Aurreko Albisteak

EH Bildu Taldeak proposatzen dau Aldundiak diruizen-dapena murriztea Interbiak soziedadeari, eta bestetik, Bizkaibus zerbitzuaren lizitazinoa bertan behera itxi dagiala

Peaje VSM

Bilbon, 2013ko urriaren 10ean

Batzar Nagusietako Herri Lan eta Garraioetako Batzordea bariku honetan batuko da Bilbon EH Bildu Taldeak aurkeztutako hiru Arauz Besteko Proposamen eztabaidatzeko. Eurotako baten, talde abertzaleak eskatu gura deutso Aldundiari Interbiak soziedadeari egiten deutsan ekarpena gitxitu dagiala. Soziedade horrek dauka Bizkaiko errepideak egiteko eta kudeatzeko ardurea, esaterako Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidearen edo A-8 autopistearen Bizkaiko zatiaren ardurea, eta Aldundiari eskatzen deutsie “alternatiba ezberdinak planteatuko dituen txosten ekonomiko-finantziarioa egin dezala 2 hilabeteko epean”.

Batzarkide-Talde horren ustez, Interbiak soziedadeak “Bizkaian erakunde publiko batek pairatzen duen zor kopururik altuena du, 940 milioi euro baino gehiagorekin”, eta zor horrek gora egingo dau etorkizunean batez be “Supersurra” oso gitxi erabilten dalako eta, beraz, bide-sariakaz lortutakoa oso urria dalako. EH Bilduk uste dau ezinbestekoa dala “Interbiaken autosufizientzia ekonomikoa bermatzeko zein herrialde barnean ematen diren diskriminazio egoerei aurre egiteko, tarifikazio potitika orekatu berria ezartzea Bizkaian”, Gipuzkoan egin danaren antzera.

Irailaren 13an aurkeztutako beste ekimen baten bidez, EH Bilduk eskatu egiten deutso Aldundiari “Bizkaibusen berrantolaketari begira aurkeztutako lizitazio prozedura eta pleguak alde batera utzi” (eskaintzak aurkezteko epea joandako astean amaitu zan), “eta gizarte eragile, langileen ordezkari, eragile politiko eta Udalekin batera abiatutako elkarrizketa eta parte hartze prozesu batean oinarritutako proiektua egin dezala, Bizkaibuseko langileen lan baldintzen inguruan eta herrietan eskaini beharreko zerbitzuaren gainean adostasun zabala lortzeko”. Lizitazinorako 5 eremutan banatu da zerbitzua, eta une honetan kontratazino mahaia aztertzen ari da aurkeztu diran 17 eskaintzak.

Beste alde batetik, Talde abertzaleak eskatu egin gura deutso Aldundiari jo dagiala Eusko Jaurlaritzara eta eskatu deiola Segurtasun Sailari martxan jarri dagizala informazinorako panelak, hain zuzen be trafikoaren inguruko informazinoa emon ahal izateko A-8 autopistan, eta gertakariren bat egon ezkero aukerako bideak eskaintzeko. Batzordearen batzar berean, Alderdi Popularrak galdetu egingo deutso Aldundiari zertan dan Bizkaiko Errepideetako Neguko Segurtasun Plana.