Aurreko Albisteak

PSE-EEk itandu egin deutso Aldundiari Zabalgarbik beste lurralde batzuetako zaborrak tratetako dagozan aukerez

Bilbon, 2013ko urriaren 31n.

Nekazaritza eta Ingurumeneko Batzordeak azaroaren 4an, datorren astelehenean, izango dauen batzarrean eztabaidagai izango dira Bizkaiko hondakin solidoen kudeaketeaz loturiko zenbait arlo. Socialistas Vascos Taldeak (PSE-EE) batzorderatzeko eskatu deutso Iosu Madariaga Ingurumeneko Foru Diputatu jaunari, argibideak emon daizan Gipuzkoako Lurralde Historikoko uri hondakinak agian Zabalgarbin hartu eta tratatzeaz, zenbait “albisteren” arabera “Gipuzkoako Lurralde Historikoan tratatzeko instalazino egokirik ez dagoanez sortutako zailtasunen aurrean”.

Talde horren jakin gura dau ea “gaur egun” hori aukeren artean dagoan zerbait dan, Zabalgarbiren gaur eguneko erraustegiak gaitasunik daukan hondakinok tratatzeko eta zenbateko bolumena tratatzeko aukera daukan. Era berean, sozialistek jakin gura dabe zein dan gaur egun Zabalgarbiren erraustegiak daukan errendimentua hondakinen aldetik zein energia sortzeko gaitasunaren aldetik, eta datuok aurreko urteetakoakaz konparauta emotea eskatzen dabe, besteak beste.

Beste alde batetik, Bizkaiko Talde Popularrak be batzorderatzeko eskatzen deutso Ingurumeneko Foru Diputatuari, azaldu dagian ea erantzukizun zibileko asegurua ez egoteari zergaitik ez deritxan behar besteko arrazoi foru lurrak erabilteko emondako baimena ezabatzeko, hain zuzen bost urtetan be horixe jazo ei da-ta Zugaztietako eskulturen parkearen kasuan.


EH BILDUREN ARAUZ BESTEKO PROPOSAMENA

Batzorde horretako beste aztergai bat izango da EH Bildu Taldeak aurkeztu dauen Arauz Besteko Proposamena, Bizkaiko Batzar Nagusiek Foru Aldundiari eskatu deioen “autokonpostajerako beharrezkoak diren gailuei dagozkien diru-laguntzatarako aukerak zabaltzea eta ez bakarrik 5. edukiontziaren eskaria egin duten herriei, beti ere, horien erabilera egokia zein benetan emaitza egokiak ematen direla ziurtatzeko beharrezkoak diren kontrol zein jarraipen neurriak ezarriz”.