Ohiko osoko bilerea Gernikan, eguenean, urriaren 17an

Legebiltzarreko jardunaldiari hasierea emoteko, EH Bildu Batzarretako Taldeak aurkeztutako Arau Proposamena landuko da, Etekin irregularren baturaren mugari jagokona. Proposamena osoko bilkurara itzultzen da, batzordean eztabaidatu ostean. Joan dan urriaren 2an, Ekonomia eta Ogasuneko Batzordeak talde horrek errenta irregular altuenentzat salbuetsita dagozan mugak aldatzeko aurkeztu eban proposamena baztertu eban, eta baita PP taldeak aurkeztutakoa be. Azken talde horrek, koalizino abertzaleak onartu ez eban zuzenketa-eske baten bitartez aurkeztu eban bere proposamena.
EH Bilduk 300.000 €-ko gehieneko mugea ezarri gura dau Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari (PFEZ) buruzko 6/2006 Foru Arauaren 19.2 artikuluan, errenta irregularrak izenekoentzat jasoten diran salbuespenetarako. Errenta horreek urte bi baino gehiagoko epealdian sortzen eta modu errepikarian lortzen ez diranak dira. Kasu horretan PFEZ ez jako kopuru osoari apliketan, errenta horren %50ari edo %60ari baino, kasu bakotxaren arabera.
Horren ostean, Batzarretako taldeek, irailaren 3ko 4/2013 Foru Dekretu Arauemoilea berronesteari buruzko botoa emon beharko dabe. Dekretu horren bitartez, Foru Aldundiak Abogaduen Alkargoei tributuei buruzko informazinoa lagatzeko baimena emoten dau, Doako laguntza juridikorako eskubidea autortzeko.
Ostean, Bizkaiko Talde Popularrak itauna egingo deutso Aldun Nagusiari, Zugaztietan dagoan Meaztegi golf zelai publikoaren egoereari buruz. Popularrek, Aldundiak “leku larregitatik huts egiten dauen” azpiegiturea “zulotik ateratzeko” hartu behar dituan neurriak ezagutu gura ditue. Euren idazkian salatzen dabenez, zortzi urtetan kirol instalazino horrek 2.000 bazkide baino gehiago galdu ditu.
Arauz Besteko Proposamenen atalean, EH Bildu eta Socialistas Vascos (PSE-EE) taldeek Bilbao Ría 2000 soziedade publikoari buruzko euren testuak aurkeztuko ditue. Kontuan izan behar da Aldundiak soziedade horren akzinoen %15 dituala. Koalizino abertzalearen helburua, soziedade horren desegitea eta zorretan dituan 195,7 milioi euroen kitapena “gardentasunez” egitea da, batzarretako taldeen parte hartzeagaz, Administrazino kontseiluan zein Aldundiak sortu beharko dauen batzorde berezian. Halanda be, sozialistek, Bilbao Ría 2000 soziedadeak bere jarduereagaz jarraitzea gura dabe, 2017. urtera arte, gitxienez. Hori dala eta, Aldundiari eskaerea egin deutsie, bideragarritasun ekonomikoa bilatzeko eta oraindino bukatu barik dagozan proiektuak behar dan moduan bukatuko dirala bermatzeko formulak bilatu daizan.
Eztabaidatu beharreko gaien artean, PP-ren helburu bat be badago, Arauz Besteko Proposamen batean aurkeztua, 2013. urtea bukatu baino lehen Aldundiak Bakearen Aldeko mogimenduari omenaldia edo autortza egin deion, urte honetan desagertu dalako. Talde sozialistak beste proposamen bat aurkeztuko dau, Foru Aldundiak “Irakurketa Errazaren” kontzeptua sartu daian Irakurteko eta/edo ulertzeko gaiztasunak dituenei zuzendutako jakinarazpenetan.
Osoko bilkurearen bukaeran, batzarretako taldeek, Espainiako saskibaloi selekzinoak datorren urtean Bizkaian jokatzea gura daben ala ez erabagi beharko dabe, saskibaloiko munduko txapelketea antolatzeko 2011n sinatutako hitzarmenean oinarrituta, PP taldearen proposamenari jarraituz.
Ganera, popularrek, osoko bilkurak, Gipuzkoako Foru Aldundiak lurralde horretako errepideetan bidesariak ezarteko daukan asmoaren kontrako jarrerea erakustea gura dabe, lurralde horretako salbuespen edo/eta hobari erregimena “baztertzailea” dalako erabiltzaile bizkaitarrentzat.
Ordaindu behar diran bideen erabilerea eta Euskadin horrek sortzen dauen desbardintasuna da EH Bildu taldeak aurkeztuko dauen Arauz Besteko Proposamenaren gaia. Talde horrek eskaerea egin deutsie Batzar Nagusiei, Bizkaiko Foru Aldundiari eskaerea egiteko, hilebete biko epean, Bizkaian dagozan Busturialdea, Lea-Artibai eta Durangaldea eskualdeetako uritarrek, probintziako zein beste leku batzuetako erabiltzaileakaz alderatuz, jasaten daben diskriminazinoa gainditzeko egon daitekezan alternatibei buruzko txosten bat egin daian.