Aurreko Albisteak

Ekonomia bizibarritzeko erakundeen arteko akordioa Ekonomiako Batzordera heldu da

Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek, 2013ko ekitaldian Euskadiko defizit marjina barriaren partekatutako erabileraren kargura ekonomia bizibarritzeko jarduketak eta inbertsino proiektuak aurrera eroateko sinatu daben erakundeen arteko akordioa, Bizkaiko Batzar Nagusietara helduko da bihar, Ekonomia eta Ogasuneko Batzordeak onetsi daian. Akordioaren helburua, ekonomia bizibarritzeko eta enplegua sortzeko jarduketak eta inbertsino proiektuak martxan jartea da. Akordio horri esker, lau erakundeek konpromisoa hartu dabe, helburu horretara 180 milioi euro bideratzeko. Diru horren erdia Bizkaian inbertituko da, Eusko Jaurlaritzako aurrekontuetatik urtengo diran 63 milioi euroei eta Bizkaiko Foru Aldundiak jarriko dituan 27 milioi euroei esker.

Ekarpen ekonomikoa Bilboko Metroaren 3. linea moduko proiektuetan nabarituko da, proiektu horrek lurraldeko inbertsino osoaren herena jasoko dauelako. Beste heren bat Zamudioko Teknologia Elkartegia zabaltzera, Ur Partzuergoagaz eta URA agentziagaz batera garatu beharreko lan Hidraulikoetara eta Gernikan Enpresa eta Barrikuntza zentro bat sortzera bideratuko da. Azkenik, beste parte bat trenbideko azpiegitura batzuetara, EuskoTrenentzat unidadeak erostera, arrantza azpiegituretara, merkataritzea, turismoa, nekazaritzea eta arrantza sustetako programetara, Sestaon egingo dan etxebizitza sustapenera eta BIOEF proiektuaren, Barrikuntza eta Ikerketa Euskal Fundazinoaren, garapenera bideratuko da.

Saio berean, Batzarretako Bizkaiko Talde Popularrak (PP), Jose Luis Bilbao Aldun Nagusiaren batzorderatzea eskatu dau, joan dan garagarrilaren 24an eskinitako omenaldian, terrorismoaren biktimei “Bizkaiko Argia” aintzatespena “ez emoteko” hartu eban erabagia dala eta, apirilaren 24ko osoko bilkureak emondako agindua “bete barik itxiz”, popularren eretxiz.

EH Bilduko Batzarretako taldeak be Foru Aldundiko arduradun nagusiaren agerpena eskatu dau, Foru Aldundiko ordezkariek BBK erakundean, etxetik kaleratzeen gaian, aurrera eroaten dituen erespideak eta defendiduten dituen politikak zeintzuk diran argitu daian, Aldundia, gaur egun Kutxabankeko parte dan kutxaren sortzaileetakoa dan neurrian.

Beste alde batetik, Batzarretako taldeek, PP-k aurkeztutako Arauzko Proposamen bat eztabaidatuko dabe, Bizkaiko Lurralde Mugaketei buruzko abenduaren 5eko 9/2012 Foru Araua aldatzeko. Bizkaiko armarrietan edo banderetan egiten diran aldaketak, “egin beharreko txosten heraldikoaren edo vexilologikoaren bitartez” egiaztautako errazioetan oinarrituko dirala bermatzea gura dau talde horrek.

Lan-saioari amaierea emoteko, Arauz Besteko Proposamenak eztabaidatuko dira. PP-k aurkeztutako batean, Aldundiari eskaerea egiten jako, Foru jakinarazpenetan QR kodeak sartu daizan. EH Bildu taldearen beste ekimen bitan eskaerea egiten jako Aldundiari, alde batetik, kontzertautako zerbitzuengaitik enpresei edo erakunde pribaduei (egoitzei, eguneko zentroei…) ordaintzen deutsien tarifatik, greba egunetan langileei ordaintzen ez jaken soldataren partea kendu daian; eta, beste alde batetik, eskaerea egiten jako Eusko Jaurlaritzari, ginekologia zerbitzua barriro martxan jarri daian Ondarroako, Lekeitioko eta Markinako osasun etxeetan.