Hamabi artistak Zeramika Masterraren amaierako euren lanak erakusten ditue "Estekadurak-Movimientos" erakusketan, Bizkaiko Batzar Nagusietan
Bizkaiko Batzar Nagusietako erakusketa aretoak, egungo zeramikaren ezaugarri diran gaikako lurraldeetatik, lurralde teknikoetatik eta materiaren egoeretatik ibilbidea erakusten dau gaurtik aurrera, diseinuaren eta artearen artean bat egiteko asmoz. “Estekadurak-Movimientos” izenburua daroan erakusketak, Unibersidadeko Artea eta Funtzioa Zeramika Masterraren zazpigarren edizinoko, 2018-19 ikasturteko, ikasleek egindako piezen aukeraketea jasoten dau. Egile bakotxaren idiosinkrasia erakusten daben artelan heterogeneoak batzen dituan erakusketea garagarrilaren 19ra arte ikusi ahal izango da Bizkaiko Batzar Nagusietako Bilboko egoitzan.
Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakaria erakusketea komunikabideen aurrean aurkezteko ekitaldira etorri da gaur goizean, eta ekitaldian egon gura izan daben sortzaileetako askogaz berbetan jardun dau. Artistek euren artelanen jatorria eta esangura azaldu deutsie lurraldeko Batzarretako ordezkari nagusiari. José Mª Herrera (EHU/UPVko Artea eta Funtzioa Zeramika Masterraren irakaslea) be etorri da.
Arte garaikidean gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari dan materialetako bat da zeramikea; betidanik ulertu dan modutik haraindi, Masterrean zeramikea arte adierazpen moduan lantzen da, bideo bat, instalazino bat edo betidaniko kantinaren diseinu barria jasoten dituan erakusketa honetan ikusi daitekenez.
“Buztinen berezko ezaugarrietatik hasita suaren eragina bitarte, modelatze eta eratze prozedura desbardinetatik eta beiradura teknologia konplexuetatik igarota, edegi egin dira ikuspegi eta egiteko modu barriak, ondoriozko produktuak kokatuz eskultura eta diseinuaren arloan eta bien arteko alkargunean”, azpimarratu dau erakusketaren katalogoan Carmen Marín Artea eta Funtzioa Zeramika Masterraren zuzendariak.
Nazinoarteko oso izaera nabarmena daukan Masterra
EHU/UPVko Zeramika Masterra, Europa osoan gaztelaniaz emoten dan apurretakoa da eta, horregaitik, nazinoarteko partaidetza handiena daukanetako bat. Holan, erakusketan, Maite Barrainkua gipuzkoarragaz, Susan Bart bilbotarragaz, Jonathan Escapa azkoitiarragaz eta Paola Valeria Álvarez santurtziarragaz batera, Deisy Hernández kolonbiarrak, Mireia Serrano bartzelonarrak, Daniela Rojas txiletarrak, Luiza Christ brasildarrak, Miguel Cano santandertarrak, Agustín Contreras txiletarrak, Tania Gutiérrez perutarrak eta Gerardo Ramos burgostarrak be hartzen dabe parte. Sortzaileen jatorri aniztasunak, eta mundu osoko hainbat lekutan egindako zeramikazko egitekoaren loturak eta berezitasunak, leku bakarrean erakusteko aukerea emoten dau.
“Estekadurak-Movimientos” erakusketan, material, gai, prozesu eta azken emaitza desbardinak dagoz. Horreen aniztasunaren barri, erakusten diran artelanen izenburuek emoten deuskue: “Hodi igarokorrak” (Maite Barrainkua), “Babes-Ehunak” (Deisy Hernández), “Adierazpen idatzia” (Susan Bart), “Atalak” (Mireia Serrano), “Hemisferioak. Pasabide sakonak sailaren parte” (Daniela Rojas), “Lehenengo ariketea” (Jonathan Escapa), “Epidermiko” (Agustín Contreras), “Jaungoikoagaz berba egin gura badot” (Luiza Christ), “Txanbil” (Miguel Cano), “Ilumina. Argi-gorputzak” (Paola Valeria Álvarez), “Isiltasun eskegia” (Tania Gutiérrez) eta “Autorretratu RCK 4.3” (Gerardo Ramos).
Ebaluau beharreko azterlanak
Master amaierako lanak erakusten dituen ikasleak dira erakusketaren komisarioak. Joan dan martiaren 15ean Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak eta Nekane Balluerka EHU/UPVko errektoreak, Leioako Arte Ederren Fakultadeko ikasleen artelanak Bizkaiko Batzarretan erakusteko helburuz sinatu eben hitzarmenean oinarrituta egiten dan lehenengo erakusketea da.
Horrez gain, lehenengoz, euskal unibersidade publikoko ikasleen m4ster amaierako lanak erakusten dira. Ikusleek garagarrilaren 19ra arte ikusi ahal izango ditue unibersidadeko epaimahaiak aztertuko dituan lanak; horreetako batzuk Batzar Nagusietan. Datorren apirilaren 17an, Masterreko irakasleek Agustín Contrerasen, Tania Gutiérrezen, Mireia Serranoren eta Deisy Hernándezen sorkuntza lanak balorauko ditue Hurtado de Amezaga kaleko egoitzan, herritarrentzat be zabalik egongo dan ekitaldian.
Arte bilduma handia
Bizkaiko Batzar Nagusiek 1985ean hasitako arte bilduma azpimarragarria daukie, eta urte bakotxean gora egiten dau, UPV/EHUko Arte Ederretako Fakultadeko sortzaile gazteen erakusketa bakotxean artelan bat erosten dauelako. Jorge Oteiza, Gabriel Ramos Uranga, Mikel Díez Alaba, Daniel Tamaño, Alfonso Gortázar eta Jesús Mari Lazkano dira Bilboko Hurtado de Amézaga kaleko 6. zenbakian dagon Bizkaiko Batzar Nagusien administrazino egoitzako bulegoetan, igarobideetan eta egongelatan ikusi daitekezan artelanak egin dituen artistetako batzuk.
Bilduman, azpimarragarriak dira XX. eta XXI. mendeetako emakume margolarien, eskulturagileen eta argazkilarien 40 artelan baino gehiago. Horrek argi eta garbi erakusten dau Bizkaiko Batzar Nagusiek artea erosteko politikan izan dauen ikuspegi bardinzale aitzindaria. Mari Puri Herrero, Juana Cima, Mertxe Olabe, Asun Goikoetxea, Abigail Lazkoz, Dora Salazar, Begoña Zubero, Damaris Pan, Lide Kaltzada edo Andrea Abalia artisten sorkuntza lanak, beste batzuen artean, ibilaldi parebakoa eskaintzen dabe emakumeek egindako euskal arte garaikidetik.