Batzar Nagusiek hirueletasunaren aldeko apustua egin dabe, etorkizunerako hezkuntza eredua izan daiten

Bizkaiko Batzar Nagusiek, Euzko Abertzaleak (EAJ-PNV), Socialistas Vascos (PSE-EE) eta Bizkaiko Popularrak (PP) taldeek alkarregaz aurkeztutako Arauz Besteko Proposamenaren bitartez, Eusko Jaurlaritzak euskal irakaskuntzan ingelesaren aldeko apustua egitearen aldeko erespidea bideratu dabe. Azken 30 urteetan euskera eta gaztelania, hizkuntza ofizial biak, izan dira nagusi hezkuntza arloan. Talde horreen eretxiz, ikastetxe hirueleak sortzeko pizgarriak, ikastetxeen autonomia eta familiek aukeraketa egiteko daukien askatasuna errespetau behar dauen eremu “malguan” bultzatu beharko litzatekez. Helburu hori lortzeko xedez, Bizkaiko Batzarrek eskaerea egin deutsie Eusko Jaurlaritzari, irakasleen hizkuntza gaitasuna indartzeko hartu beharreko neurriak har daizan. Proposamenak hiru taldeen aldeko botoa jaso dau. EH Bildu akordiotik kanpo geratu da, kontrako botoa emon dauelako.
Proposamena aurkeztu daben taldeen eretxiz, gaur egungo munduan, eta etorkizunari begira, batez be, “ezinbestekoa” da gure gizarteak, hizkuntza ofizial biak menperatzeaz gain, ingelesa be menperatzea, merkataritzearen, zientziaren eta kulturaren nazinoarteko hizkuntza nagusia dalako. Gizartearen hirueletasun “eraginkorraren” aldeko apustua egiten dabe, eta euren ustez “beharrezkoa” da apustu hori hezkuntza sistematik egitea. Hiru taldeek argi adierazo dabe lan-saioan, adostutako proposamenak, gizarte hiruelearen aldeko “gitxieneko komun” batzuk batzen dituala, eta LOMCE legea indarrean jarteak sortutako gatazka eztabaida politikotik urrundu gura dabela.
EH Bildu hirueletasunaren alde agertu da, baina ez dau proposamenaren aldeko botorik emon gura izan, taldearen ustez euskera izan behar dalako hezkuntza sistemaren “ardatza”. Gaur egungo ereduen sistemea gainditzearen aldeko apustua egiten dabe, euren eretxiz “ez dauelako funtzionetan”, ez dauelako legea betetan, umeek hizkuntza ofizial biak menperatzea ez dauelako bermatzen. Eleaniztasuna bultzatzearen alde dagoz, baina euskera eskolako “komunikazino bide” nagusia izanda. Asier Sanz bozeroaleak, aukeraz baliatuz, Rajoyren Gobernuak bultzatu dauen eta orain denpora gitxi onartu dan Hezkuntzaren Kalidadearen Hobekuntzarako Lege Organikoa (LOMCE) indarrean sartzeak ekarriko dauen “zurruntasuna” salatu dau. Beste taldeek esan dabe ez dala hori eztabaidetan ari dan gaia. “Ez da unea, ezta lekua be”. LOMCE-ri buruzko eztabaidea Eusko Legebiltzarrean egingo da “hamabost egun barru”, erantzun dau Lorea Bilbaok, EAJ-PNV taldeak Batzarretan daukan bozeroaleak. Lorea Bilbaok adierazo dau bere taldea Euskadiko hezkuntza erkidegoagaz batera dagoala beharrean, lege hori “ez apliketako” formulen bila.
NATUR ZIENTZIA ETA PALEONTOLOGIA MUSEO BATI BURUZKO AZTERLANA
Lan-saio berean, Batzarretako taldeek aho batez onartu dabe Batzar Nagusiek eskaerea egitea Foru Aldundiari, Lurraldean, Bizkaiko natura, paleontologia eta geologia ondarea erakutsiko dauen Natur Zientzien museoa sortzeko aukerak aztertu daizan. Museo horrek, aldi berean, une honetan leku egokian behin betiko egoitza bilatzen daben norbanakoen, alkarteen, ikastetxeen eta erakundeen bilduma sakabanatuak alkartuko leukez. Proposamena aurkeztu dauen taldearen (PP) eretxiz, kulturgune barri horren eukien artean, gure lurraldeagaz lotutako landarediaz eta faunaz gain, paleontologiagaz, geologiagaz eta mineralogiagaz erlazionautako aurkikuntzak be egon beharko litzatekez. Lehenengo fasean, popularren eretxiz beharrezkoa da dagozan bildumak eta behar ekonomikoak ezagutzea. Ondare horren jaubeak “oso pozik” egongo litzatekez euren bildumak emoteko, jendeari erakusteko eta kontserbetako, Arturo Aldecoa talde popularreko kideak adierazo dauenez.
SAN INAZIOKO ETXE AMERIKARRAK
Beste alde batetik, batzordeak, talde guztien aldeko botoagaz, eskaerea egin deutso Bilboko Udalari, 1966 eta 1968. urteen artean eregitako San Inazioko (Bilbo) “etxe amerikarrak” izenagaz ezagutzen diranen babes maila hobetu daian, bere Urigintza Plan Orokorrean (PGOU), Eusko Jaurlaritzatik “Kultur Ondare” babesa heltzen dan arte. Batzarretako taldeek uste dabe Rufino Basáñez, Julio Esteban Argárate eta César Larrea arkitektoek diseinau eben eta orain denpora gutxi barriztatu dan arkitektura moltsoak babes esfortzua merezi dauela, arkitekturako estilo “bereziaren” lekuko dalako. Eztabaidan, EH Bilduk esan dau, zoritxarrez, babes maila igotzea ez dala beti higiezin bat kontserbetako berme izaten, talde horrek esan dauenez, Gardoki kaleko Iberdrolaren egoitza zaharrean edo Erriberako Merkaduan gertatu dan moduan.
BALMASEDAKO HORCASITAS JAUREGIA
Bizkaiko Batzarretan eztabaidea biztu dauen beste zaharbarritze lan bat, Balmasedako Horcasitas jauregian egindakoa izan da. Oraingo honetan, Kultura eta Euskerako Batzordeak ez dau onartu Bizkaiko Batzar Nagusiek, higiezinaren jabe dan Udalari agindua emotea, Jauregiaren teilatuko hegala egokitzeko, XVIII. mendearen hasierako estilo barrokoagaz bat etorriko dan itxura hobea emoteko, eta hiribilduko ingurune historikoagaz “bat ez datorren” elementua izan ez daiten. Balmasedako Udalak eraikinaren teilatua eregiteko lanak, eraikinaren jatorrizko egiturea “kontuan izan barik” egin ditu, Socialistas Vascos taldearen eretxiz. Holan, teilatuak lortu dauen azken emaitza, elementu guztiz “degradagarria” da.
Lehenengo unean, PSE-EE taldearen ekimenak EH Bildu eta PP taldearen aldeko eretxia jaso dau. Sozialistek, Aduanako Jauregi izenagaz ezagutzen danaren barriztapen lanak Jauregiko lorategi ingurura zabaltzea, eta, aldi berean, lau izarreko hotela eta Ostalaritza Eskola bilakatzeko proiektua barriro aztertzea eskatzen eban zuzenketa-eske trantsakzionala onartu dabe. Lan horreek 8 milioi euro balio dabe, Eusko Jaurlaritzaren eta Gobernu Zentralaren diru publikoagaz ordainduta, eta horreetatik 5 milioi gastau dira dagoaneko, EH Bildu taldeak adierazo dauenez. PP taldearen abstentzinoari eta EAJ-PNV-ren kontrako botoari esker, ekimena ez da onartu, talde bi horreen eretxiz, eraikinari emon beharreko erabilerea udalak erabagi behar dauelako. Talde jeltzalearen ustez, ganera, orain arte egin diran barriztapen lanek erispide teknikoak jarraitu ditue, eta ondare historikoaren arloko legezko arautegia bete dabe.
EUSKAL MUSEOAREN ETA BERREGINEN MUSEOAREN KUDEAKETA BATERATUA
Aldundiak eta PP taldeak eskatutako batzorderatzean, Josune Ariztondo Kulturako diputatuak Bilboko Udaleko eta Foru Aldundiko kideek osatutako batzorde kudeatzailea eratu dala baieztu dau, museo biren kudeaketea bateratzeko pausuak emoteko: Euskal Museoa eta Berreginen Museoa. Bere parte hartzean, Aldundiko arduradunak azpimarratu dau museo biak bateratzeko proiektuaren oinarriek lau ardatz dituela: baliabideen optimizazinoa, gaur egungo lantaldeagaz jarraitzea (Euskal Museoko 13 beharginak eta Berreginen Museoko 6ak), proiektuaren egonkortasuna eta jaube bien, Udalaren eta Aldundiaren, laguntzea izatearen bermea.
Ariztondok azpimarratu dauenez, trantsizino horren helburua, alkarren artean “gertu” dagozan eta langileen ikuspuntutik “osagarriak” diran museo bien “kultur, arte, giza baliabide eta ekonomia kudeaketaren hobekuntzea” lortzea da. Esan behar da museo batean, administrazinoagaz eta kudeaketeagaz lotutako soslaia daukan lantaldea dala nagusi, eta bestean lan egiten daben beharginak kultur gaietan espezializatuagoak eta teknikoagoak dirala, Euskal Museoari jagokonez.
Gonzalo Olabarria Foru Aldundiko Kulturako Zuzendari Nagusiak, Andoni Iturbe Ondare Zerbitzuko buruak, Iñaki López de Aguileta Udaleko Kultura Zuzendariak, eta Kultura Saileko Iñigo Villatek osatutako lan talde horren betebeharrak honeek izango dira: zentroaren forma juridikoa aukeratzea eta kudeaketa eredua, museo bietako langileen erlazinoa eta hitzarmen kolektiboaren proposamena egitea.
Batzarretako taldeek ontzat emon dabez diputatuak emondako azalpenak, eta ados agertu dira zentro bien kudeaketa bateraturako ideagaz. Dana dala, EH Bilduko Asier Sanzek adierazo dau batzorderatze barria eskatuko dabela, kudeaketa horren “mesede” ikugarriak eta proiektu bateratua zuzenduko dauen pertsona ezagutzeko.