Aurreko Albisteak

Bizkaiko Batzar Nagusiek Argizaiola lehiaketa ospetsuko argazki aukeraketea erakutsiko dabe

Bizkaiko Batzar Nagusien Bilboko egoitzako erakusketa aretoak (Hurtado de Amezaga, 6), Argizaiola Lehiaketaren 39. edizinoan saritutako hiru argazkiak erakutsiko ditu datorren urriaren 31ra arte, eta baita lehiaketa ospetsu horretara aurkeztu diran beste argazki batzuen aukeraketea be. Bilboargazkiren, Bilboko Nazinoarteko Argazki Jaialdiaren, barruan dagon erakusketan batzen diran gai eta teknika anitzetako argazkiz osatutako bilduma da.

“Argizaiola 2019 Lehiaketa” erakusketea gaur, urriaren 7an, 19:00etan inauguratu da, Aitor Arana lehen sariaren eta Oskar Gaskon eta Andrés Indurain accesit bien irabazleen eskutik etorriko diran proiekzinoagaz, hitzaldiagaz eta solasaldiagaz. Aurkezpen ekitaldia amaitzean, Argizaiola Lehiaketaren historiaren ganeko 3 CD lote zozketatu dira.

Euskadiko Argazki Alkarteen Federazinoak antolatzen dau lehiaketa, eta bertara hainbat lehiaketetan saria lortu daben argazkilariak aurkeztu daitekez. Aurtongo edizinoan, Argizaiola 2019 Lehiaketan parte hartu ahal izateko aukerea emon daben txapelketak honeek izan dira: XXXIV. Bergarako Uria, XXVIII. Kirol Argazkigintza (Bergara), XLVI. Nazinoarteko Gipuzkoa Lehiaketa (Donostia), XIX. Legazpiko Uria, XXXI. Indalecio Ojanguren (Eibar), Tolosako Hiribildua 2018, XXX. Zumaiako Uribildua, VII. Nikolas Lekuona (Ordizia), LIV. Beasaingo Uria eta Igartza Saria, III. Photoka Txapelketa (Gernika), XI. Derio, XVIII. Nazinoarteko ONCE: Danontzako mundua (Bilbo), III. Ramón Serrás (Zarautz), XIX. Irungo Uria, eta II. Amorebieta-Etxano.

Argizaiola 2019 Lehiaketara 39 egileren 245 lan aurkeztu dira. Aurkeztu diran eta saria lortu daben lan guztiak, App Storetik eta Google Playtik dobako ARGIZAIOLA 39 aplikazinoa jaitsiz ikusi ahal izango dira.

ARGAZKI ERAKUSKETEA ARGIZAIOLA 2019 LEHIAKETA

Urriaren 31ra arte

Lekua: Bizkaiko Batzar Nagusiak (Hurtado Amezaga kalea, 6. 48008 Bilbo)

Ordutegia: 9:00etatik 20:00etara, astelehenetik barikura

Sarrerea librea