Aurreko Albisteak

Garraio eta Ekonomiaren Sustapen Sailek 2023ra arte egingo daben beharraren ildo estrategikoak azaldu ditue Batzordean

Miguel Ángel Gómez Viar, Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Foru Diputatuak, izentau ebenetik lehenengo agerraldia izan dau gaur Bizkaiko Batzar Nagusietako Batzordearen aurrean, bere sailak 2019-2023 agintaldian dituan lehentasunen barri emoteko. Diputatu barriak adierazo dauenez, bere Sailak baldintza honeek beteko dituan garraio jasangarria lortzeko egingo dau behar: gizartearen aldetik arduratsua izatea, ekonomiaren ikuspegitik bideragarria, teknologiari jagokonez aurreratua, eta kalidadekoa.

Diputatuak zuzentzen dauen Sailak Mugikortasun Jasangarri Zuzendaritza barria estreinauko dau, eta zuzendaritza horren esfortzuak intermodalitatea sustatzeko, espazioen erabilera garraio publikoko ibilgailuen, oinezkoen eta txirrindularien artean bateragarri egiteko, eta ibilgailu pribaduaren erabilerea murrizteko lantokira joateko modu eraginkorragoa bultzatzeko egingo dau behar.

Gómez Viarrek azpimarratu dauenez, mobikortasunari lehentasuna emon behar jako, baina jasangarritasuna eta energia eraginkortasuna ahaztu barik. Bizkaibuseko flotan apurka-apurka ibilgailu hibridoak ezarteko prozesuan aurrera jarraituko dabela azaldu dauen arren, Diputatuak adierazo dau energia alternatiboak erabilten dituen autobus mota desbardinak ari dirala testetan, Bizkaian ingurumena gehien errespetauko dauen garraio publikoa lortzeko teknologia onenak zeintzuk diran zehazteko.

Lurralde barritzailea

Industria, ekintzailetza, talentua, turismo jasangarria eta eskualde mailako garapena izango dira Ekonomiaren Sustapenerako Sail barriaren beharraren bost ardatz estrategikoak. Holan azaldu dau gaur Bizkaiko Batzar Nagusietako jagokon Batzordearen aurrean Ainara Basurko Diputatuak.

Helburua, eraldaketa prozesuan aurrera jarraitzea da, talentua izango dauen, erakargarria eta orekatua izango dan eta konektauta egongo dan lurralde barritzaile moduan Bizkaiak daukan posizionamendua indartzeko, Basurkok azpimarratu dauenez.

Estrategia horretan, Ekonomiaren Sustapenerako Sailak indartu egingo dau Bizkaiko Foru Aldundiak industriari eta balio erantsi handiko zerbitzuei emoten deutsen laguntzea eta nazinoartean presentzia handia izango dauen ekintzailetza aurreratuaren eta hazkunde jasangarriaren eta lurralde mailako orekaren aldeko apustua egingo dau, toki eta eskualde mailako eragileakaz aurrera daroan alkarlana indartuz.

Ekintzailetza aurreratuaren arloan, proiektu estrategikoetako bat, aurreikuspenak beteten badira 2021ean Bizkaia Dorrean ateak irekiko dituan Ekintzailetzaren Nazinoarteko Zentroa izango da. Ganera, nazinoarteko operadore espezializau batek emongo dituan enpresen azelerazinorako zerbitzuak jarriko dira martxan.

Barrikuntzea, inbertsinoa eta nazinoartekotzea izango dira enpresen lehiakortasuna hobetzeko hiru palankak. Sailak laguntza programak pertsonalizauko ditu, enpresa txikiek be eraldaketa digitalerantz aurrera egin ahal daien, Invest in Bilbao Biscay zerbitzuaren bitartez inbertsino barriak sustatuko ditu eta bertako talentua bultzatzeko eta bertan geratu daiten eta Bizkaira nazinoarteko talentua erakarteko egingo dau behar.

Diputatuak azaldu dauenez, bere Sailetik izaera propioa daukan, nazinoarte mailan erakargarria dan, mundu osoko nodo nagusiakaz lotuta dagon eta bisitariak, inbertsinoak, talentua eta ekitaldiak erakarteko aukera handiak emoten dituan lurralde moduan sustatuko dabe Bizkaia. Lehentasun hori, jarduera ekonomikorako eta biztanleentzako mesedegarria izango diran turismoa bultzatzeko ekintzakaz osatuko da.