Aurreko Albisteak

"Eliza eta jauregi artean jendea dibertitzen", Enkarterrietako Museoko azken kultur ibilbidea

Berrogeta hamar persona inguruk hartu dabe gaur parte Bizkaiko Batzar Nagusien esku dagon Enkarterrietako Museoak antolatu dauen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Ondarearen Jardunaldi Europarren barruan dagon azken kultur ibilbidean. “Eliza eta jauregi artean jendea dibertitzen” izenburua daroan jardueran Beciko San Cosme eta Damian eleizea eta Hierro-San Martin jauregia bisitau dira, Sopuertan dagozan XX. mendearen lehen erdialdeko eraikin bi.

Eleizea 1958an eregi eban erregistro funtzionalistan Rufino Basáñez arkitektoak, eta haren inguruan sortutako jai guneagaz erlazionau da. Hierro-San Martin jauregiari jagokonez, Miguel de la Colina ingeniariak eregi eban 1928an, estilo erregionalistan, eta bertan arkitektura, artea eta aisia alkartzen dira, Goiko artistak 1929an, erromeria kostunbristea irudikatuz, egin eban horma-irudia dala eta.

Enkarterrietako Museoak eskerrak emon gura deutsez Beciko San Cosme eta Damian parrokiari eta Gorabide Alkarteari, jarduera honetan emon daben laguntzarengaitik.

Kultura-ibilbide barri hau, Pérez de la Peña ikerlariak zuzendua, goizeko 10etan hasi da Enkarterrietako Museoan, eta 14:30ean amaitu leku berean, “Enkarterri. 1870-1975. Arkitektura garaikidearen distira” erakusketeari bisita gidatua egin ostean. Ganera, domeka honetarako aukeratutako eraikinak be ezagutzeko aukerea egon da, autobusez joanda.

Enkarterrietako Museoa martiaren 8an hasi zan eskualdeko arkitektura-ondare garrantzitsua ezagutzera emoten “Enkarterri. 1870-1975. Arkitektura garaikidearen distira” erakusketearen bidez. Lehenago, Gorka Pérez de la Peña historialariak lau urtez jardun eban ikerketa-lan bat egiten, eta erakusketea lan horren emaitza da. Erakusketearen osagarri, kultura-ibilbide batzuk antolatu ditu Museoak; lehenengo, erakusketea bisitetako eta, horren ostean, Enkarterriko eraikin berezi batzuk ikusteko. Horrezaz ganera, Museoak bisita gidatuak eskaintzen ditu asteburuetan erakusketea ikusteko, eta horretarako, eguna eta ordua eskatu behar dira aurretiaz.