Aurreko Albisteak

ONCEren autobus ibiltaria Euskadira heldu da

Bilboko Doña Casilda parkean jarri dan autobus horretako erakusketeak ONCEren 75 urteen eta haren Fundazinoaren 25 urteen ibilbidearen barri emoten dau. Erakusketa hori guztiek ikusteko moduan izango da urriaren 31ra arte. Inaugurazino ekitaldian izan da Ana Madariaga Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakaria.

“ONCEren eta haren Fundazinoaren onena” deritxan erakusketearen inaugurazino ekitaldian izan dira, besteak beste, Basilio San Gabriel ONCE Euskadiko Lurralde Ordezkaria, José Luis Bilbao Bizkaiko Ahaldun Nagusia, Ibon Areso Bilboko jarduneko Alkatea, Ana Madariaga Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakaria, Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntz Politika eta Kulturako Sailburua eta Juan Mª Aburto Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Politiken Sailburua.

Erakusketa horren bitartez ibilbide bat egiten da pertsonen autonomian eraginik handiena daben arloetan zehar: hezkuntza, lana, kultura eta aisialdia eskura izatea edo eguneroko bizitza bera. Horretarako, bada, urteetan izaniko aurrerabideak erakusten dira, beren beregi agertuz teknologia barriek —beti izan behar dabe irisgarri— zenbateko onerako eragina daben desgaitasunen bat daben pertsonen autonomian, laneratzean eta gizarteratzean.

Erakusketearen goizeko ordutegia 10:00-14:00 bitartekoa da, eta arratsaldekoa 16:00-20:00 bitartekoa, urriaren 31n izan ezik, egun horretan (eguenean) goizean baino ez dalako egongo zabalik. ONCEk eta haren Fundazinoak ezagutzera emon gura dabe zelango lana egin daben, eta aurrerantzean be egingo daben, kalea, lanpostuak eta aisialdia gero eta irisgarriago izan daitezan.