Aurreko Albisteak

Gipuzkoako Ekonomi Elkartearen Planaren 250. urteurrena

hirurak bat

Azkoitian, 2013ko urriaren 21an.

1763an, Peñafloridako Konde Xabier Maria de Munibek, garaiko krisi ekonomiko eta aldaketa sozialen testuinguruan, Batzar Nagusien aurrean honako agiria aurkeztu eban: “Zientzietako, Arte erabilgarrietako eta Merkataritzako Elkarte Ekonomiko eta Akademiko baten Plana, Gipuzkoako Probintziako egoera eta ekonomia bereziari egokitua”. Orain 250 urte dirala hasitako proiektu horrek hurrengo urtean beste pauso bat emon eta Euskalerriaren Adiskideen Elkartea sortzea egikaritu eban, “Irurac bat” lelopean, hain zuzen be euskal politikagintzaren eta instituzinoen artikulazinoa ahalbideratu eban erakundea.

Data esanguratsu hori goraipatzearren, Gipuzkoako Batzar Nagusiek Mahaiko bilerea eta Bozeramaileen Batzordearen batzarra egin ditue gaur Azkoitiko Intsausti jauregian, Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen egoitzan. Batzarraren ostean, mahai-ingurukoa egin da XVIII. mendeko eta gaur eguneko ikuspegi ekonomiko, filosofiko eta juridikoa aztertzeko; bertan izan dira Ignacio Zubiri, Juan José Alvarez eta Daniel Innenarity akademikoak eta Lohitzune Txarola Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea.

Ana Madariaga Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak zinez zoriondu dau “Azkoitiko Zalduntxoek” ikusitako balio aitzindariak denboran zehar mantendu dituan erakundea. Xabier Maria de Munibe jaunaren etenbako jarduna ahalegina eta ekimena dira gaur egun, etorkizunaren aldeko apustua lanaren bitartez, eta bertoko hezkuntzaren aldeko benetako apustua, XXI. mendearen erronkei egokitutako hezkuntzaren aldekoa nonbait” gogoratu dau Madariaga andreak.

Bizkaiko Legebatzarreko Lehendakariak hurrengoau be gogotara ekarri dau: “Irurac bat” leloa aitzindari izan zan orduan, euskal egituraketa politiko eta instituzional barriaren gurariaren adierazgarri, gaur egun lekua bilatzen dabilena Europaren barruan nazino libre moduan, baina ez dana gauzatzen oraingo estatuen interes mugakorrez haraindi”.

Madariaga andreak gogoratuazo dau eze “Peñafloridako Kondea oso adibide baliagarria dala oraindik orain, Gipuzkoako Ekonomi Elkartearen Plana aurkeztu zanetik 250 urte igaro ondoren. Batzar Nagusietako Lehendakariak antolatzaileei itxaropena adierazo deutse “ospakizun honi esker gaur eguneko euskal gizarteak hobeto ezagutu dagian haren ibilbide emankorra”.