Aurreko Albisteak

Berrogeta hamar persona inguruk gozau dabe Enkarterrietako Museoak antolatutako "Erdi Arora bidaia" ekimenagaz

Bizkaiko Batzar Nagusien esku dagon Enkarterrietako Museoak “Erdi Arora bidaia eta indusketa arkeologiko baten bisitea” antolatu dau gaur, Europako Arkeologia Jardunaldien barruan. Jardunaldiak Bizkaiko Foru Aldundiaren ekimena dira, Arkeologi Museoak koordinetan ditu, eta EHU/UPVko Kultur Paisajeen Unesco Katedrak eta lurraldeko hainbat museok hartu dabe parte.

Berrogeta hamar persona inguruk gozau dabe gaur Aurkikuntzako zirkuituaz. Ordu bitan, Enkarterriko hainbat leku enblematiko bisitau ahal izan ditue, historian eta historiarako bizi dan eta berez be artelana dan Museoa bera barru.

Ibilpidea goizeko 11:00etan hasi da El Torrejonen, auzoari izena emon eutsan Abellanedatarren leinuko dorre zaharra egoan lekuan. Bertatik San Bartolomeko baseleizara joan dira, eta bertan Goi Erdi Aroko tenpluko indusketa arkeologikoak eta nekropolia bisitau ditue. Bisitan nabarmendu diran lekuak egungo eleizea, Urrutia Dorrea eta Batzarretxea –egungo Enkarterrietako Museoa– izan dira. Guztiak XVI. mendean eregitakoak dira. Horren ostean, Museoko beste areto batzuk ikusi dira eta, bukatzeko, Batzarkideen Ostatua eta Korregidorearen Etxea ezagutu dira, XVIII. mendean egindako eraikinak.

Gaurkoa, Enkarterrietako Museoak antolatu dauen eta Ondare babesa S.L.-ren, Bizkaiko Eleiz Museoaren eta Bilboko Gotzaitegiaren laguntzea euki dauen beste kultur jarduera bat izan da. Museoa Enkarterriko eraikin enblematikoenetako baten dago. Gizaldi luzez, eraikina Enkarterriko gobernu politikoaren egoitzea izan zan. Gaur egun, alkartzeko, gozatzeko eta Enkarterriko orainaldia eta iragana ezagutzeko lekua da, eta baita eskualdearen ondare historikoa, kulturala eta etnografikoa zabaltzeko eta ezagutuazoteko gunea be.