Bizkaiko Batzar Nagusiek 60.000 euro bideratuko ditue aurton Saharako biztanleriarentzako lankidetza proiektuetara eta giza laguntzara
Bizkaiko Foru Ganbarak berretsi egin dau gaur munduan egoera txarrenean dagozan herriakaz daukan konpromisoa, Euskal Fondoagaz (Lankidetzan aritzen diran Euskadiko Toki Erakundeen Alkartea) alkarlanerako hitzarmena sinatuz. Ana Otadui eta Maite Etxebarria, Bizkaiko Batzar Nagusien eta Euskal Fondoaren arduradun nagusiek, hurrenez hurren, sinatu dabe erakunde biek Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoari (SEAD-RASD) laguntzeko giza ekintzako jarduerak aurrera eroateko lankidetzarako esparrua ezarten dauen akordioa. Batzar Nagusiek 60.000 euro bideratuko ditue aurton xede horretara, eta Euskal Fondoari ordainduko jakoz hamar egun balioduneko epean.
Euskal Fondoak garapen bidean dagozan herrialdeakaz lankidetzan egiten dau behar, ekonomia eta gizarte arloko garapena bultzatuko daben proiektuen sustapenaren, finantzaketaren eta kudeaketaren bitartez, bardintasun, alkarren arteko lankidetza eta komunidade bakotxaren kultura propioaren errespetu erespideetan oinarrituta.
“Hitzarmena dairetako emakumeen bizitza kalidadea hobetzera zuzenduko da”, azaldu dau Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak, eta defendidu dauenez, “Bizkaiko herria solidarioa da, eta bertako parlamentua be solidarioa izan behar da”. Maite Etxebarria Euskal Fondoko Presidenteak, bere aldetik, adierazo dauenez, “hitzarmen honen sinadureagaz beste pauso bat emon dogu Saharako herriagaz daukagun konpromisoan, Mendebaldeko Sahara ahaztuaren errealidadetik atarateko ahalegina eginez. 400 desagertu baino gehiago dagoz bertan”.
Sinadura ekitaldian Brahim Ahmed Fronte Polisarioaren Euskadiko ordezkaria, Juanma Alberdi Euskal Fondoko zuzendaria, eta Euskadiko tokiko 114 administrazino batzen dituan azken erakunde horretako Ioana Osa egon dira. Bizkaiko Batzar Nagusiak ordeztuz Begoña Gil, Zigor Isuskiza eta Emilio Lobato egon dira, lehenengo lehendakariordea, bigarren lehendakariordea eta mahaiko bigarren idazkaria, hain zuzen be.
SEAD-RASD lehentasunezko esparrua da Euskal Fondoaren lankidetzaren arloan. Holan, Sahara Koordinazino Unidadea (SKU-UCS) sortu eban 2003an. Unidade horrek alkartasunezko jarduerez osatutako mosaikoa koordinetan dau Saharako agintarien, Euskadiko erakunde publikoen eta Fronte Polisarioak Euskadin daukan Ordezkaritzaren artean. Bizkaiko Batzar Nagusietatik Saharako biztanleei laguntzea erabagi da, Bizkaiaren eta SEAD-RASDaren artean dagozan alkartasun, adiskidetasun eta lankidetza loturak dirala eta. Saharako errefuxiatuen kanpalekuetara zuzenduta ezarri diran esku-hartzeko arloak garapenerako nazinoarteko lankidetza, giza ekintza eta garapenaren aurreko sentsibilizazinoa eta hezkuntza dira. Euskal Fondoa izango da akordioaren babespean diruz lagundutako proiektuen kudeaketaren eta egikaritzearen arduraduna, eta Bizkaiko Batzar Nagusien aurrean aurkeztu beharko ditu gauzatutako jardueren egiaztagiriak, gastuen zerrendak, fakturak eta txostena. Lankidetzarako hitzarmenaren indarraldia 2020ko irailaren 30era arte luzatuko da.