Aurreko Albisteak

Bizkaiko neguko errepide plana azaroaren 1ean jarriko da martxan. Edurra kentzeko 68 makina eta 327 pertsona egongo dira guardian, izotzaren eta edurraren aurrean

Batzordea

Bilbon, 2013ko urriaren 11n

Foru Aldundiak datorren azaroaren 1ean jarriko dau martxan Bizkaiko Neguko Errepide Plana. Aurton, Aldundiaren esku dagozan errepideetan 327 pertsona egongo dira beharrean, zaindarien, gidarien eta laguntzaileen artean. Lantalde horrek edurra kentzeko 68 makina eta 9.290 gatz tona eta 200 metro kubiko gatzur izango ditu eskura, Bizkaiko errepideak izotz eta edur barik egon daitezan. Batzar Nagusien aurrean egin dauen agerraldian, Itziar Garamendik, Herri Lan eta Garraioetako diputatuak, iragarri dauenez, neguko plan horren barrikuntza nagusia, gidariek, Bizkaimove web gunetik, eguraldia eta trafikoaren egoerea kontsultau ahal izango dabela izango da, www.euskalmet.net eta www.trafikoa.net web guneetara izango dituan esteken bitartez.

Aldundiaren planak hiru zerbitzu maila ezarten ditu errepideetako zirkulazinoan zailtasunak dagozanean, eguraldi txarra dala eta. Lehenengo, Aldundiak lehentasuna emongo deutso lurraldeko errepide ardatz nagusien garbiketeari, A-8ari, Hegoaldeko Saihesbide Metropolitarrari, AP-8ari (Basauri-Ermua), 637 eta 240 errepide nazionalei eta aireporturako, “superporturako” eta ospitaleetarako sarbideei. Leku horreetan eguneko 24 orduetan eskiniko da zerbitzua, baita domeketan eta jaiegunetan be. Bigarren mailan, eguneko orduetan aktibauta egongo dan operatiboaren bitartez, Avanzada, Bilbo-Mungia edo Bilbo-Balmaseda errepideak egongo dira, adibidez. Eta, hirugarren mailan, aurreko mailatakoak bermatuta dagozanean garbituko diran errepideak sartzen dira. Horreen artean Ballontiko ardatza edo BI-3737 errepidea, Gobela eta Sopela artean, sartu dira, beste batzuen artean.


INFORMAZINO PANELAK A-8AN

Beste alde batetik, Batzordeak Arauz Besteko Proposamen bat onartu dau. Proposamen horretan eskaerea egiten jako Eusko Jaurlaritzari, Aldundiaren bitartez, A-8ko informazino paneletan trafikoaren inguruko informazinoa emon ahal izateko, eta gertakariren bat egon ezkero aukerako bideen barri emoteko. Ekimenak Euzko Abertzaleak (EAJ-PNV), Socialistas Vascos (PSE-EE) eta proposamena aurkeztu dauen EH Bildu taldeen aldeko botoa jaso dau. PP abstenidu egin da.

EH Bilduren eretxiz, oraindino A-8an instalauta dagozan informazino panelek ez dabe aukerako biderik erakusten, istripuak edo arazo meteorologikoak dirala eta errepide horretako trafikoan gertakariren bat egoten danean. Asier Sanzek, talde abertzaleko batzarkideak, adierazo dauenez, holango oharrak sartzea konponbide “erraza” izango litzateke trafikoa hobetzeko eta Hegoaldeko Trenbide Metropolitarraren erabilera indizeak handitzeko. Aurretik be Batzar Nagusiek behin baino gehiagotan eskatu izan dabe gauza bera.

Gainerako taldeek, A-8ko hainbat puntutan banatutako informazino panel horreei buruz eztabaidatu diran proposamenak gogoratu ditue. PP abstenidu egin da, bere eretxiz, talde popularrak aurkeztu eban eta onartu egin zan Arauz Besteko beste Proposamen baten “bardina” dalako. Popularren ustez ekimena berandu heldu da. Jesus Isasi batzarkide popularrak lan saioan onartu dauenez, panel horreek emoten daben informazinoan egondako aldaketen lekukoa da. Gertakari baten ostean, “atzo bertan beste bide alternatiboen barri emoten zan”, esan dau.

EAJ-PNV taldeak adierazo dauenez, bilerak eta alkarrizketak egiten ari dira Eusko Jaurlaritzaren eta Aldundiaren artean, informazino hori zelan hobetu ikusteko, baina kontuan izan behar da Foru Aldundiak ez dauela arlo horretako eskumenik. PSE-k be esan dau gaur egun informazino hori “denpora errealean” eguneratzen dala. “Arazoa asko konpondu da”, adierazo dau Joaquín Colmenero batzordekide sozialistak.


NEURRI BARRIAK ERREPIDEAK FINANTZETAKO ETA MANTENTZEKO

Beste alde batetik, batzordeak atzera bota dau EH Bildu taldearen Arauz Besteko beste Proposamen bat. Proposamen horrek “tarifikazino politika orekatu barria” ezartea eskatzen eban Bizkaiko errepideetan, Interbiak foru soziedadearen autosufizientzia ekonomikoa bermatzeko. Ekimen horren bitartez, koalizino abertzaleak Aldundiaren konpromisoa bilatzen eban, hilebete biko epean, “alternatiba desbardinak” planteauko dituan “txosten ekonomiko-finantziarioa” aurkeztu daian, Bizkaiko errepideak egiteko eta kudeatzeko ardurea daukan soziedade horri egiten jakon milioi askoko ekarpena murrizteko. Errepide horreen artean dagoz Hegoaldeko Saihesbide Metropolitarra edo A-8aren Bizkaiko zatia, adibidez. EAJ-PNV eta PP taldeek kontrako botoa emon dabe, eta PSE-EE abstenidu egin da.

Koalizino abertzalearen berbetan, Interbiakek Bizkaian erakunde publiko batek pairatzen dauen “zorrik altuena” dauka, “940 milioi euro baino gehiago”, eta zor horrek gora egingo dau etorkizunean, batez be “Supersurra” oso gitxi erabilten dalako eta, beraz, bide-sariakaz lortutakoa oso gitxi dalako. EH Bilduk uste dau ezinbestekoa dala “Interbiaken autosufizientzia ekonomikoa bermatzeko eta herrialde barruan emoten diran diskriminazino egoerei aurre egiteko, tarifikazino politika orekatu barria ezartea Bizkaian”. Horren adibide moduan, EH Bilduko Gobernuak Gipuzkoan egin dauen eredua jarri dau.

PP taldeak, orain Interbiak “kargatzeko” asmoa leporatu deutso koalizino abertzaleari, 2003. urtean Errepide Planean aurreikusitako eredua onartuz soziedade hori sortzea erabagi ebenean. Aldi berean, talde politiko horrek Gipuzkoan apliketan dauen politika kritikau dau, tarifa “leoninoak” jarten ditualako eta beste lurralde batzuetako gidarientzat “baztergarria” eta “bidebakoa” dan eredua bultzatzen dauelako.

PSE taldea abstenidu egin da bozketan, eta koalizino abertzaleagaz bat etorri da, Interbiakek eta Bizkaia osoak errepideen finantzaketagaz arazo bat daukiela esatean. Hori dala eta, sozialistek “organo koordinatzailea” sortzeko planteamendua egin dabe, “bazterkeria” eta lurraldeen arteko “burrukak” saihesteko. Beharrezkoa balitz, sozialistak Lurralde Historikoen Legea (LHL) aldatzearen aldekoak dira, “orekea bilatzeko”, esan dau Joaquín Colmenerok.

EAJ-PNV taldeak gogoratu dauenez, Interbiakek beste eskumen batzuk be baditu, Hegoaldeko Saihesbide Metropolitarragaz gain, eta soziedade horren lanari esker, Bizkaia hobeto kohesionauta dago gaur egun. Bilduk, beste finantzaketa alternatiba batzuk bilatzeko eskatu dauen txostenari jagokonez, jeltzaleen eretxiz hori ez da beharrezkoa, hiru alternatiba baino ez dagozalako: Interbiak soziedadera egiten diran kapital ekarpenak egokitzea, bide-sari gehiago ezartea edo gaur egun dagozanak garestitzea. EAJ-PNV-k gonbidapena egin deutso EH Bilduri, bere jarrerea argitu daian. “Argi eta garbi esan behar dabe euren politika, ez dagozan lekuetan bide-sariak jartea eta gaur egun dagozanak garestitzea dala”, erantzun dau Nerea Ahedo batzordekide jeltzaleak. Batzordekide horrek Interbiak soziedadearen Ekonomia eta Finantza Plana defendidu dau. Plan horretan lehendik be planteetan zan maileguak, bide-sarietatik lortutako diru-sarreren eta kapital hedapenen bitartez itzuliko zirala.


BIZKAIBUSEKO LEHIAKETEA

Irailaren 13an erregistrautako beste ekimen baten bidez, EH Bilduk eskaerea egiten eutsan Aldundiari, Bizkaibusen berrantolaketari begira aurkeztutako lizitazino prozedurea eta pleguak alde batera ixteko (eskaintzak aurkezteko epea joan dan astean amaitu zan), eta “gizarte eragileakaz, langileen ordezkariakaz, eragile politikoakaz eta Udalakaz batera abiautako alkarrizketa eta parte hartze prozesu batean oinarritutako” proiektua aurkezteko, Bizkaibuseko langileen lan baldintzen inguruan eta herrietan eskini beharreko zerbitzuaren gainean adostasun zabala lortzeko. Une honetan, kontratazino mahaia, lurraldea banatu dan bost guneetakoren bat lortzeko aurkeztu diran 17 eskaintzak aztertzen ari da. Proposamena ez da onartu, aldeko 5 boto (Bildu eta PSE), kontrako 6 boto (EAJ-PNV) eta abstentzino 2 (PP) jaso ditualako.

EAJ-PNV taldearen eretxiz “legezko errazoiak” dagoz Bizkaibuseko zerbitzuaren berrantolaketa prozesua ez geratzeko, eta ezeztu egin dau prozesu horretan partaidetzarik egon ez danik. Prozesu “luzean”, udalek, alkarteek, batzarretako taldeek, erakundeek, enpresek… denporea euki dabe iradokizunak edo alegazinoak aurkezteko. Jon Larrea batzordekide jeltzaleak ehun baino gehiago aurkeztu dirala esan dau. Horreetako “asko” baldintzen pleguan sartu dirala adierazo dau.

Gai horregaz erlazionauta, oposizinoko taldeak bat etorri dira prozedurea hasieratik “txarto planteauta” egon dala azpimarratzean, partaidetzea itota egoalako eta, azkenean, oso alegazino gitxi onartu diralako. Horrek “arazoak eta gatazkak” eragin ditu langileakaz. PSE eta Bildu taldeak eztabaidea barriro zabaltzearen alde agertu dira, “danon” parte hartzeagaz.

Eztabaidarako eta alegazinoak aurkezteko denporea faltau izan dala onartu arren, PP taldeak bozketan abstenitzea erabagi dau, eta hori erabagigarria izan da EH Bildu taldeak aurkeztutako proposamenak aurrera ez egiteko. Popularren ustez, une honetan prozesua geratu ezkero, arriskuan jarriko litzatekez lanpostuak eta garraio publiko zerbitzua, eta gehiago oraindino kontuan izaten bada “langileakaz akordioa lortu dala dagoaneko”, esan dau Jesús Isasik.