Bizkaiko Batzar Nagusiek, Klima 2050 estrategiagaz bat etorriko dan klima ekintzarako foru plana egitea erabagi dabe
Klima izan da Ana Otadui jeltzalea buru izan dan eta Gernikako Batzarretxean gaur egin dan Osokoaren ardatz nagusia. Iratxe Arriola EH Bildu taldeko batzarkideak Arauz Besteko Proposamen bat aurkeztu dau, Bizkaiko Batzar Nagusiek klimaren larrialdi egoerea adierazo daien eta, beste neurri batzuen artean, bariku honetarako, irailaren 27rako, deituta dagon nazinoarteko grebeagaz bat egin daien. Irene Edesak (Euzko Abertzaleak) eta Ekain Ricok (Euskal Sozialistak), euren aldetik, gai beraren inguruko baterako Arauz Besteko beste Proposamen bat aurkeztu dabe. Bertan Klimaren aurreko Ekintzarako Foru Plana eskatzen dabe, “gure garaiak daukan erronka handi eta preminazkoetako bati” aurre egin ahal izateko neurriakaz batera.
Elkarrekin Bizkaiak zuzenketa-eskeak aurkeztu ditu proposamen bien aurrean, puntu gehiago sartuz eta, beste neurri batzuen artean, egutegia murriztea eskatuz, “beranduenez 2040an eta, ahal izan ezkero, 2035 baino lehen” negutegi efektua daukien gasen 0 isurketetara heltzeko.
Proposamen biak batera eztabaidatu dira, baina bakotxa bere aldetik bozkatu da. Euskal Sozialistak eta Euzko Abertzaleak taldeen arauz besteko proposamena onetsi egin da, 34 boto batu ditualako, talde bi horreenak eta Talde bereziarenak / Bizkaiko Talde Popularrarenak, hain zuzen be. EH Bilduk kontrako botoa emon dau, eta Elkarrekin Bizkaia abstenidu egin da. EH Bilduk aurkeztu dauen arauz besteko proposamena, barriz, ez da onetsi, talde horren eta Elkarrekin Bizkaiaren aldeko botoak baino ez ditualako jaso (15), eta ganerako taldeak kontra agertu diralako (34 boto).
Onetsi dan Arauz Besteko Proposamena bat dator Klimaren Aldaketaren Kontrako Euskadiko “Klima 2050” Estrategiagaz, Bizkaian arazo horren kontra burrukatzeko neurri zehatzak apliketako orduan aurrera egiteko. Gaur onetsi dan proposamenari esker, Bizkaiko Foru Aldundiak, beharrezkoak diran konpromisoak hartzeko, xedapenak onartzeko eta baliabideak emoteko konpromisoa hartzen dau, estrategia publiko-pribaduan, eta ekonomiako sektoreakaz lankidetzan, karbonoaren neutraltasuna bermatzeko, bidezko trantsizino ekologikoa gertetan danean, eta beti be, 2050. urtea pasau orduko.
Klima Ekintzarako Foru Planak sektore eta lurralde mailako plangintza jarduketa guztiak egokituko ditu, klimaren aldaketea murrizteko helburuagaz. Proposamenaren barruan, Aldundiak heziketaren eta sentsibilizazinoaren eta dagozan arriskuen eta egin beharreko gauzen barri herritarrei emotearen alde daukan konpromisoa be jasoten dau. Proposamenaren azken puntuak, klima preminaren aurrean Aldundiak erakutsi behar dauen ereduzko jarreraren aldeko apustua erakusten dau.
“Zibilizazino osoari jagokon erronkaren aurrean gagoz”, azpimarratu dau Iratxe Arriola EH Bilduko batzarkideak harmailatik. Euskal Sozialistak taldea ordezkatuz, Amaia Rebollok “erabateko gaurkotasuna eta garrantzia dituan gaia” dala esan dau.
“Arauz Besteko zuen Proposamenaren 1. eta 2. puntuek ez daukie zentzunik”, azpimarratu dau Irene Edesa Euzko Abertzaleak taldeko batzarkideak, EH Bilduren proposamena aitatuz eta, horren ostean, bere taldeak ez dituala Elkarrekin Bizkaia taldeak planteau dituan zuzenketa-eskeak onartzen esan dau. Azken talde horren izenean Héctor Fernándezek hartu dau berbea, “klimaren aldaketaren inguruko proposamen bi mahai ganean eukitea pozgarria dala”, esanez. Bukatzeko, Eduardo Andradek (Talde berezia / Bizkaiko Talde Popularra), “behar egiten hasi behar da, neurri serioak, errealistak eta ekonomiaren ikuspegitik jasangarriak martxan jarriz”, esan dau.
Osokoak, Bea Ilardia EH Bilduko bozeroaleak aurkeztu dituan Arauz Besteko beste Proposamen bi be eztabaidatu ditu; bata, 1.200 euroko hileko gitxieneko soldatea bermatzeko kontratu publiko baten esleipena daukien enpresetako beharginei; eta bestea, krisi egoeran dagozan industria arloko enpresentzat arretako protokoloa eta larrialdietarako funtsa martxan jarteko. Israel Escalante Elkarrekin Bizkaia taldeko batzarkideak zuzenketa eske bat aurkeztu dau proposamen horren aurrean, laguntza ekonomikoek enpresetan parte hartze publikoa inplikau daiela eskatzeko.
Proposamen horreetako bata be ez da onartu, EH Bilduren eta Elkarrekin Bizkaia taldearen (15 boto) aldeko botoak baino ez dituelako lortu. Ganerako taldeek, Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Talde bereziak / Bizkaiko Talde Popularrak, kontra botau dabe, 35 boto guztira.
Ganera, gaurko saioan, Amaia Ibarnia Belamendia (Euzko Abertzaleak) eta Jesús Ortiz Zaballa (Euskal Sozialistak) batzarkide izentau dira, baja hartu eben Aitor Ibarra eta Teresa Laespada ordeztuz, hurrenez hurren. Ibarniak eta Ortizek euren jarlekua hartu dabe, kargua onartzen dabela adierazoz.