Batzar Nagusiek atzera bota dabe Aldundiak, bosgarren edukiontzirik ez daukien udalerrietarako konpostaje aparatuen erosketa diruz laguntzeko proposamena

Bizkaiko Batzarrak baztertu egin dau gaur goizean Aldundiak, bosgarren edukiontzia hartzen dauen ohiko sistematik kanpoko konpostajerako makinen erosketa diruz laguntzeko proposamena. Apirilaren 23ko 63/2013 Foru Dekretua onartu zanetik, Foru Aldundiak aukera hori eskintzen dau, baina beti edukiontzi marroia instaletea eskatzen bada, holan materia organikoa batzeko eta Aldundiak Arraiz Mendian daukan konpostajerako zentroan tratetako. EH Bilduk aurkeztu dauen eta Batzar Nagusietako Nekazaritza eta Ingurugiroko Batzordean eztabaidatu dan ekimenak Socialistas Vascos (PSE-EE) taldearen aldeko botoa jaso dau. Euzko Abertzaleak (EAJ-PNV) eta Bizkaiko Popularrak (PP) taldeek proposamenaren kontrako botoa emon dabe.
Koalizino abertzaleak, Arauz Besteko Proposamenaren bitartez, eskaerea egin deutso Aldundiari, Bizkaiko auzoetan eta herrietan auto-konpostajerako behar diran gailuak eskuratzeko diru-laguntzak “zabaltzeko”, eta “ez bakarrik” bosgarren edukiontzia eskatu daben herrietan, ganera, kontrolerako eta jarraipenerako neurriak ezarriz. Asier Vegak, EH Bilduko batzordekideak, adierazo dauenez, zabaltze horrek “onurak” ekarriko leukez hondakin organikoen plangintzaren ikuspuntutik, Bizkaiak hondakin horreen kudeaketa gastuak eta bolumena urritu egingo leukezalako.
EAJ-PNV-ko batzarretako taldeak gogoratu deutso Bilduri, igaz, Bizkaiko Hiri Hondakinen Plan Integralaren bigarren berrikuspena egin zanean, talde horrek “ez ebala gai horregaz erlazionautako inolako ekarpenik egin”. Dokumentu horrek konpostajea errazteko aparatuak erosteko laguntzak batzen ditu. Batzarretako talde guztiek, koalizino abertzaleak izan ezik, adostutako Foru plan horrek abonu organikoaren kalidadea eta bosgarren edukiontziaren bitartez horren erabilera egokia bermatzen ditu. Talde jeltzalearen eretxiz, autokonpostajearen “etxez etxeko” kontrolak birziklapenaren kostuak igon egingo leukez.
PP taldea jeltzaleakaz bat etorri da, autokonpostajerako makinak erosteko diru laguntzak edukiontzi marroiaren ezarpenagaz lotuta joan behar dirala esatean. Gaur egun indarrean dagoan plana “ondo dabil funtzionetan”, eta ez dago eredua aldatzeko motiborik. Ez dira egin behar “merezidu ez daben eta beharrezkoak ez diran gastuak”. Hobekuntza “nabarmenik” ekarriko ez leukien “gastu gehiago” izango litzatekez, esan dau talde popularreko Arturo Aldecoak
ARBOLARTEKO ERANTZUKIZUN ZIBILEKO ASEGURUA
Beste alde batetik, Bizkaiko Talde Popularrak, Iosu Madariaga, Ingurumeneko foru diputatua, batzordearen aurrean agertzea eskatu dau, foru lurretan, Zugaztietan, dagoan eskultura parkearen proiektuan 5 urte baino gehiagoz erantzukizun zibileko asegururik ez egotea, Meatzalde Goikoa Kultur Alkarteagaz dagoan kontratua apurtzeko zergaitia ez izatea azaldu daian. Zerbitzu juridikoak esandakoa kontuan izanda, aldundiko arduradunak gogoratu dau kultur ekimen horren sustatzaileek 2012ko azarora arte asegururik kontratau izana ez egiaztatzea “ez dala” foru lur “zabalean eta publikoan” 17 eskultura jarteko “baimena kentzeko errazoia”, Arbolarte parkeari jagokonez. Enpresak dagoaneko konpondu dauen “akatsa” da, erantzun dau.
Madariagak azpimarratu dauenez, “forma aldeko ez betete” horreek konpondu eta gero, Ingurumeneko Sailetik “ontasunaren eta interes publikoaren” jarraibidearen arabera jardun da. Ez da ahaztu behar proiektu hori, aire zabaleko museoaren aldetik “irabazi ekonomikorik jasoten ez dauen” alkarte batek sustatzen dauela. Parke “berezia” eta “positiboa” da Bizkaiarentzat, eta “jarduera ekonomikoa sortzen dau egoera txarrean dagoan leku batean, eta bizibarritzen laguntzen deutso leku horri”. Proiektu horren bokazino “argia”, euskal arte garaikiderako erreferentziazko lekua izatea da, eta Nestor Basterretxeak orain denpora gitxi egin dauan ekarpenak helburu hori “finkatu egin dau”, azpimarratu dau.
PP taldeak, bere aldetik, eskulturen parkeak lehenengo bost urteetan ez dauela asegururik izan azpimarratu dau barriro be, inaugurau zanetik igazko azarora arte. Ganera, Arturo Aldecoak uste dau Aldundiak “baldintza guztiak betetan dituan” asegurua eskatu behar deutsala enpresa sustatzaileari, gaur egungoak ez ditualako baldintza guztiak betetan. “Alkarteko kideak babesten ditu, jausten badira”, esan dau ironiaz. Kasu honetan, bere eretxiz, Foru Aldundiak, “parkearen erabiltzaileen interesak babesten ez dituan” tratua emon deutso enpresari. Sustatzaileen esanetan, parkeak “70.000” erabiltzaile ditu urtean. Aldundiari inplikazino gehiago eskatu deutso, Arbolarte sustatzen dauen alkarteak, datorren azaroaren 15ean amaituko dan asegurua “hobetu daian”.
MALATO ARBOLEA
Horrez gain, Batzordeak PP taldearen Arauz Besteko Proposamena baztertu dau. Bertan, Aldundiari “interesa erakusteko” eskatzen jakon, Eusko Jaurlaritzak, Malato Arbolea zuhaitz “berezi” moduan babesteko aukerea “aztertu” daian. Garai haretako kronikek esaten dabenez, 1603an desagertu zan, Bizkaiko jaunak alkartzeko lekua zan, eta Bizkaiko Jaurerriaren mugak marketan ebazan. Arbola horrek hartzen eban lekuan Gernikako arbolaren bost kimu landatu ziran, eta harrizko kurutze bat eta monolito bat jarri ziran. Ganerako taldeen eretxiz, hori nahikoa da arbola horrek Bizkaiarentzat izan eban esanahi historikoa gogoratzeko, Luiandon, Arabako lurralde historikoan, dagoan arren. EAJ-PNV, Bildu eta PSE-EE taldeek, orain 410 urte desagertu zanez gaur egun “existiduten ez dan” zuhaitz bat babestu beharra baztertu dabe.