milioi euro) bideratzeko. Zuzenketa-eske horreek osoko bilkurarako erreserbau dira, EAJ-PNV eta PP taldeek kontrako botoa emon eta gero. PSE-EE taldeko ordezkariak abstenidu egin dira.
LA CASILLAKO INJENIERITZA ESKOLA BOTATZEA
Beste alde batetik, José María Iruarrizaga jauna, Ogasun eta Finantzetako Foru Diputatua, 2014an La Casillan dagoan lnjenieritza eskolako eraikina botatzearen eta une honetan Bilbon “sakabanatuta” dagozan Aldundiaren egoitzak bilduko dituan eraikina eregitearen alde agertu da. Aurrekontuetan horretarako aukera dagoanean, Foru Erakundeak, “20.000 metro karratu” inguruko azalera eukiko dauen eraikina eregitea aurreikusten dau, “Gizarte Ekintzako edo Nekazaritzako” departamentuak bertara eroateko. Beheko solairuan jenteari arretea eskintzeko lekua egongo litzateke.
Iragarki hori, Batzarretako EH Bilduko taldeak egindako galderei erantzunez egin dau. Talde abertzaleak, batzordearen aurrera etorteko eskaerea egin dau, lnjenieritza eskola izandako eraikina botatzearen zergaitiak azaldu daizan. Iruarrizagak adierazo dauenez, eraikina botatzea, Aldundiko Ondare departamentuko teknikarien txostenetan oinarrituz egingo da, bertan esaten dalako eraikina “ez dala egokia foru bulego moduan erabili ahal izateko, daukan banaketea dala eta”. Aldundiko arduradunak ganeratu dauenez, eraikina “zaharkituta” dago, eta teilatuan amianto arazoak euki “daikez”.
EH Bilduren eretxiz, higiezina botatzea “dirua xahutzea” da, kontuan izanda Aldundiak “1.321.000 euro” gastetan dituala alokairuetan, aldundiaren egoitzetarako. Asier Aranak, koalizino abertzaleko batzordekideak, gaur egungo eraikinari “gizarte erabilerea” emotea proposatu dau, etorkizunean ez daiten “orube hutsik geratu, Plentziako aterpetxeagaz gertatu dan moduan”.