Bizkaiko Foru Aldundiak Herri Administrazio eta Ogasun Sailen lehentasunak iragarri ditu Batzordean
Ibone Bengoetxea Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako Diputatuak, agintaldi honetako laneko ildo estrategikoak aurkeztu ditu gaur Bizkaiko Batzar Nagusietako Iraskunde, Gobernamentu On eta Gardentasunerako Batzordearen aurrean. Helburu nagusia, munduagaz konektauta baina, aldi berean, herritarrengandik gertu egongo dan eta eraginkorra, barritzailea eta inklusiboa izango dan Bizkaia digitala lortzea da. Holan, erakunde modernoa eta gertukoa lortzeko egingo da behar, alde batetik personen ongizatea bilatuz eta, bestetik, lurraldearen kohesinoa eta aukera bardintasuna.
Laugarren industria iraultzaren egungo eta etorkizuneko erronkari erantzuteko, Plan Estrategiko Digitala jarriko da martxan, Bizkaia lurralde adimenduna bilakatzeko. Sailak arreta berezia jarriko dau online egiten diran hartu-emonetan eta izapideen kudeaketan, administrazino arloko sinplifikazinoa, 0 burokrazia eta erregistro zerbitzuen hobekuntzea bilatuz. Arreta elektronikoa beste kanal batzuek osatuko dabe, lurraldeko puntu gehiagotara zabalduko diran presentziazko bulegoek eta informazinorako telefono zenbakiek, adibidez.
Agintaldi honetako beste lehentasun bat udalerriei emoten jaken arreta indartzea izango da. Holan, “Herri Txiki Aukera Handi” egitasmoa jarriko da martxan, Bizkaiko herri txiki guztiek zerbitzu publikoetara modu berean helduko dirala bermatzeko.
Datozan lau urteetan, bertako larrialdi zerbitzua Europa eta nazinoarte mailako erreferentzia bilakatzeko be egingo dau behar Sailak. Holan, foru sektorearen eraldaketa digitala egingo da, soluzino barritzaileak eta abangoardiakoak eten barik bilatuz. Bizkaian suhiltzaile parke barri eta moderno bi eregiko dira Zallan eta Arratzun, azken belaunaldiko ibilgailuak erosiko dira eta larrialdien kudeaketarako Bizkaia Prest zentro integralean aurrera egingo da.
Batuz plataformea
Jose Maria Iruarrizaga Ogasuneko Foru Diputatua izan da Bizkaiko Batzar Nagusietan gaur egin dan bigarren batzordearen protagonistea. Jakinarazo dauenez, iruzur fiskalaren kontrako burrukea eta Zergadunari emon beharreko laguntzea dira 2019-2023 epealdirako helburu nagusi biak, eta horreek gauzatzeko oso garrantzitsua izango da 2021ean guztiz operatibo egongo dan Batuz plataformea martxan jartea.
Batuz martxan jarri ostean, Bizkaiko Foru Aldundiak BEZ eta PFEZ edo Soziedadeen ganeko Zergaren aitorpen proposamena bideratuko deutse 100.000 zergadun inguruei. Zergak aitortzeko prozesua errazteaz gain, Batuzek enpresa eta autonomo guztien tributazinoa osorik ezagutzeko aukerea emongo dau, salmentako eragiketa guztiek Ogasunaren aurrean autortzen dirala ziurtatuz.
Iruzur fiskalaren kontrako burrukea be indartu egingo da, beste administrazino eta eragile batzuekaz hitzarmenak gauzatuz, Auditoretza Informatiko Unitatetik informazinoa hartuz eta datuen trukaketarako nazinoarteko akordioen bitartez, autortuta ez dagozan ondasunak eta eskubideak hautemateko.
Euren zergak ordaintzeko gaiztasunak daukiezan zergadunei jagokenez, 2020ko urtarrilaren 1ean Diru-bilketako Arautegi barria sartuko da indarrean. Horren bitartez errazagoa izango da ordainketea atzeratzeko eskariak egitea eta horreei erantzutea.
Zerga politika zuzenean, progresiboan, ekitatiboan eta lehiakorrean aurrera eroatea, aurrekontu publiko eraginkorra eta jasangarria prestetea eta eten barik eguneratzen joango dan katastroa eukitea dira Ogasun Sailak agintaldi honetarako dituan beste ardatz estrategiko batzuk. Iruarrizagak azpimarratu dauenez, beharrezkoa izango da zerga arloko figura barriak Kontzertu Ekonomikoan sartzea, finantza arloko jarduerei eta izaera digitaleko jarduerei jagokezanak, beste batzuen artean.