Aurreko Albisteak

Bizkaiko Batzar Nagusiek OLBEren opera denporaldiko 380 sarrera banatu ditue Bizkaiko kultur erakundeen artean

Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak sarrera pakete bat banatu dau gaur hainbat kultur erakundetako ordezkarien artean, bertako kideek OLBEren opera denporaldiaz gozetako aukerea euki deien. Inés Fernándezek (Bizkaiko Abesbatzen Federazinoa), Jose Mari Oyarzabalek (Bizkaiko Dantzarien Biltzarra), Miriam Martínek (Euskal Antzezleen Batasuna), Saioa Bergadok (Euskadiko Musika Eskolen Alkartea) eta Irati Agorriak (Euskadiko Gazteriaren Kontsejua -EGK) 76na sarrera jaso ditue. Bizkaiko Batzarrak ordeztuz bertan egon dira, baita be, Begoña Gil (Euskal Sozialistak) eta Emilio Lobato (Elkarrekin Bizkaia), Mahaiko lehenengo lehendakariordea eta bigarren idazkaria, hurrenez hurren.

Ekimenaren helburua Operaren Lagunen Bizkaiko Elkarteak (OLBE) egiten dauen beharrari laguntzea eta Lurraldeko antzezle, abesbatzetako kide, dantzari eta musika eskoletako ikasle gazteen artean musika genero hori sustatzea da.

Erakunde bakotxak zozketa baten bitartez banatuko ditu gaur jasotako sarrerak. Euskadiko Musika Eskolen Alkarteak, alkartea osatzen daben zentroen artean banatuko ditu sarrerak, eta zentro bakotxak, aldi berean, bertako ikasleen artean zozketatuko ditu. Bizkaiko Abesbatzen Federazinoak antzeko prozedura jarraitzen dau.

Euskal Antzezleen Batasunak emailez bialtzen deutseez opera emonaldien egunak bere bazkide guztiei, eta antzezle bakotxak bat eskuratu ahal izango dau. Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak, bere aldetik, iragarki bat jarriko dau bere webgunean, interesauta dagozan kideek gonbidapena jaso ahal izan daien.

Gazteriaren Euskal Kontsejuak EGK osatzen daben 57 alkarteen artean zozketauko ditu sarrerak, eta, horrez gain, bere webgunearen eta sare sozialen bitartez ere zozketak antolatuko ditu. Kontsejuko talde teknikoa eta Batzorde Iraunkorra zozketetatik kanpo geratzen dira.

Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak, OLBEk 2019/2020 denporaldian programau dituan ikuskizunetarako 380 sarrera banatu ditu alkarte horreen artean. Programautako ikuskizunen artean honeek dagoz: Gaetano Donizettiren “Lucia de Lammermoor”, Giuseppe Verdiren “Der Fliegende holländer” edo Giacomo Pucciniren “La Fanciulla del West”. Ana Otaduik gogoratuazo gura izan dau “Bizkaiko Batzar Nagusiak dirala OLBEgaz lankidetzan aritzen dan erakundeetako bat, urtero, Bilbon, aurton 68. edizinora helduko dan opera programazinoa egin ahal daiten. Eta sarrera horreek aitatutako lankidetzaren frutua dira, OLBEk egiten dauen beharrari laguntzeko eta gure inguruko kultur erakundeen artean opera sustatzeko helburu bikotxagaz”.