Aurreko Albisteak

Bizkaiko abeltzaintzak 58 abelburu galdu ditu azkeneko hiru urteetan, otsoen erasoak dirala eta

Batzordea

Bilbon, 2013ko azaroaren 6an.

2011-2013 epealdian, Bizkaiko Foru Aldundiak 58 abelburu hil dirala erregistrau dau, otsoaren erasoak dirala eta, Irene Pardok, Nekazaritzako foru diputatuak, Batzar Nagusietan gaur adierazo dauenez. Galera horreen barruan, ardiak, ahuntzak, behiak eta zaldiak sartzen dira, eta baserritarrek eurek emon dabe horren barri. Aldundiko arduradunak adierazo dau, ganera, bere Sailean ez dagoala Enkarterrin otsoren bat hil izanaren barri, alkarte ekologista batzuek salatutako ezkutuko uxaldi baten ondorioz. Salaketa hori dala eta, Socialistas Vascos (PSE-EE) eta Bizkaiko Popularrak (PP) taldeek diputatua Nekazaritza eta Ingurumeneko Batzordearen aurrera etortea eskatu dabe, gertakari hori argitu daian.

“Canis lupus” izenekoaren erasoen ondoriozko abelburu galeren kasuan, Pardok adierazo dau Aldundiak lurraldeko ustiapenei laguntzen jarraitzen dauala, nekazaritzako asegurua edukitera bideratutako diru-laguntza politikaren bitartez, Estaduko administrazinoagaz batera. Diru-laguntza horreek “primaren kostuaren %80ra arte hartzen dabe”. Ganera, Foru Aldundiak beste laguntza lerro bat be zabalik dauka, eta horregaz aseguru horren kalte-ordainak “%40an osatzen dira”, gogoratu dau diputatuak.

Artzentalesen, antza, otso bat hil izanari jagokonez, diputatuak adierazo dauenez, basoko 4 guardek osatzen daben inguru horretako foru zainketa zerbitzuak ez dau “inolako” ehiza jarduera ezkutukorik hauteman. Bere Sailak ez dau gertakari horri buruzko salaketarik jaso, baina diputatuak adierazo dauenez, komunikabideen bitartez otsoa hil izana entzun eta gero, ikerketa bat zabaldu eban, baina ikerketa horrek ez dau otsoaren hilketea argitu ahal izan.

PP eta PSE-EE taldeen eretxiz, ez da oso sinesgarria talde ekologistek salatutako gertakaria “asmautakoa” izaterik. Arturo Aldecoa PP-ko batzordekidearentzat, gertakari horrek erakusten dau ezkutuko ehiza “larria izaten hasi dala”, Bizkaian eta beste lurralde batzuetan. Aldundiak erregistrautakoak “baino askoz be gauza gehiago ari da gertatzen”, esan dau.

Ekologisten edo diputatuaren bersinoak zalantzan jarri barik, PSE-EE taldeko Isaac Fernándezen ustez, “egokiagoa” da otsoa hil ebana moduko gertakarien barri izan dabenek edo lekukoek gauza horreek agintari eskudunen aurrean salatzea. Puntu horretan ados agertu da Euzko Abertzaleak (EAJ-PNV) taldea.


ORKATZ UXALDIAK

Beste alde batetik, PP taldeak Aldundiaren permisibidadea salatu dau, basurdearen uxaldiak aprobetxatuz orkatz emeak be hiltea baimendu dauelako, ehiztariei, azaroaren 15etik urtarrilaren 31ra animaliak hilteko baimena emoten eutsien foru agindu batean oinarrituta. Baimendutako taldeek egindako uxaldi horreek, animalien ernaldiagaz bat etorri daitekez, popularrek esan dabenez.

Aldundiko arduradunak adierazo dauenez, epe hori da Euskal Herriko Unibersidadeko Zoologia saileko adituek, bere sailak eskatuta, egindako txostenean gomendatzen dana, orkatz kumearen hasierako garapena errespetetako. Orkatz emeen uxaldi selektibo horreek defendidu ditu, espeziean “oreka” gordetako, Bizkaiko “kudeaketa unidade guztietan”, orkatz ar baino eme gehiago dagozala ikusi dalako. Sailaren helburua, jarduketa horreen bitartez sexuen arteko “ratio egokia” ezartea dala azaldu dau.

Errazoi hori dala eta, orain denpora gitxi sailak baimena emon dau uxaldi selektiboa egiteko, basurdea ehizatzeko denporaldiagaz bat etorriz. Holan, eskualdeka banandutako “7 taldek”, gehienez be “4 orkatz eme” ehizatu ahal izango ditue programautako egun bakotxean. Orkatz eme bakotxarengaitik, ehiztariek 10 eta 12 euro artean ordaindu beharko dabe.

PP taldea “arduratuta” agertu da uxaldi horreek dirala eta, bere ustez 2011. eta 2012. urteetan gure lurraldeko basoetako orkatz kopurua “beherantz egiten hasi dalako”. Arturo Aldecoa batzordekide popularra “Orkatz populazinoa eta horreen kudeaketea Bizkaian” gaiari buruzko azterlanean oinarritu da. Azterlan horretan esaten danez, “espezie hori berreskuratzeko prozesua mantsotu egin da aztertutako gune guztietan, ipar-mendebaldean izan ezik”. PP-ko batzordekidearen ustez, ganera, espezie horren kudeaketea planifiketako orduan, Aldundiak ez dau ezkutuko ehizaren eragina kontuan izan, eta azken urteetan jarduketa hori “oso aktiboa” ari da izaten.

Pardok esan dauenez hori ez da egia. Garbi dago ezkutuko ehiza “existiduten dala eta beti existidu dala”, eta bere Saila Ertzaintzagaz beharrean dabil arazo hori konpontzeko. Diputatuak erantzun dauenez, Foru Aldundiak aldagai hori kontuan euki dau aurtengo denporaldian orkatz emeen uxaldiak baimentzeko orduan. “Aurrera jarraituko dogu beharrean oreka hori lortzeko bidean, oreka perfektua lortzea ezinezkoa dala dakigun arren”, jakinarazo dau.