Ingurumen eta Kultura Sailek legealdi honetarako daukiezan lehentasunak iragarri ditue Bizkaiko Batzar Nagusietako Batzorde bitan
Elena Unzueta Iraunkortasunerako eta Ingurune Naturalerako Diputatua berak eskatuta etorri da gaur Bizkaiko Batzar Nagusietako Batzordera, berak zuzentzen dauen Sailak agintaldi honetan izango dituan ardatz estrategikoak azaltzeko. Erronka nagusia klimaren aldaketari aurre egitea izango da, Bizkaia iraunkorragoa eta jasangarriagoa lortzeko. Arlo horretan, Sailak sentsibilizazino lana egingo dau, CO2 isurketak murrizteko, energia garbien erabilerea bultzatzeko edo energiaren iraunkortasuna lortzeko, besteak beste. Klimaren aldaketaren kontrako estrategia, Eusko Jaurlaritzaren KLIMA 2050 Estrategia eta haren arautegia jarraituta landuko da.
Holan, Bizkaiko Uri Hondakinen III. Plan Integrala prestetan jarraituko da, Batzarretako talde guztiakaz eta gizarteko eragileakaz lankidetzan. Agintaldi honetan, falta diran 20 udalerrietara zabalduko da zatiki organikoaren batuketea, hondakin horreek lurralde osoan tratau ahal izateko. Modu berean, oraindino ez daukien hiru udalerrietan edukiontzi zuria instalauko da.
Sailaren jarduketak lehentasunezko beste ardatz biren inguruan egituratuko dira: nekazaritza eta landa guneetako garapena eta gune naturalak, Bizkaia iraunkorragoa eta jasangarriagoa lortzeko.
Nekazaritza eta landa guneetako garapen ardatzaren barruan, Unzuetak lehen sektorearen izaera estrategikoa azpimarratu dau, kalidadeko elikagaiak hornitzen ditualako, landa ingurunea bizirik manteniduten dauelako eta kudeatutako paisajeari eusten deutsolako. Holan, landa eta uri guneen arteko loturak estutzeko jarduketak egingo dira, nekazaritza eta abeltzaintza sektoreei laguntzak emoteko programakaz eta landa ustiapenetan belaunaldi errelebua bermatzeko planakaz.
Zainketea eta babesa, hondartzetan, mendietan eta beste gune natural batzuetan emoten diran beste erabilera batzuekaz bateragarri izatea izango da Sailaren beste helburu nagusietako bat. Holan, alkarlanean beharrean jarraituko dau egurgintza eta basogintza sektoreetako alkarteakaz, eta hareatzetako ekosistemak zainduko dira, biztanleak gune natural horreen garrantziaren inguruan sentsibilizatuz.
Ondarea eta Munduko Sokatira Txapelketa
Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera, Kultura eta Kirol Foru Diputatua izan da Bizkaiko Batzar Nagusietan gaur egin dan bigarren Batzordearen protagonistea. Bilbaok azaldu dauenez Bizkaia Ondarearen Lurralde moduan nabarmentzea eta gizarte elebidunagoa lortzea dira bere Sailak 2023ra arte dituan apustu nagusiak.
Aurreko agintaldian hasitako beharragaz bat etorrita, proiektu gehiago jarriko dira martxan, Bizkaiko ondare aberatsa herritarrei gerturatzeko, labarretako arteari eta industria ondareari jagokenez, batez be, hainbat arte diziplinatan Bizkaiko talentua bultzatzen jarraitzeaz aparte.
Beharreko lehentasunezko beste ildo bat gizartean euskerea barrindartzea izango da, gazteengan, kirolean eta gizarte laguntzen arloan eta etorkinen artean, batez be, gero eta elebidunagoa izango dan gizartea lortzeko.
Kirolaren arloan, 2020an Getxon egingo dan Munduko Sokatira Txapelketa azpimarratu behar da. Diputatuak azpimarratu dauen moduan, euskal selekzino ofizial bakarra daukan kirol modalidadea da, eta mundu osoko mila kirolari baino gehiago alkartuko ditu. Emakume kirolariak ikusgai bilakatzea eta eskolako kirola dira sailaren beharra zentrauko daben beste ardatz estrategiko batzuk.