Aurreko Albisteak

Bizkaiko Batzar Nagusiek abogaduen alkargoei tributuei buruzko informazinoa lagatea onartu dabe, doako justiziarako

Gernika

Gernikan, 2013ko urriaren 17an.

Bizkaiko Batzar Nagusiek aho batez onartu dabe egin beharreko araudiaren aldaketea egitea, Aldundiak Abogaduen Alkargoei tributuei buruzko informazinoa laga ahal izateko, uritarrek doako laguntza juridikorako daukien eskubidea erabili daien. Gaur Gernikako Juntetxean ospatu dan osoko bilkuran, Batzarretako lau taldeek, Aldundiko Ogasuneko arduradun dan Jose Maria Iruarrizagak aurkeztu dauen irailaren 3ko 4/2013 Foru Dekretu Arauemoilearen aldeko botoa emon dabe. Aldundiko arduradunak azaldu dauenez, aldaketa hori “ahalbait eta arinen indarrean sartzeko” dagoan interesak, dekretuaren irudia erabiltearen premina justifiketan dau.

Aldundiko arduradunaren parte hartzearen ostean, Eduardo Andrade PP-ko batzarkideak adierazo dau aldaketa hori baliagarria izango dala doako justiziarako izapideak errazteko, eta hori oso “garrantzitsua” dala, gai horretan “arintasuna” behar dalako. Aizbea Atela EAJ-PNV taldeko batzarkideak azpimarratu dau dekretu horren onespena “behar larria” dala gaur egun bizi dogun krisi ekonomiko egoeran, tributuei buruzko datuak lagateak, behar besteko baliabideak ez dituenek laguntza juridikorako eskubidea erabili ahal izatea “posible egiten” dauelako. Bere eretxiz, oposizinoak kritikak agertu dituan arren, proposamena “denpora eta modu egokian” aurkeztu da.

Talde guztiek aldeko botoa emon daben arren, PSE-EEk eta Bilduk kritikak aurkeztu ditue, “konpontzeko oso erraza” dan gai baterako “hainbeste denpora behar izateagaitik harrituta” agertu diralako. Asier Arana EH Bilduko batzarkideak esan dau, zoritxarrez, Bizkaiko Aldundia “berandu” dabilela gai honetan. Iñaki Egaña Socialistas Vascos taldeko kidea be ados agertu da horregaz, eta gehitu dau “justiziazkoa” dala aldaketa horreek egitea, tributuei buruzko informazinoa errazago eskuratu ahal izateko, justizia horren erabiltzaileak sektore “umilenak” dirala kontuan izanda.


ZUGAZTIETAKO MEAZTEGI GOLF ZELAIA

Lan-saio berean, Imanol Pradalesek, Ekonomiaren Sustapen eta Enpleguko diputatuak, esan dau ez dala egia Meaztegiko golf zelaia “hutsunez beteta” dagoanik, eta adierazo dau ez jakola kalte-ordainik emongo azpiegiturea kudeatzen dauen enpreseari “bere kudeaketaren galerak” dirala eta, kontratua ikusita hori ez litzatekelako legezkoa izango. Holan erantzun deutso PP taldeak egindako itaunari. Itaun horren bitartez, PP taldeak, “leku larregitatik huts egiten dauen” azpiegiturea “zulotik aterateko” Aldundiak hartu behar dituan neurriak ezagutu gura izan ditu.

Esther Martínez PP-ko bozeroaleak adierazo dauenez, Meaztegiko golf zelaia martxan jarri zanetik, sortutako arazoak “eten bakoak” izan dira, eta horrek “gastau” egin dau azpiegitura hori. Aldundiak 19 milioi euro inbertitu ebazan bertan. Golf zelaiak izan dauen bazkide murrizketea aitatu dau. Bere berbetan, 2005eko abenduan 3.061 bazkide egozan, eta urte honen hasieran 998 baino ez. Ganera, mantentze lan falta nabarmena, abonauen “milaka” kexa” eta “ez betete ugari” dagozala esan dau. Horreen artean, Meaztegik inbertsinoen arloan egindako ez betetea azpimarratu dau. Hobekuntzetan eta mantentze lanetan gastau beharreko 500.000 euroetatik, emakidea daukan enpresak 134.000 euro baino ez ditu gastau, adierazo dauenez.

Pradalesek “hori ez dala egia” esan dau, eta azpiegiturea “baldintza egokietan” dagoala defendidu dau. Erabiltzaileei golfean “baldintza egokietan” aritzeko aukerea emoten deutsela. Diputatuak azpiegituraren egoerea eta enpresaren egoerea banandu gura izan ditu. UTE Meaztegi enpresa pribaduak, 10 urteko eperako golf zelai publikoaren kudeaketarako eta mantentze lanetarako lehiaketa publikoa irabazi eban.

Lizitazinoak publizidade, lehia, askatasun eta gardentasun printzipioak bermatu ebazala adierazo ostean, lehiaketara enpresa bi aurkeztu zirala esan dau, eta lehiaketea “eskaintza hoberenak” irabazi ebala. Pradalesek adierazo dauenez, kontratu horretan ezarritako baldintzak kontuan izanda, Aldundiari ezin jako UTE Meaztegi enpresari kalte-ordainik ordaintzeko eskatu “enpresak izan daikezan galerak” dirala eta, hori “ez legezkoa” izango litzatekelako. Ganera, foru aldundia ezin dala golf zelaiaren kudeaketan sartu gehitu dau, horren ardura osoa enpresarena dalako. Dana dala, “Aldundiak, Meaztegik bere erantzukizunak bete daizan zainduko dau, orain arte egin dauen moduan”, adierazo dau Aldundiko arduradunak.

Pradalesek gogoratu dau jarraipeneko batzordea eratu zala Aldundiaren eta azpiegiturea kudeatzen dauen enpresaren artean. Batzordea 27 bider alkartu da, eta 2011. urtearen bukaera inguruan eskaerea egin eutsan UTE Meaztegiri, abonauen galerari aurre egiteko eta abonau barriak lortzeko plan bat martxan jarteko eta, bere eretxiz “beteten ez ziran” ekintzak gauzatzeko. Adierazo dauenez, une horretatik aurrera, “oso aldaketa egokiak” egin dira.

Dana dala, bere berbetan, abonau kopuruaren “murrizketaren” errazoiak hainbat dira, horreen artean, krisia. Esan dauenez, beste zelai batzuetan gertatzen ari dana “be ikusi behar da”.


OSOKO BILKURAK EZ DAU ONARTU EH BILDUK ETEKIN IRREGULARREN TRIBUTAZINOA ALDATZEKO AURKEZTU DAUEN ARAU PROPOSAMENA

Batzarretako jardunaldiari hasierea emoteko, EH Bildu taldeak, Etekin irregularren baturaren mugari buruzko Arau Proposamena aurkeztu dau. Proposamena osoko bilkurara itzuli da, batzordean eztabaidatu ostean. Osoko Bilkurak atzera bota dau, barriro be, talde horrek, errenta irregular altuenentzat salbuetsita dagozan mugak aldatzeko egindako eskaerea. EAJ-PNV eta PSE taldeek ia berbaz berba errepikau dabe urriaren 2ko batzordean ekimenari ezetz esateko koalizino abertzaleari emondako erantzuna. Orduan gertatu zan moduan, gaur be, talde biek PFEZ zergan aldaketea prestetan dagozala gogoratu dabe, talde bi horreen artean sinatutako akordioaren barruan. PP-k, proiektu horren aurkezpena arintzeko eskaria egin dau, eztabaidatu ahal izateko.

EH Bilduk, zehatzago esanez, 300.000 €-ko gehieneko mugea ezarri gura izan dau Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari (PFEZ) buruzko 6/2006 Foru Arauaren 19.2 artikuluan, errenta irregularrak izenekoentzat jasoten diran salbuespenetarako. Errenta horreek urte bi baino gehiagoko epealdian sortzen eta modu errepikarian lortzen ez diranak dira. Kasu horretan PFEZ ez jako kopuru osoari apliketan, errenta horren %50ari edo %60ari baino, kasu bakotxaren arabera. Talde horren eretxiz, salbuespen hori “isurbidea” bilakatu da, eta isurbide horretatik, 20 urtez, goi mailako kirolariak, euren soldaten eta kitapenen gaineko zergak ordaintzetik “libre” egon dira. “Bizkaian diru gehien irabazten daben pertsonen mesedetako tratua” da, Asier Vegak salatu dauenez.


RIA 2000AREN ETORKIZUNA

Arauz Besteko Proposamenen atalean, EH Bildu eta Socialistas Vascos (PSE-EE) taldeek Bilbao Ría 2000 soziedade publikoari buruzko euren testuak aurkeztu ditue. Kontuan izan behar da Aldundiak soziedade horren akzinoen %15 dituala. Eztabaidan jakin izan da erakunde horretako Administrazino Kontsejuak beharrean jarraitzen dauela erakundearen jarduera zikloa ixteko, ziklo hori “bukaerara heldu dalako”, Jon Andoni Atutxa EAJ-PNV-ko batzarkideak adierazo dauenez. Koalizino abertzalearen apustua, soziedade hori desegitea eta zorretan dituan 195,7 milioi euroen kitapena “gardentasunez” egitea zan, batzarretako taldeen parte hartzeagaz. EAJ-PNV, PSE eta PP taldeek helburu horren kontrako botoa emon dabe. Talde jeltzalearen eretxiz, ordezkari politikoek soziedade horri buruzko informazinoa jasotzeko eta bere erabagietan parte hartzeko gaitasuna handia daukie, Bilbao Ría 2000n 6 erakundek hartzen dabelako parte. “Ez da asanblada bat bilakatu behar”, esan dau Atutxak.


Sozialisten helburua, 2017. urtera arte, gitxienez, Bilbao Ría 2000 soziedadeak bere jarduereagaz jarraitzea zan. Euren eretxiz, ereduak “balio osoa” izaten jarraitzen dau, Bilbo Metropolitarrean garraioagaz, urigintzagaz eta ingurumenagaz erlazionautako proiektuak gauzatzen jarraitzeko, proiektuak autofinantzetako erabili izan dan formula, hau da, lurzoruen salmentatik lortutako irabaziak, une egokian ez dagoan arren, higiezinen krisia dala eta. “Krisialdiaren urterik txarrenei aurre egin eta gero ixtea ez da aukera ona”, esan dau Iñaki Egañak, PSE-EE taldeak Batzarretan daukan bozeroaleak. Hori dala eta, Aldundiari eskaerea egin gura izan deutsie, bideragarritasun ekonomikoa bilatzeko eta oraindino bukatu barik dagozan proiektuak behar dan moduan bukatuko dirala bermatzeko formulak bilatu daizan. Arauz Besteko Proposamen horrek EAJ-PNV, PP eta EH Bildu taldeen kontrako botoa jaso dau. EAJ-PNV eta PP taldeek gurago izan dabe Bilbao Ría 2000ko Kontsejua prestetan dabilen txostena ezagutzea, itxieraren aurrean egon daitekezan aukera posibleei buruzko eretxia agertzeko.


OMENALDIA BAKEAREN ALDEKO MOGIMENDUARI ETA “IRAKURKETA ERRAZA”

Landu beharreko gaien artean, PP-k planteau dauen asmoa egon da, Arauz Besteko Proposamen batean aurkeztua, 2013. urtea bukatu baino lehen Aldundiak Bakearen Aldeko mobimenduari omenaldia edo autortza egin deion, urte honetan desagertu dalako. Ekimena onartu egin da, EAJ-PNV, PSE-EE eta PP taldeetako kideen aldeko botoagaz. EH Bildu abstenidu egin da.

PSE-EE taldeak aurkeztu dauen beste proposamen bat aho batez onartu da, Foru Aldundiak “Irakurketa Errazaren” kontzeptua sartu daian Irakurteko eta/edo ulertzeko gaiztasunak dituenei zuzendutako jakinarazpenetan. Bizkaiko Batzar Nagusiek eskaerea egin deutsie Aldundiari, erakundeetako informazinoa biztanleei jakinarazoteko neurri bereziak bultzatu daizan.


EZETZA ESPAINIAKO SASKIBALOI SELEKZINOAREN PARTIDUARI

Osoko bilkurearen bukaeran, Batzarrek ezezkoa emon deutsie, Bizkaia saskibaloiko munduko txapelketako egoitza izan daiten 2011n sinatutako hitzarmenean oinarrituta, Espainiako saskibaloi selekzinoak datorren urtean Bizkaian jokatzeari. Proposamenak Alderdi Popularreko eta Alderdi Sozialistako batzarkideen aldeko botoa jaso dau, eta EAJ-PNV eta Bildu taldeek kontra bozkatu dabe.

PP-k bere ekimenean gogoratu dauenez, saskibaloiko munduko txapelketea antolatzeko 2011n sinatutako hitzarmenean adierazoten danez, emakida daukanaren eskubideen artean, 2014an kanonetik libre egongo dan saskibaloi selekzinoaren partidua antolatzeko eskubidea sartzen da, eta baita 2010. eta 2013. urteen artean Espainiako gizonezkoen edo emakumezkoen selekzinoaren adiskidantzazko norgehiagoka bi antolatzeko lehentasunezko eskubidea be.

PP taldearen eretxiz, Espainiako selekzinoaren adiskidantzazko norgehiagoka bi antolatzeko lehentasunezko eskubidea ez gauzatzea, Bizkaiarentzat “oso garrantzitsuak diran aukera eta itzultze ekonomikoen murrizketea” da. Esther Martínez PP taldeko bozeroaleak esan dauenez, zoritxarrez EAJ-PNV “bistan geratu da”, “aukera horri” ezetz esatean.

Lorea Bilbao EAJ-PNV taldeko bozeroaleak gogoratu deutso PP-ri sinatutako hitzarmenak “eskubideei buruz egiten dauela berba, eta ez betebeharrei buruz”, eta EH Bildu taldeak be gauza bera esan dau. Adierazo dauenez, ez dago “inolaz be” “identidade” arazorik. “Mundu mailako bigarren taldea ekarri daikean kirol jarduerea” da, eta guk “mundu mailako lehenengoa etortzea gurako geunke, kirol ikuskizuna zenbat eta hobea izan, danontzat hobea dalako”. Adierazo dauenez, beharrezkoa da planteetea Bizkaia “hoberenak ekarteko” moduan dagoan ala ez, sinatutako hitzarmenean oinarrituz, “gastuak guretzat diralako, eta irabaziak Federazinoarentzat”. Hori dala eta, puntu horreek emakida daukienen eta Federazinoaren artean argitu beharko dirala esan dau.


BIDESARI POLITIKA

Bukatzeko, eztabaidea, bidesari politikara eta tarifa politika desbardinek lurraldeen eta eskualdeen artean sortzen dituen desbardintasunen gaira bideratu da. EH Bildu taldeak proposamen ez loteslea aurkeztu dau, Batzar Nagusiek Bizkaiko Foru Aldundiari eskaerea egiteko, hilebete biko epean, Bizkaian dagozan Busturialdea, Lea-Artibai eta Durangaldea eskualdeetako uritarrek, probintziako zein beste leku batzuetako erabiltzaileakaz alderatuz, A-8 autopistaren erabilerea dala eta, jasaten daben diskriminazinoa gainditzeko egon daitekezan aukerei buruzko txosten bat egin daian. EAJ-PNV eta PP taldeek kontrako botoa emon dabe.

EH Bildu taldearen eretxiz beharrezkoa da “tarifikazino politika orekatu” barria ezartea, lurraldean gertatzen diran bazterketei eta Interbiak soziedadeak daukan finantza egoereari aurre egin ahal izateko. Azaldu dauenez, bidesarien bitartez jasotako diru-sarrerak “urrundik be ez dira nahikoa” soziedadeak finantza arloan dituan konpromisoei aurre egiteko.

Nerea Ahedo batzarkide jeltzaleak gogoratu deutso barriro Bilduri azterlana ez dala beharrezkoa. Koalizino abertzaleari euren bidesari ereduari buruzko jarrerea argitzeko eskatu deutso, “peajerik ez” haretatik, “bide guztietan” ordaindu beharrera eta “bidesariak dagozanetan prezioa igotzera” pasau diralako. Barriro azpimarratu dau bere taldeak “ez dauela Gipuzkoako eredua erosten”, eta argi eta garbi itxi dau EAJ-PNV taldeak ez dauela “inongo bidesari barririk” planteetan.

Alderdi sozialistak, joan dan astean batzordean egin eban moduan, lurraldeen arteko koordinazinorako mahaia sortzearen aldeko apustua egin dau, eskualdeen artean egon daitekean diskriminazinoari bukaerea emoteko. Bilduren proposamenaren alde agertu dira, “foru araudiari buelta emoteko ordua dalako”, beharrezkoa izango dalako “araua gaur egungo errealidadera egokitzea”, esan dau Joaquín Colmenerok (PSE-EE).


GIPUZKOAKO BIDESARI POLITIKAN ESKU-HARTZEAK SAIHESTEA

PP-k, bere aldetik, Gipuzkoako Foru Aldundiak, lurralde horretako errepideetan bidesari barriak ezarteko daukan asmoaren kontrako proposamena aurkeztu dau. PP-ren eretxiz, Gipuzkoako salbuespen edo hobari erregimena “diskriminatzailea” da Bizkaiko erabiltzaileentzat. Batzar Nagusiek Arauz Besteko Proposamena baztertu dabe, EAJ-PNV eta EH Bildu taldeen kontrako botoagaz eta PSE-EE taldearen abstentzinoagaz.

PSE-EE, beste lurralde batzuekaz gatazkak ez sortzearen alde agertu da. Joaquín Colmenero batzarkide sozialistak azpimarratu dau beharrezkoa dala “ados jartea” diskriminazino horreek saihesteko, eta bidesariak ez dirala “arma” moduan erabili behar. PP taldeari bere proposamena erretiretako eskatu deutso.

EAJ-PNV taldeak, barriz, talde popularrari, beste lurralde batzuen eskumenetan “ez sartzeko” eskatu deutso. “Ez dogu uste beste lurralde bati zer egin behar dauen eta zer ez dauen egin behar esatea ona danik”. “Erakundeen arteko leialtasunagaitik eta esku-hartzeak saihesteko, lurralde bakotxari bere eskumenak garatzen itxi behar jako”, esan dau Edorta Rodrigo batzarkideak.

EH Bilduk Gipuzkoako errepideetako tarifa politika defendidu dau, eta, bere esanetan, EAJ-PNV-k lurralde horretan aurrera eroandako kudeaketearen ondoriozkoa da, Bidegi foru soziedadean oso finantza egoera larria itxi ebalako. Koalizino abertzaleak neurri barriak defendidu ditu, Gipuzkoako errepide sarea finantzetako eta mantentzeko, “gizarte politikei lehentasuna emon ahal izateko”.