Brad Little Idahoko Gobernadoreak Gernikako Batzarretxea bisitau dau
Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak eta Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak Brad Little Idahoko, euskal komunidade indartsua daukan eta bost urtez behin Boiseko Jaialdia, euskal diasporaren jaia, eta Euskaditik kanpo mundu osoan gure kulturagaz egiten dan hitzordu nagusia, ospatzen dauen Estatu Batuetako estaduko, Gobernadorea jaso dabe gaur. Bizkaiko Batzarrak ordeztuz bertan egon dira, baita be, Zigor Isuskiza (EH Bildu) eta Emilio Lobato (Elkarrekin Bizkaia), Mahaiko bigarren lehendakariordea eta bigarren idazkaria, hurrenez hurren.
Little, Teresa Little emazteak, Estaduko Lehenengo Damak, lagunduta heldu da Batzarretxera. Eurekaz batera honeek etorri dira: Zach Hauge Kabinete burua; Tom Kealey, Merkataritza Departamentuko zuzendaria; Celia Gould Nekazaritza Departamentuko zuzendaria; Jake Reynolds Merkataritza Departamentuko Negozio Garapen arduraduna; Andrea Vlassis-Zahn Merkataritza Departamentuko Inbertsinoa erakarteko arduraduna; eta Gloria Totoricagüena, Idahon jaiotako kontsultorea eta euskal diasporaren ikerlaria.
Idahoko ordezkaritzari egin jakon agurra, txistulari bik interpretau daben ondo etorriko “Agur Jaunak” kantuagaz hasi da. Txistulariek lagundu dabe musikagaz taldeak Batzarretxearen kanpoaldetik egin dauen ibilbidea. Bizkaiko eta bertako foruen historiaren ganeko bideo instituzionala ikusi ostean, Gernikako Arbola Zaharrera joan dira, eta bertan Iparragirreren “Gernikako Arbola” ereserkia entzun da. Bisitak, Gernikako Arbolaren aurrean dantzatu dan ohorezko aurreskuagaz eta Osokoen Aretora, Beirategiren Aretora eta Artxibategira-Liburutegira egin dan bisitagaz jarraitu dau.
Harrera ekitaldian egon dira, baita be, José María Gorroño Gernikako alkatea eta Mendatako (Joseba Mallea) eta Ereñoko (Joseba Zarragoikoetxea) Udalburuak. Idahon bizi izan diran edo bertan bizi diran senideak dituen inguruko eskualdeetako biztanleek be ez dabe bisitea galdu gura izan. Gobernadorea eurekaz berbetan egon da.
Bisitea, Littlek Batzarretxeko Ohorezko Liburuan egin dauen sinadureagaz bukatu da. Bertan betiko itzi dau bere bisitaren aztarnea, hau idatzita: “Ohore handia da Teresarentzat eta niretzat lur honetan eta Eusko Jaurlaritzaren hastapenak dituan etxe honetan, Idahoko biztanle askorentzat sagradua dan lekuan, egotea”.
Oroitzapen moduan, Batzar Nagusietako Lehendakariak, Gernikako Arbolaren hosto bat irudikatzen dauen brotxe bat emon deutso Idahoko lehenengo damari, eta Gobernadoreari, 1609an margotu zan eta Osokoen Aretoaren buru dan Francisco de Mendietaren “Esku-mosuak” margolanaren erreplika bat. Otaduik azpimarratu dauen moduan, “Europa osoan egindako emakumeen lehenengo talde erretratua da”. Hori entzutean, Littlek azpimarratu dau Idaho dala emakumeek botoa emoteko eskubidea lortu eben Estatu Batuetako lehenengo estaduetako bat, 1896an, hain zuzen be.