Aurreko Albisteak

"Ekintzailetzarako euskal sistemea" garatzeko erakundeen arteko hitzarmenaren aurkezpena Batzar Nagusietan

Bizkaiko Ekonomia eta Ogasuneko Batzordea bariku honetan, urriaren 18an, alkartuko da, hiru Foru Aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren artean sinatu beharreko alkarlanerako hitzarmena berronesteko. Hitzarmen horren bitartez “Ekintzailetzarako euskal sistemea” garatu gura da. Helburua, euskal gizartean dagoan ekintzaile potentziala bultzatzea eta laguntza “eraginkorra eta eragingarria” emotea da. Hitzarmena Ekonomia eta Enplegua Bizibarritzeko Erakundeen arteko Akordioaren barruan sartzen da, eta horren bitartez, Eusko Jaurlaritzak 5 milioi euro jarriko ditu hiru Lurralde Historikoetan proiektuak finantzetako.

Lan saio berean, EH Bilduk galdera egingo deutso Aldundiari, azken hilebeteetan Bizkaian egondako turista kopuruaren beherakada “garrantzitsua” dala eta. Hotelen okupazino mailak %3,1eko beherapena izan dau, talde politiko horrek adierazo dauenez, INE-ren datuak erabiliz, Imanol Pradalesi, Ekonomiaren Sustapenerako Diputatuari, zuzendutako batzorderatze idazkian. Koalizino abertzaleak, egoera horri bueltea emoteko Aldundiak martxan jarriko dituan neurriei buruzko informazinoa jaso gura dau.

Horrez gain, Joseba Gezuragak, EH Bilduko Batzarretako Taldearen ordezko bozeroaleak, azalpenak eskatu deutsaz diputatuari, aurton Bizkaian 878 enpresa desagertzearen errazoi posibleak dirala eta (batzorderatze eskaereak irailaren 26ko datea dauka). EH Bilduk, Aldundiko ordezkariak, arazo hori jasan daben sektoreei, eskualdeei eta udalerriei buruzko eta Aldundiak enpresen itxierea saihesteko hartu dituan neurriei buruzko informazinoa emotea gura dau.

Batzorderatze eskari biren bitartez, EH Bilduren bat eta Socialistas Vascos (PSE-EE) taldearen beste bat, Aldundiak azalpenak emon beharko ditu Bizkaiko Batzarren aurrean, Zugaztietako golf zelai publikoaren gaur egungo egoereari buruz. Antza, talde horreen eretxiz, golf zelaiaren kudeaketeak “zalantza asko” sortzen ditu. Instalazino horrek “2.000 bazkide baino gehiago” galdu ei ditu orain zortzi urte inaugurau zanetik.

Batzordeari bukaerea emoteko, Arauz Besteko Proposamen bi eztabaidatuko dira. Horreetako batean, Euzko Abertzaleak (EAJ-PNV) taldeak prisazko eskaerea egin deutso Aldundiari, Enkarterriko ekonomia bizibarritzeko ekimenak martxan jarri daizan. Zehatzago esanez, euren asmoa, Aldundiak, Aldun Nagusiak 2014. urterako iragarri dauen Enplegurako eta Lurralde Bizibarriztapenerako Funtsa eskualde horretan “lehentasunez” aktibetea da, autoenplegu eta mikrofinantzaketa ekimen barriak bultzatzeko. Ganera, Foru Aldundiari eskaerea egiten deutsie, Eusko Jaurlaritzagaz alkarlanean, Eskualdeko "Enkarterri Green" Plan Estrategikoaren garapena bultzatu daian. Plan horretan Enkarterriko Udal eta ekonomiaren sustapeneko eragile guztiek hartu dabe parte. Bukatzeko, eskaerea egiten deutsie Aldundiari, enpresei eta enpresa proiektu barriei zuzendutako informazino eta aholkularitza lehiatilea sortu daian.

Aldundiarentzat loteslea ez dan beste proposamen bat, EH Bildu taldeak aurkeztutakoa, ETRA NORTE enpresak bizi dauen egoereari buruzkoa da. Batzarretako talde horrek adierazo dauenez, Espainiako Gobernuak bultzatutako lan erreformaren ondorioz lurraldeko hitzarmena indar barik itxiko dauela eta Estaduko hitzarmena aplikauko dauela iragarri dauen Bizkaiko lehenengo enpresetako bat da. Bere idatzian, taldeak eskaerea egiten deutso Aldundiari, erabagi horren kontrako jarrerea adierazo daian, eta, aldi berean, gitxieneko lan baldintzak beteten ez dituen enpresakaz dituan hartu-emonak aztertu daizan eta Aldundiak kontratautako enpresek lurraldeko hitzarmena beteten dabela bermatu daian.