Bizkaiak gatx ikusten dau balio katastral barriak eguneratuta egotea legealdia bukatu aurretik

Balio katastral barriek itxoin egin beharko dabe. Bizkaiko batzarretako taldeak, udalerrietako Ondasun Higiezinen Zerga (OHZ) ezarteko erabilten diran balio horreek eguneratzearen alde agertu dira gaur, Gerediagako Batzar Etxean ospatutako osoko bilkuran. Dana dala, uste dabe gaur egun udaletan garatzen diran ponentzien erritmoa ikusita, balioen eguneraketea ez dala bukatuko agintaldi hau amaitu aurretik. Ondorio hori atera da Batzarretako EH Bildu taldeak aurkeztu dauen mozino baten eztabaidan. Bertan, koalizino abertzaleak, katastroaren eguneraketea 2015. urteko urtarrilerako indarrean egotea eskatzen eban. Bildu taldearen proposamena baztertu egin da, Euzko Abertzaleak (EAJ-PNV) eta Socialistas Vascos (PSE-EE) taldeen kontrako botoagaz eta Bizkaiko Talde Popularraren (PP) abstentzinoagaz. Bildu izan da Batzar Nagusiek Aldundiari epe bat itxi daian eskatzearen alde agertu dan talde bakarra, Bizkaia dalako “bere katastroa eguneratu ez dauen lurralde bakarra”.
EAJ-PNV eta PSE-EE bat etorri dira EH Bilduren eskaerea betetea oso “gatxa” dala esatean, administrazinoek prozesu konplexua daukielako aurrean. “Ez da erraza eta ezin daiteke edozelan egin”, onartu dau Mikel Torres PSE-EEko batzordekide eta Portugaleteko alkateak. Amaitzeko, Mikel Torresek, epe hori betetea “ezinezkoa dala” aitortu dau. Jeltzaleek eta sozialistek udalei “beharrean ixteko” eta epeak malgutzeko eskatu dabe, asko diralako balioen ponentziak amaitzeko Aldundiari denpora gehiago eskatu deutsien udalerriak. Ganera, uste dabe horreetako askok ez daukiela holango behar “gogorrari” aurre egin ahal izateko beharrezkoa dan “gaitasun teknikoa”.
Ildo berari jarraituz, Aizbea Atelak (EAJ-PNV) adierazo dau, epe hori bete ahal izateko Batzar Nagusiak izan beharko litzatekezala balioak finkatzearen arduradunak, eta bere eretxiz hori ez da aukera hoberena. Gurago dabe lehenengo “udalei berba egiten ixtea”. Kontuan izan behar da prozesu hori ez dala “ohiko eguneratzea”, benetako “salto koalitatiboa” baino. Hasieran, eguneratzea aurton prest egongo zala aurreikusten zan, baina hori ezinezkoa izan da.
Halanda be, PP-k uste dau atzerapen horren zergaitia, udal batzuk prozesua geratu gura dabela dala, euren eretxiz eguneratzeak udal zergen igoera “itzela” eragingo dauelako. “Benetako katastrazoa izango da”, adierazo dau Eduardo Andradek, talde horretako batzordekideak. Egoera horrek “bildur eszenikoa” eragin dau udalen artean. Talde horrek uste dau, ganera, ez dala beharrezkoa eguneratzea “danok batera” egitea, foru araudiak zelanbaiteko malgutasunerako aukerea emoten dauelako, eguneratzea indarrean sartzeari jagokonez.
EH Bilduk, bere aldetik, bere mozinoaren bitartez, katastroaren ponentziak eta balio barriak arindu gura izan ditu, Aldundiak aginduta, “berandu jota” 2015eko urtarrilean indarrean egon daitezan. “Eta beti udalerri guztiakaz izan beharreko alkarlana bultzatuz”, argitu dau Andoni Gezuragak. Bilduko ordezkariak “eraginkortasun” handiagoa eskatu deutso Aldundiari, prozesua gehiago ez luzatzeko, gaur egungo katastro balioak “1968koak diralako”.
SAN MAMES BARRIKO LAN EGOEREA
Durangaldeko Legebiltzarra izan zan Gerediagako Batzar Etxean ospatu dan saiora eskualdeko hainbat alkate gerturatu dira, Rolando Isoind (Berriz), Ana Otadui (Elorrio), Gonzalo Sarrigoitia (Garai), Iñaki Totorikaguena (Iurreta) eta baita Oskar Zarrabeitia, Durangaldeko Mankomunitateko Presidentea be. Hasteko, EH Bilduk aurkeztutako mozinoa baztertu egin da. Mozino horretan, San Mames Barriko lanetan parte hartzen daben enpresei eraikuntza arloko Bizkaiko hitzarmena betetea agintzeko eskaerea egiten jakon Aldundiari. Talde horrek adierazo dauenez, lan horretan beharrean dagozan beharginek “10, 11 eta 12 orduko jardunaldiak egiten dabez, astean 6 eta 7 egunez, eta euren soldata, hitzarmenak agintzen dauena baino %50 txikiagoa da”. Azkenean, EAJ-PNV-k kontrako botoa emon dau (22 boto); Bilduk eta PSE-EE taldek aldeko botoa emon dabe (16); eta PP abstenidu egin da (11).
EH Bilduren eretxiz, San Mames Barria eregiteko lanetan dagozan beharginek jasaten dituen lan baldintzak “onartuezinak”, “oso txarrak” eta “erdi esklabotzazkoak” dira. Hori dala eta, Aldundiari eskaerea egin deutso, beharginen hitzarmena beteten dala eta bete beharreko segurtasun neurriak beteten dirala zaindu daian. Asier Sanz taldeko ordezkariak, “Aldundiaren ardura nagusia ei danaren, enpleguaren, aurrean egunero arduratzen dala” erakusteko eskatu deutso Foru Aldundiari.
Modu berean, PSE-EE taldeak eskaerea egin deutso Aldundiari, diru publikoa zelan gastetan dan kontrolau daian. Alexia Castelo batzordekideak adierazo dauenez, administrazino publikoek Athletic taldearen zelai barria eregiteko egin daben esfortzu itzelak ez dau “kalidadezko enplegua sortzeko” balio izan. Bertan ikusten diran “lan baldintzen ez betete larriak, larregiko lan jardunaldiak, diru baltzean egindako ordainketak eta segurtasun neurrien faltak” salatu ditu. Hori dala eta, Foru Ogasunak, B-n egiten diran ordainketak ikertzearen alde agertu da, “Ogasunak bere esku dituan neurri guztiak erabiliz”, eta Lan Ikuskaritzak be bere beharra egin behar dauela adierazo dau.
EAJ-PNV-k esan dauenez, esandakoak egia badira, Eusko Jaurlaritzako Lan Ikuskaritzari jagoko kasuan “ofizioz sartzea”. Bere esku hartzean, Josu Arteta batzordekide jeltzaleak aurreratu dau Aldundia, obra publikoak egiten dituen enpresentzako “kontratazino jarraibide batzuk” prestetan dabilela, eta azpimarratu dauenez, jarraibide horreek, EH Bildu taldeak agintzen dauen Gipuzkoan gaur egun indarrean dagozanak “baino zorrotzagoak” izango dira. Halanda be, Bilduko ordezkariak deskribidutakoa “onartuezina” dala esan dau.
PP taldeari jagokonez, Athletic taldearen zelai barria eregiteko beharretan dabilzan enpresetan eraikuntza arloko Bizkaiko hitzarmena betetearen alde agertu da, baina taldeko kideek abstentzinoaren aldeko jarrerea erakutsi dabe, euren ustez egoerea ez dalako “esaten dan besteko larria”. Eduardo Andrade batzordekidearen ustez “arduratzeko modukoa da” Bizkaiko enpresa batzuek delituak egiten dituela esatea, eta bere eretxiz “larregikoa” da beharginek euren lana erdi-esklabo moduan egiten dabela adierazotea. Defendidu dauenez, laneko jardunbide okerrak salatu behar dituenak sindikatuak eta Lan Ikuskaritzea dira.
ZUGAZTIETAKO ESKULTUREN PARKEA
Beste alde batetik, osoko bilkureak beste mozino bat be atzera bota dau, honango hau PP-k aurkeztutakoa. Bertan, Aldundiari, Meatzalde Goikoa Kultur Alkarteari, Zugaztietako (Trapaga) foru lurretan eskultura parkea instaletako emondako baimenari bukaerea emoteko eskatzen jakon. Alderdi horren eretxiz, Aldundia izan behar da kultur proiektuaren bultzatzailea, bertako biztanleen eta gizarte, ingurumen eta kultur eragileen laguntzagaz eta partaidetzagaz. PSE-EE taldea bat etorri da ideia horregaz.
Arturo Aldecoaren (PP) ustez, eskulturen kudeaketagaz arduratzen dan alkartea, proiektu pribadua aurrera eroateko lur publikoak erabili dituan “txiringito” bat da. “Aldundiaren eskutik 75.000 euro jaso ebazan, argazkiak baino ez dituan txosten bat egiteagaitik”, salatu dau Arturo Aldecoak (PP), agiri hori eskuetan eukala. Emaitza “hutsa” da, esan dau.
EAJ-PNV taldearen eretxiz, Zugaztietan instalautako eskultura parkea, “izen handiko” euskal artisten ekimena, kultur eskaintza “aitzindaria” da Euskadin, eta lagungarria da Meatzaldea bizibarritzeko prozesuan. María Presa batzordekide jeltzaleak adierazo dauenez, soziedade horrek, Aldundiak, ekimena martxan jarri zanean, hauteman zituan hasierako akatsak konpondu ditu, eta ez dau “ezelango” foru agindurik bete barik itxi arte konplexua instaletako orduan.
EH Bilduk, uritarren eretxia “modu eraginkorrean” eskatu behar dala defendidu dau, eta PP-ren ekimena “populismoa” dala esan dau. “PP taldeak ekimen publikoen aldeko apustua egitea eta uritarren partaidetzea eskatzea ulea hartzea iruditzen jaku”, esan dau Asier Sanzek.
BARRIKOBASORI ETA BILBOKO SARBIDEEI BURUZKO INTERPELAZINOAK
Interpelazinoen txandan, Unai Rementeriak, Presidentziako Diputatuak, PP-k egindako galderei erantzunez, ezeztatu egin dau Bizkaiko Foru Aldundiak, Barrikabaso (Barrika) inguruetan, epaitegiek emondako epaiaren arabera zoru babestua dan lekuan, Barrikako Udalari eregiteko baimena emotea “iradoki, aholkatu edo proponidu” deutsanik. Aldundiko arduradunak esan dauenez, eurak ez dira Udalera zuzendu, Txipio-Bai erakundeak eta udalerri horrek, gaur egun jentea bizi dan 14 txalek erastea saihesteko sinatu behar daben Hitzarmena ez bultzatzea eskatzeko.
Itziar Garamendik, Herri Lan eta Garraioetako Diputatuak, Bilboko sarbideak bukatzeko oraindino egin behar diran obrak azaldu ditu, Santo Domingoko bikoizketea edo Ekialdeko Saihesbidea, besteak beste. Diputatu andreak adierazo dauenez, lizitazino aurretik egin behar diran lanak egiten dabilz, baina ez dau lan horreek noz bukatuko diran zehaztu. Halanda be, Aldundiko arduradunak adierazo dauenez, bere departamentuko teknikariek dituen datuak ikusita, Bizkaiko uribururako sarbideak gai dira gaur egungo trafikoaren fluxuei aurre egiteko. Esan dauenez, Juan de Garaiko eta San Mameseko sarbide barria zabaltzean, sarbide horreek “dibertsifikau, sakabanatu, egin dira”. Azkeneko lau hilebeteetan, San Mameseko sarbide barria 5,7 milioi erabiltzailek erabili dabe, eta igazko lauhileko berean sarbidea 6,1 milioi erabiltzailek erabili eben, Garamendik emondako datuen arabera.
Batzarretan emondako beste erantzun batean, diputatuak adierazo dau bere ustez Euskadin ez dala beharrezkoa autopistetako ordainsariei buruzko politika komunak koordinetako lurralde arteko koordinazino mahaia sortzea, EH Bilduk proponiduten eban moduan.
ALDUNDIAREN BALIABIDEAK PATOLOGIA DUALAK DAUKIEZAN PERTSONENTZAT
PSE-EE taldeak egindako galdereari erantzunez, Pilar Ardanza Gizarte Ekintzako diputatuak adierazo dau Bizkaiak, patologia dual izan eta baliabiderik ez daukien pertsonei arretea eskainteko 49 plaza dituala. Aldundiak kasu horreetarako jarraitzen dauen jarduketarako protokoloak gehienez 7 eguneko epea ezarten dau kasu bat jakinarazoten danetik gaixoa ingresetan dan arte, eta jazoerak 72 ordu baino gitxiagotan jakinarazo behar dirala agintzen dau. Aldundiko arduradunak iragarri dauenez, Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak gizarte eta osasun arloko bulego birtuala zabaldu dabe, Osakidetzaren osasun laguntzea eta Aldundiaren gizarte babes berezia eskatzen daben kasu horreetarako informazinoa hobetzeko. Ardanzak zuzentzen dauen departamentuak dituan datuen arabera, Azkeneko 10 urteetan pertsona horreekaz 85 jazoera “arin” egon dira, eta jazoera “larri bakarra”. Jazoera larri hori, Caritaseko gizarte hezitzaile batek orain denpora gitxi Bilbon jasan dauen erasoa izan da.
ESPEDIENTEAK, ENPRESEN DESLEKUTZEAK DIRALA ETA
Enpresen deslekutzeak gertatu ezkero emondako laguntzak berreskuratzeari buruzko 7/2007 Foru Araua onartu zanetik Foru Aldundiak zabaldu dauen espediente kopuruari jagokonez, Imanol Pradalesek, Ekonomiaren Sustapenerako Diputatuak, 4 espediente zabaldu dirala jakinarazo dau, bat Rotarex enpresari eta beste hiru zehapen-dokumentu Incoesa enpresaren filialei. Azken horreei jagokenez, Aldundiko arduradunak zabaldutako espedienteak instrukzino prozesuan jarraitzen dauela baieztu dau, eta batzordean egin eban moduan, argi itxi dau, deslekutzea gertatu dala ikusten bada, Aldundiak aplikau beharreko administrazino zehapen guztiak aplikauko dituala, emondako laguntzak itzuli beharra (200.000 euro), jagokezan atzerapenezko interesak gehituta, eta enpresa horrek eta bere bazkideek hurrengo 8 urteetan Aldundiaren diru-laguntzarik jaso ezin izana.