Aurreko Albisteak

Gernikako Arbola eta Batzarretxea, ONCE erakundeak kupoietarako aukeratutako irudien artean

Bilbon, 2013ko urriaren 9an

ONCE erakundeak “lo mejor de nuestra tierra” izeneko serie bat atara dau, Euskadiko lau irudi adierazgarriz osatutakoa, urriaren 21etik 24ra bitarteko zozketetarako erabiliko diran kupoietarako. Guztira 22 milioi boleto izango dira Euskadiko irudiekin, Estadu guztian salduko diranak, eta euron artean Gernikako Arbolaren eta Batzarretxearen irudiak dagoz.

Ana Madariaga Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak “ilusinoz” eskertu deutso ONCEri Gernikako Arbolea eta Batzarretxea aukeratu izana Euskadiko leku adierazgarrien artean. Madariaga andreak gogotara ekarri dau Estadutik, Europatik eta mundu osotik etorritako milaka lagunen bisita hartzen dauela “askatasunen ikurra” dan Gernikako Batzarretxeak. “ONCEren ekimen horri esker oraindino be ezagunagoak izango gara milioika pertsonarentzat” ganeratu dau eta bultzadea emon deutso ONCEri gaigabeziadunen alde “Ilusino osoz” egiten dauen lan eskerga horri ekin eta jarraitu deion.

Basilio San Gabriel ONCEren Euskadiko Lurralde Ordezkariak egin dau serie horren aurkezpena, eta eskerrak emon deutsez euskal erakundeei eskainitako laguntzagaitik. Bilbon egin dan aurkezpen horretan Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismoko Sailburuordea, Itziar Epalza, Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakaria, Ana Madariaga, eta Bilboko Udaleko Berdintasunerako zinegotzia, Oihane Agirregoitia, izan dira.

San Gabrielek urteurrenaren garrantzia be aitatu dau, gogoratuta ONCE erakundeak 75. urteurrena egiten dauela aurten, eta ONCE Fundazinoak 25. urteurrena. Horrezaz ganera, hurrengoa be esan dau “nahiz eta krisi egoerea latza izan, mantendu egiten dogu ONCEk gizarteagaz daukan konpromisoa, are gehiago egoera larrienean dagozan gizataldeakaz, eta azpimarratu egiten dogu Euskadiko kulturearen balorea Estadu mailan ezagutuerazoteko”. “Betiko lez, kaleko lanari be ekingo deutsagu, eta Euskadi irisgarriagoa lortzeari be” esan dau San Gabrielek.

Euskadiko irudiak daukiezan kupoiak datorren astean jarriko dira salgai. Oraingo honetan aukeratutako irudiak lau izan dira: Bilboko Zazpi Kaleak, bakailoa pil-pilean, Gernikako Batzarretxea eta Gernikako Arbola eta traineruak. Salgai jarriko dira ONCEk dituan 21.000 agenteen bitartez eta webgunearen bitartez (www.juegosonce.com).