Aurreko Albisteak

8.300 ikaslek baino gehiagok hartu dabe parte Enkarterrietako Museoaren jarduera didaktikoetan

Bizkaiko Batzar Nagusien esku dagon Enkarterrietako Museoko Hezkuntza Sailak 8.342 ikasleri historia eta kulturea hurreratu deutsez 2018-2019 ikasturtean. Beste urte batez, jarduera didaktiko horreek partaidetza handia jaso dabe, eta egon diren plaza guztiak bete dira. Bizkaiko eta Kantabriako 130 ikastetxetako irakasleak eta ikasleak museora hurreratu dira, erakunde horren eukiak ikasleen artean modu atseginean eta partaidean zabaltzea bilatzen daben ekimen pedagogikoetan parte hartzeko.

Lehen hezkuntzako 6. mailako eta DBHko 1. eta 2. mailako 1.700 ikasle inguruk Abellanedako Batzar Nagusien jatorria eta garapena ezagutu ahal izan ditue “Alkartu gaitezan Abellanedan” eta “El Pobaleko burdinolagaz egindako ekintzea” jardueren bitartez, holan Bizkaiko eta Enkarterriko politika eta administrazino arloko gizaldietako antolakuntzan sakonduz eta bertako erakundeen egitekoa aztertuz.

Beste alde batetik, bigarren hezkuntzako 1. mailako 1.850 ikaslek “Historiaurreko Tailerrean” hartu dabe parte, eta DBHko 2. mailako 2.092 ikaslek Erdi Aroa ezagutu dabe, izen bereko tailerraren bitartez. Ikasturte honetan, barrikuntza moduan, genero begirada aurkeztu da tailer horretan, Erdi Aroko emakumeak gure lurraldean beteten eban lekua erakutsiz, eta emakumeek uribilduetan eta eleizateetan egiten ebezan beharrak jenteari azalduz, Bizkaiko Andrek bete izan ebezan kargu politikoak ahaztu barik.

Ikasturteari agur esateko, 6 eta 9 urte arteko 2.700 partaidek ahozko tradizinoa eta mitologia ezagutu ditue apirilaren 20tik bagilaren 21era egin diran “Bizi zure kontua” eta “Sortu daigun geure munstroa” tailerretan. Lehenengoan ikasleak ipuinaren, kontuaren, mundura hurreratu dira, modu aktiboan, partaidetzan oinarrituta, umeak euren abenturaren protagonista bilakatuta. “Sortu daigun geure munstroa” tailerrean, euskal mitologiako izaki fantastikoak ezagutu eta modu geografikoan kokatu ditue. Artelanak ikusiz, lehen hezkuntzako lehenengo ikasturteetako ikasleek izaki fantastiko horreen sekretuak ezagutu ahal izan ditue, ikasleek eurek asmautako munstro barriak modu artistikoan sortuz bukatu dan ekintzan.

Historia, kultura eta etnografia ondarea zabaltzea da, gizaldi luzez foru gobernuaren egoitzea izan zan Abellanedako Batzarretxea izandako Enkarterrietako Museoaren helburuetako bat. Helburu hori beteteko, Enkarterrietako Museoak, ikasleei zuzendutako eskaintza didaktikoaz gain, urtero hainbat talderentzat pentsautako bisitak eta ekintzak antolatzen ditu, emakume alkarteentzat, helduen hezkuntza taldeentzat, euskaltegietako ikasleentzat eta gizarte-osasun arloko alkarteentzat, beste batzuen artean. Talde horreek kontuan izanda, 8.842ra heltzen da 2018ko irailetik 2019ko bagilera Enkarterrietako Museoaren prestakuntza eskaintzan parte hartu dauen bisitari kopurua.