Aurreko Albisteak

"Laguntzaile pertsonalaren" prestazinoa araupetzen dauen foru dekretu barriak bateragarritasunak zabaldu ditu, laguntzak "ahalik eta" leku gehienetara heldu daitezan

Batzordea

Bilbon, 2013ko azaroaren 7an.

Pilar Ardanzak, Gizarte ekintzako foru diputatuak, Gobernu Kontseiluak uztailean onartu eban Bizkaiko Laguntzaile Pertsonalaren prestazinoari buruzko Foru Dekretuaren barrikuntza nagusiak azaldu ditu gaur Batzar Nagusien Aurrean egin dauen agerpenean. Bere esanetan, testuak, Aldundiak, “irudi hori ahalik eta pertsona gehienengana zabaltzeko” daukan borondatea jasoten dau, eta horretarako bateragarritasun eremu “zabala” ezarten dau, beste laguntza batzuekaz alderatuz. Laguntza horreen artean honeek aitatu ditu: etxeko laguntza zerbitzua, tele-laguntzea, eguneko arretea (eguneko zentroa edo okupazionala, beste batzuen artean), eta egoitzako zerbitzua, 16 ordutik beherakoa edo 24 ordukoa baina iraupen mugatukoa dan kasuetan.

Aurtengo apirilaren eta ekainaren artean Aldundiko teknikariakaz “9 bilera” egin eta gero, Gitxitasun Fisikoa edo/eta Organikoa Daukien Pertsonen Erakundeen Federazinoak (FEKOOR) egindako ekarpenak jaso dituan foru dekretuak, laguntzaile pertsonalaren kontzeptu “zabalagoa” sartzen dau, bere helburua, eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak egiteko orduan urritasuna daukan pertsonari bizitza autonomoagoa emotea dalako, eta ez bakarrik –lehen gertatzen zan moduan– hezkuntza edo lan munduan sartzen laguntzea, muga horrek “pertsona asko prestazino horretatik kanpora geratzea eragiten eban eta”, Ardanzak azpimarratu dauenez.

Dekretuak dituan alde onen artean, diputatuak, indarrean sartzen dan unetik, mendekotasunaren balorazino baremoaren arabera “edozein gradutan eta mailatan” balorautako pertsonak prestazino hori jaso ahal izango dabela be azpimarratu dau. Lehen III. Graduko pertsonak baino ezin eben hori eskuratu. Laguntzaren jasotzaileak 18 eta 65 urte artean izan beharko ditu eta “Bizitzeko Plan Independentea” aurkeztu beharko dau, hau da, “pertsona onuradunaren konpromisoa erakusten dauen dokumentua, laguntzailea bizitza autonomoko zein jarduera eta helburu beteteko erabiliko dauen argituz”, azaldu dau Ardantzak.

Bere azalpenean, diputatuak hurrengo aurrekontuetan, “Bizitza Independenteari Laguntzeko Zerbitzua” martxan jarteko partida bat iragarri dau, horren bitartez “Laguntzaile Pertsonalen kontratazinoa, entrenamendua eta, batez be, gitxitasuna daukien pertsonak enpoderatuko dituan zerbitzua bultzatzeko”.


GIZARTEKUTXA

Beste alde batetik, Gizarte Ekintzako arduradunak esan dauenez “ez da inolako aldaketarik egon” Gobernu Kontseiluak uztailean onartu ebazan Gizartekutxa funtsen banaketarako erespideetan. Aldundiak, Kupotik deskontau zan zenbatekoaren %15 Gizartekutxa Funtsean integrauko zala erabagi eban, 2012ko ekitaldirako, Mendekotasunari buruzko Legearen barruan, Bizkaiko udalerrien artean banatzeko, Gizartekutxaren banaketarako erespide “berberak” erabiliz, hau da, “2000. urtetik, Aldundiaren eta EUDELen arteko hitzarmena sinatu zanetik, apliketan diranak”, argitu dau Ardanzak. Kopuru hori “3.608.265 eurokoa” da.


GIZARTE INKLUSINOKO LANGILEEN RATIOAK ETA PERFILAK

Aldundiak Foru sareko gizarte inklusinorako giza baliabideen ratioak beteten dituan ala ez egindako galderaren aurrean (harrerako zentroak edo etxebizitzak), diputatuak adierazo dau “horreek bermatzen dirala, hitzarmenetan beren beregi eskatzen diralako, eta horreek beteten dirala kontroletan dala “lekura bertara” egindako bisiten bitartez. Bisita horreetan, langileen presentzia eta kontratazinoei buruzko dokumentazinoa egiaztetan dira. Puntu horretan, Aldundiak ez dituala arazo psikologikoak dituen pertsonen ospitale psikiatrikoetako arretea bermatzeko eskumenik be erantzun dau Ardanzak. “Eskumenak Osakidetzarenak dira”, argitu dau, EH Bilduren galderari erantzunez.

Halanda be, koalizino abertzaleak uste dau Aldundiak informazino hori telefono bitartez jasoten dauela, eta ondorioz, harrerako zentroen eta etxebizitzen kontrola ez dala “eraginkorra”. Irune Sotok, koalizino abertzaleko bozeroaleak, salatu dauenez, “leku batzuetan pertsona bakar batek” 24 orduko txandak egiten ditu, eta horren aurretik gogoratu dau, joan dan maiatzean, Caritaseko hezitzaile batek, arazo psikologikoak eukazan erabiltzaile baten erasoa jasan ebala. Zoritxarrez, “ez dago arriskuen azterketarik” holango kasuetarako, esan dau.


ETXE BAKO PERTSONENTZAKO AHOLKUEN BETETZE MAILA

Azkenik, koalizino abertzaleak jakin gura izan dau zenbateko betete maila daukan Aldundiak Euskal Herriko Unibersidadeagaz batera 2009an "Perfil y necesidades de las personas sin hogar en Bizkaia" izenez egin eban ikerketak. Ikerketa horretan aholku batzuk agertzen ziran ondorio modura. Gai horregaz erlazionauta, aholku horreek guztiak ez dagozala Aldundiaren eskumenen barruan, gehienak “udalei” jagokezala argitu dau Ardanzak. Foru Aldundiari jagokonez, diputatuak adierazo dauenez, “oso ehuneko” altuan ari dira beteten.

“Baliabideen duintzearen ardatzaren” barruan, Aldundiak egonaldi ertaineko egoitza zerbitzuak finkatu ditu, 49 plaza gehiago martxan jarriz 2009tik, eta eguneko zentroak indartu ditu, 510 plazatara heldu arte. Ganera, Hontza zentroko ordutegiak eta prestazinoak zabaldu egin dira. Eta barrikuntza moduan, Aldundiak, GIB-VIH daukien pertsonei zuzendutako “Atsedena” gatxondo egoitza jarri dau martxan, 7 plaza eskiniz.

EH Bilduko bozeroaleak, barriz, aholku “gehienak” ez dirala bete esan dau. Irune Sotoren eretxiz, kezkagarria da Bilbon “200 pertsona” etxe barik egotea edo, azken hilebeteetan, etxerik ez daukien “5 pertsona” hil izana gure lurraldean. EH Bilduk eskaerea egin dau Bizkaian aterpetxe gehiago eregi daitezan, Barakaldon gaua igarotzeko zentroa egin daiten, eta zabalik dagozan zentroetan dutxa eta zerbitzu gehiago instalau daitezan. Horrez gain, kaleko zerbitzua indartzea be eskatu dau, beste eskari batzuen artean.