Aurreko Albisteak

Hainbat ondo etorrik eta agur batek markau dabe agintaldi honetako Bizkaiko Batzar Nagusien Kontroleko lehenengo Osokoa

Osoko saioa amaitu ostean, Bizkaiko Batzar Nagusietako XI. Agintaldiko Kontroleko lehenengo Osokoa hasi da. Kontroleko osoko saioa, Aldundiko kargu barriek Gernikako Batzarretxeko Osokoen Aretoko atrilean izan daben estreinaldiak markau dau. Horreen artean egon dira Sergio Murillo Gizarte Ekintzako Diputatua eta Ainara Basurko Ekonomiaren Sustapeneko Diputatua, eta baita Izaskun Duque edo Xabier Benito batzarkideak be.

Murillok jaso dau eguneko gaien zerrendako lehenengo itauna. Arantza Urkaregik (EH Bildu), EAEko adinekoentzako egoitzen inguruko 126/2019 Dekretura egokitzeko bere Sailak hartu dituan neurrien gainean itaundu deutso. Murillok erantzun deutsonez, laneko plan bat daukie, foru egoitzak egokitzeko, sare guztia bultzatzeko eta orientetako eta, Ikuskaritzatik, prozesu guztia bideratzeko. “Zentro bakotxak egin behar dau lan, urte bi barru betebehar guztiak beteta egon behar diralako”, adierazo dau Gizarte Ekintzako Diputatuak, eta, gehitu dauenez, azkenengo eguna heltzen danean, 2021eko irailaren 9an, betebehar horreek beteten ez dituen zentroei baimena kenduko jake.

Iratxe Arriola EH Bilduko batzarkideak Uri Hondakinen Plan Integralaren barrikuspenaren inguruan itaundu dau Elena Unzueta Iraunkortasuneko eta Ingurune Naturaleko diputatua. “Ezaguna da EH Bilduk indarrean dagon planaren emaitzen inguruan daukan eretxia: bide okerretik goaz”, adierazo dau Arriolak. Unzuetak erantzun deutsonez, Bizkaian hondakinen %100ak jasoten dau tratamentua, kanpoko enpresa bati Plan barria agintzeko prozesua lizitazino fasean dago, eta bilketa organikoa eskualde guztietara zabalduko da.

Bere itaunean, Xabier Benitok (Elkarrekin Podemos), industria sektorean enpresak ixtea eta kaleratze kolektiboak egotea saihesteko martxan jarriko dituan neurrien ganean galdetu deutso Ekonomiaren Sustapeneko Diputatuari. Ainara Basurkok esan dauenez, berak zuzentzen dauen Sailak urteak daroaz enpresen ondoan beharrean, etorkizuna bermatzeko eta nazinoarte mailako erronkei aurre egiten laguntzeko, Brexita edo Txinaren eta Estatu Batuen arteko burruka komertziala, besteak beste, Eusko Jaurlaritzagaz eta Udalakaz koordinauta dagon eta enpresetako beharginakaz, zuzendaritzakaz eta konkurtso administrazinoagaz denpora guztian hartu-emonak eukita egiten dan beharrean, hain zuzen be.

Bea Ilardia EH Bilduko bozeroaleak egin dau gaurko Kontroleko Osoko ahozko lehenengo erantzun eskea, Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiari, hain zuzen be. Ilardiak, “Gizarte Ekintzako Diputatu izendatzeko orduan Murillo jaunaren egoera prozesala eta ikertzen ari diran gertakariak eta abaguneak kontuan izan ete dituan” galdetu deutso. Ilardiak azaldu dauenez, Murillo eta Haurtzaro Zerbitzuko hainbat teknikari eta arduradun ikertuta dagoz, ama bati kustodia kentzeagaz erlazionautako zigor kausa batean. “Ondo ezagutzen dot zelan funtzionetan daben Gizarte Ekintza Zerbitzuko profesionalek eta zelan hartzen diran erabagiak”, erantzun dau Rementeriak, eta gehitu dauenez, une honetan epaitegietan dagon erabagia “profesional desbardinen bost txosten teknikotan oinarrituta hartu zan”. “Gauzak txarto egingo doguz leku hau epaitegi bilakatzen badogu”, gehitu dau Ahaldun Nagusiak.

Elena Unzueta Iraunkortasuneko eta Ingurune Naturaleko diputatuak, Laudioko hiltegia itxi ostean abeltzaintza sektorean sortu dan egoeraren eta basozainak Bizkaiko Foru Aldundiaren komunikazino zentroa izango danean integretako neurri teknikoen ganeko ahozko erantzun eske biri erantzun deutse. Gai horreek biak, Iratxe Arriolak (EH Bildu) eta Xaber Benitok (Elkarrekin Bizkaia) planteau ditue, hurrenez hurren.

Unzuetak erantzun dauenez, hiltegia ez dago Aldundiaren eskumenen artean, Eusko Jaurlaritzaren eskumenen artean baino, eta bigarren gaiari jagokonez, “Basozainak ez dirala komunikazino zentroan sartuko” adierazo dau Diputatuak. “Ez dira larrialdiaren jakinarazpena eta larrialdiaren kudeaketea nahastu behar”, gehitu dau.

Gero eta pobrezia gehiago egotea –Izaskun Duque EH Bilduko batzarkideak egindako lehenengo ahozko erantzun eskea– eta sexu esplotazinoaren biktima diran adinbakoei emoten jaken arretea – Eneritz de Madariaga Elkarrekin Bizkaia taldeko bozeroaleak planteautako gaia– izan dira oposizinoaren azalpen eskariak sortu dituen beste gai bi.

Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak amaitutzat emon dau kontroleko osoko saioa, baina aurretik eskertu egin gura izan ditu Iñaki Hidalgok Batzarrei eskainitako “profesionaltasuna, jakituria eta dedikazinoa”. Bizkaiko Batzar Nagusietako ekonomia aholkularia izan da 1984tik, eta bere ibilbide profesionaleko azkenengo Osokora etorri da gaur, erretirau aurretik.